Oso prezio apalean hasi du eguneko saioa Tubos Reunidosen (TR) akzioak burtsan: 22 zentimo besterik ez. Eta are gutxiago balio du orain, enpresak hartzekodunen konkurtsora joko duen susmoak enpresatik alde egitera bultzatu dituelako zenbait inbertsiogile. Arratsaldearen hasieran, 15 zentimo eskas balio zituen akzioak, %32 gutxiago.
Amurrioko (Araba) hodi enpresak ez du baieztatu konkurtsora joko duenik, baina zurrumurruak nahikoa izan dira akzioaren hondoratzea eragiteko. EFE albiste agentziak zabaldu du zurrumurrua, enpresaren gertuko iturriak aipatuz, jakinarazi duenean TRk konkurtsoa prestatu dezala eskatu diola Uria Menendez abokatu bulegoari.
Erlazionatuta
Hartzekodunen konkurtsora joatea ez da harrigarria. Izan ere, kinka txarrean da Tubos Reunidos, Donald Trumpek jarritako muga zergek lehortu egin baitute haren merkatu nagusia, AEBetakoa. Iaz 118 milioi euro galdu zituen, eta, horren ondorioz, zorra 263 milioi euroraino iritsi da.
Kostuak jaiste aldera, lantaldea txikitu nahian dabil, baina bide horretan oztopoak jarri dizkiote sindikatuek. Joan den astean, 242 kontratu eteteko erregulazio espedientea auzitara eraman zuten ELA, LAB, ESK eta UGT sindikatuek, enpresak alde bakarrez jokatu zuelako espedientea negoziatu zuenean, haien arabera.Â
Hain zuzen ere, langileen ordezkariak Carlos Lopez de las Heras kontseiari ordezkariarekin bildu dira gaur, eta hark esan die oraindik ez dutela erabakirik hartu hartzekodunen konkurtsoari buruz. «Esan digute ez dakitela nork atera duen berria, eta artean ez dela ezer erabaki, eta hori administrazio kontseiluaren esku dagoela», esan diote langileen batzordeko iturriek Efe agentziari. Haien arabera, «konkurtsoa aurkeztuko balitz argi utziko luke langileek arrazoi zutela eta kaleratzeek eta altzairutegiaren itxierak ez zuketelako enpresaren egoera konpondu».