Tubacexek ez du baztertzen enplegua aldi baterako erregulatzea

Hala jakinarazi dio zuzendaritzak langile batzordeari atzo egindako bilera batean. Irango gerraren ondorioak aipatu dituzte arrazoitzat.

Tubacexeko langile bat beharrean, artxiboko irudi batean. BERRIA
Tubacexeko langile bat beharrean, artxiboko irudi batean. BERRIA
gotzon hermosilla
2026ko apirilaren 22a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lan hitzarmena berritzeko negoziazio betean ari dira Tubacexeko zuzendaritza eta langile batzordea. Atzo bilera izan zuten, eta han azaldu zen ezustekoa: enpresak langileei jakinarazi zien ez duela baztertzen enplegua aldi baterako erregulatzeko espediente bat ezartzea. Are gehiago: neurriaren inguruko xehetasunik eman ez zuen arren, zuzendaritzak iradoki zuen hasiak direla horretarako beharrezkoa den dokumentazioa prestatzen, zenbait albiste agentziak jakinarazi dutenez.

Zuzendaritzak Irango gerraren ondorioak aipatu zituen neurria justifikatzeko. Esan zuenez, egoera ez zen samurra AEBen muga zergen inguruko politika zela eta, baina are gehiago korapilatu da gerraren eta batez ere Ormuzko itsasartea igarotzeko zailtasunen ondorioz. Zuzendaritzaren esanetan, eskaria apaldu eta inbertsioak gutxitu dira horren eraginez; beraz, behin-behineko neurriak aztertzen ari omen dira, eta horietako bat izan daiteke enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea.

Bi aldeek urte eta erdi daramate lan hitzarmenaren inguruko negoziazioetan, eta soldatak ez dituzte igo 2021etik. Azken bileran enpresak proposamen bat helarazi zion enpresa batzordeari, eta hark ostiralera arteko epea du erantzuteko. Batzordeak uste du espedientearen inguruan adierazitakoa enpresaren amarru bat izan daitekeela negoziazioan presio egiteko: «Lehenago ere egin dituzte horrelakoak, gero gauzatu ez arren». Enpresak ez du iragarpena baieztatu nahi izan, baina nabarmendu du egoera «sektore osoari» eragiten ari zaiola eta irabaziak apaltzen ari direla.

«Gidoia betikoa da; lehenbizi beldurra, gero presioa, eta azkenean presa. Hau ez da ganorazko negoziazio prozesu bat, presazko akordio bat lortzeko presio operazio bat baizik»

LAB

LAB sindikatuak berretsi duenez, espedientea ezartzeko aukera zegoela iradoki zuen enpresak bileran. Sindikatuko kideek ere uste dute negoziazioan presio egiteko bide bat dela iragarpen hori: «Gidoia betikoa da; lehenbizi beldurra, gero presioa, eta azkenean presa. Hau ez da ganorazko negoziazio prozesu bat, presazko akordio bat lortzeko presio operazio bat baizik».

Tubacexek aste honetan emango du azken emaitza ekonomikoen berri. Iazkoa urte oparoa izan zen enpresarentzat: salmentak %6,3 apaldu ziren arren, 15,9 milioi euroren irabaziak izan zituen 2025ean. Laudion eta Amurrion ditu lantegi nagusiak (Araba), eta, hain zuzen ere, azken bolada honetan kezka iturri da Aiaraldean industria pairatzen ari den egoera; Tubos Reunidosen enplegu erregulazioa da horren adibiderik mikatzena, 242 langile kaleratu nahi baitituzte.

Baina badago alderik bi enpresen artean: Tubos Reunidos AEBetako merkatuaren menpe dago nabarmen, eta, zehazki, hango hidrokarburoen industriaren menpe; Tubacexek, aldiz, energia nuklearraren eta aeronautikaren alorreko bezeroak ere baditu, eta haren produkzioaren heren bat baino ez dago hidrokarburoen industriari lotuta.

«Ez da azkena izango»

Enpresak berria baieztatu ez duen arren, arduradun politikoak hasi dira horri buruzko iritziak plazaratzen. Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak esan du hedabideen bidez izan duela horren berri, eta iragarri du harremanetan jarriko dela enpresarekin, haren egoera benetan zer-nolakoa den jakiteko.

AEBetako presidente Donald Trumpi egotzi dizkio euskal enpresek pairatzen dituzten zailtasunak: «Haren ekintzek eragina dute mundu osoan, eta euskal industrian ondorioak ez dira berehalakoak izango, baina bai epe ertainekoak. Tubos Reunidos izan zen lehenengoetako bat, Tubacex dugu orain, eta, seguru asko, ez da azkena izango».

Radio Euskadik egindako elkarrizketa batean, Eusko Jaurlaritzaren eledun Maria Ubarretxenak esan du iragarritakoa ez dela «albiste ona», baina balioetsi egin ditu Jaurlaritzak nazioarteko egoera ekonomikoari erantzuteko hartutako neurriak: «Orain, Jaurlaritzari dagokio prest egotea, eta babes neurriak gertu edukitzea, badaezpada. Horren aldeko apustu irmoa egin dugu hasieratik, nazioartean ziurgabetasuna erabatekoa baita».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA