Tubos Reunidoseko 205 langilek «beren borondatez» utziko dute lanpostua, eta 80k behartuta

Hodigintza enpresak lan erregulazioa aurkeztu du, eta Amurrioko altzairutegiko jarduna etengo du. Sindikatuen artean ESK-k bakarrik berretsi du auzitara jotzeko aukera.

Tubos Reunidoseko Amurrioko enpresa batzordearen agerraldia. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Tubos Reunidoseko Amurrioko enpresa batzordearen agerraldia. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
arantxa elizegi egilegor
2026ko martxoaren 24a
08:57
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tubos Reunidoseko enpresa zuzendaritzak bart aurkeztu zuen enplegua erregulatzeko espedientea Lan Agintaritzan. 285 kaleratze jasotzen dira hartan hasiera batean egin asmo zituenak baino hamasei gutxiago hain zuzen. Amurrioko (Araba) lantegikoak dira kalean geratuko diren langileetatik 222, eta gainontzeko 63ak Trapagarangoak (Bizkaia). Era berean Amurrioko plantako altzairutegiaren jarduna behin-behinean eteteko asmoari eusten dio.

Tuboseko zuzendaritzaren dokumentuan jasotzen denez, 205 langilek «beren borondatez» utziko dute lanpostua —iragan astean esan zuen 301 kaleratzeak osatzeko adina boluntario bazeudela—. Horietaz gain, behin-behineko kontratua duten beste laurogei langile ere kalean geratuko lirateke. Azken horiei 33 egun ordainduko dizkiete lan egindako urte bakoitzeko. Behin-behineko kontratua duten langileak hilaren 31n kaleratuko dituzte; gainontzekoak, berriz, datorren asteartea eta 2027ko ekainaren 30a bitartean.

Sindikatuek ez dute zehaztu erregulazioa epaitegietara eramango duten ala ez. Bihar lan ikuskaritzarekin bilduko dira eta haren bertsioak pisu handia izango du erabakian. ESK izan da bere argi utzi duen duen bakarra, eta epaitegietara jotzeko asmoa berretsi du. Erabaki horrek egoera katramilatuko luke, besteak beste, enpresak esana duelako borondatezko kaleratzeen baldintzak mantentzeko ezinbesteko baldintza dela erregulazioa epaitegietara ez eramatea. ESK-k, baina, argi ikusten du hori dela enplegu horiek ez galtzeko gelditzen den aukera bakarra.  

Epaitegietara? Ikusteke

ESK-k, baina, ordezkari bakarra du hamahiruko mahai batean. ELAk eta LABek aurretik esana zuten enpresak lan erregulazioa aurkezten bazuen salatu egingo zutela, baina oraindik ez dute baieztatu. Bien oniritzia beharko litzateke salaketa langile batzordearen gehiengoan egiteko. ELAk goizean ez du egin adierazpenik —bost ordezkari ditu batzordean—, baina epaitegietara jotzearen aukera ez duela baztertu argitu dio Berriari.

NOR DA NOR LANGILE BATZORDEAN?

Tubos Reunidoseko plantetako langileek bat eginda negoziatu dute lan erregulazioa. Hamahiru kideko langile batzorde bakar bezala jokatu dute —Amurrioko zazpi ordezkari eta Trapagarango bost—, eta barruko sindikatu aritmetika garrantzitsua da erabakiak ulertzeko. ELAk bost kide ditu, Amurrioko hiru eta Trapagarango bi, azken horiek, baina, sindikatuaren diziplina hautsi zuten. UGTk hiru ditu, bat Trapagaranen eta bi Amurrion, azken bi horiek ere sindikatuaren diziplina hautsi zuten. LABek eta CCOOk bina dituzte, bana planta bakoitzean, eta ESK-k, bat, Amurrion. Orain erregulazioa auzitara eraman ala ez erabaki behar dute. Erabaki horren aldeko sindikatuek gehiengoa gehitu beharko lukete salaketak bidea egin dezan. ELAk, LABek eta ESK-k esana zuten auzitara joko zutela enpresak erregulazio espedientea aurkezten bazuen.

LABek ohar bidez eman du bere jarreraren berri, eta har ere ez du argitu zer egingo duen: «LAB enpresak hartutako erabakia juridikoki aztertzen ari da, eta ez du baztertzen langileen eskubideen defentsan jarduteko inolako biderik». Bere oharrean enpresaren bi erabaki estrategikoren kaltea nabarmendu du: altzairutegiaren itxiera eta logistikaren esternalizazioa, eta aipatu du kaleratzeetako 80 langileen borondatearen aurka egin direla.

UGT erregulazioari balizko helegite bat jartzea «aztertzen eta baloratzen» ari da, eta gogoratu du negoziazio epearen nondik norakoengatik eta enpresak emaniko argudioengatik ez zuela sinatu lan erregulazioa. Amurrioko plantan egun indarrean dagoen greba ere aipatu du UGTk, eta aurreratu langile batzordearen gehiengoak erabakitzen duena onartuko duela.

CCOOk ez du epaitegietara joateko asmorik, eta bere balorazioan zehaztu du ez dagoela grebaren aurka baina ezta alde ere, eta harekin jarraitu ala ez planta barruko bozketa baten bitartez erabaki beharko litzatekeela: «Egoera aldatu egin da, jendearen iritzia zein den jaso behar da»

EAJk erabakia txalotu du

Alderdi politikoei dagokienez, EAJk enpresaren erabakia txalotu du. Joseba Antxustegi alderdi jeltzaleak Eusko Legebiltzarrean duen bozeramailearen arabera, erregulazioa ona da enpresaren bideragarritasuna lortzeko bidean, eta borondatezko kaleratzea onartu duten langileek haien «aletxoa» jarri dutela norabide horretan. Nabarmendu du orain konpainiari berari, zordunei, erakundeei alderdiei eta SEPIri dagokiela ahalegina egitea. Azken horren arduran sakondu du, eta azaldu du harekin hitz egiten ari direla zorra murriztu dezan, baina bilera horiek diskrezioz eraman behar direla.

TUBOS REUNIDOS
Tubos Reunidosek Amurrioko plantan duen altzairutegia. Zuzendartzak haren jarduna eteteko asmoa duela salatu du langile batzordeak. TUBOS REUNIDOS

Pello Otxandiano bere homologoak hitz egin du EH Bilduren izenean, kritikatu du enpresaren egungo egoera «aspalditik» aurreikusi zitekeen zerbait zela, eta alde guztiei eskatu die balizko konponbideak azter ditzatela, «zailak izan daitezkeen arren». Gai horretan enpresaren zorra hartu du hizpide, erakunde pribatuekin eta publikoekin duena, eta murrizketa baten aukera aipatu du, industria plan bat garatu eta enplegurik gal ez dadin.  

Hilabete baino gehiago da enpresak lan erregulazioko espedientea aurkezteko asmoa iragarri zuela, eta zuzendaritza eta sindikatuak negoziatzen aritu dira tarte horretan. Akordiorik ez zuten lortu, ordea, eta enpresak kaleratzeei eustea erabaki zuen.

Enpresak 263 milioi euroko zorra du, eta aurten ere galerak espero ditu. Zuzendaritzaren arabera, langileen jarrerak zaildu egingo du zordun handiekin ados jartzea. Espainiako Industria Ministerioaren menpeko SEPI erakundea eta BBVA bankua dira bi handienak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA