Tubacexek esana zuen Ormuzko itsasarteko krisia arriskutsua zela enpresarentzat, eta arrisku horren ondorioak lantegietara iristen hasiak dira. Zuzendaritzak argudiatu duenez, eskariek behera egin dute, eta aldi baterako enplegu erregulazio bat ezarri nahi du Laudioko eta Amurrioko lantegietan (Araba) egoerari aurre egiteko. Oraindik ez du asmoen berri eman, baina sindikatuak bilera batera deitu ditu astearterako, eta orduan azalduko dizkie baldintzak.
Garai egonkorra da hau hodigintza enpresako lan harremanei dagokienez. Pandemia garaiko grebako giroak urrunekoa dirudi. Duela gutxi, enpresak eta langile batzordeak bost urterako lan hitzarmena sinatu dute, eta ikusi beharko da elkar ulertzeko giro horrek irauten duen astearteko bileran. Ondo bidean, Arabako lantegietako 600 langileei eragingo die neurriak, eta ikusteko dago noiz sartuko den indarrean eta zenbat iraungo duen.
600Tubacexek zenbat langile dituen Araban Hodigintza enpresak Laudion eta Amurrion ditu lantegi nagusiak: TTI eta Aceralava, hurrenez hurren. Biak elkartuta, 600 langile inguru ditu, eta guztiei eragingo die aldi baterako erregulazioak. Bost urterako lan hitzarmena sinatu berri dute.Â
Albistea ezin da ezustetzat jo. Tubacexek duela bi aste egin zuen akziodun batzarra, eta orduan ohartarazi zuen ez zuela baztertzen «behin-behineko malgutasun neurriren bat» hartzea. Harrrezkeroztik ez da aldaketa handirik egon Ekialde Hurbileko krisian, eta iragarpena errealitate bilakatu da.
Tubacexek dituen arazo handietako bat Abu Dhabiko faktoria hornitzeko arazoak dira. Araban ekoizten diren hodietako asko han moldatzen dituzte inguruko bazkideen beharretara egokitzeko. Hara iristeko, baina, hodi horiek Ormuzko itsasartea gurutzatu behar dute, eta bide hori itxita dago.
Enpresaren egoera, dena den, ona da, eta aldi baterako neurriekin aski beharko luke, bai behintzat krisia askorik luzatzen ez bada. Iaz 15,9 milioi euroren irabaziak izan zituen, eta 1.202 milioi euroko eskari zorroa du. Hori bai, aurtengo lehen hiruhilekoa gogorra izan da: 1,3 milioi euro irabazi zituen, iaz epe berean baino %84 gutxiago.