Langileen babesik gabe, Tubos Reunidosek 301 kaleratzeak egingo ditu

Langile batzordeko kide bakar batek ere ez du sinatu enpresaren proposamena. Enpresak lan erregulazioari eusten badio, auzitara joko dute. Zuzendaritzak esan du akordio faltak zordunekin negoziatu ahal izatea zailduko duela.

Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2026ko martxoaren 13a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tubos Reunidoseko langileek ezetz esan diote kaleratzeak zuzendaritzarekin negoziatzeari. Hilabete baino gehiago da hodigintza enpresak Amurrioko (Araba) eta Trapagarango (Bizkaia) lantegietako 301 langile kaleratzeko asmoa plazaratu zuela, eta hori bideratzeko eskaintza bat egin zien langileei: kaleratze adostuak egin eta erretiro batzuk aurreratzeko. Langile batzordeko hamahiru kideetako bakar batek ere ez du sinatu. Egoera horretan, enpresako zuzendaritzak jakinarazi du «erregulazio espedientea indarrean jartzera behartuta» dagoela, eta, hortaz, langileak kaleratuko dituela. Enpresak ziurtatu du ezezko horrek zaildu egingo diola zordunekin akordioren bat lortzea.

Langile batzordearen erantzunak bidea itxiko dio enpresaren eskaintzari, eta, hurrengo egunotan beste tankera bateko akordio sozial bat egin ezean, ohiko lan erregulazioen prozedura hasiko da. Haren bitartez, kaleratuek legeak ezartzen dituen kalte ordainak jasoko dituzte —20 eguneko soldata lan egindako urte bakoitzeko, bi urteko soldataren mugarekin, kaleratze objektiboa bada, eta 33 egunekoa, bidegabeko kaleratzea bada—.

Agiri baten bidez, enpresak ziurtatu du langile askok emana zutela izena enpresak diseinaturiko ordainduriko kaleratze eta aurreraturiko erretiro eskaintzan, eta sindikatuei eskatu die lan erregulazioa baimen dezatela boluntarioki izena eman duten langileekin bakarrik.

Tubos Reunidoseko langileak
Tubos Reunidoseko langileak, Euskalduna jauregiaren kanpoko aldean. MIGUEL TOÑA / EFE

Langile batzordeko kide bakar batek ere ez du sinatu eskaintza, baina horrek ez du estaltzen azken egunetan barnean egon den zatiketa, bost negoziatzearen alde baitzeuden. Izan ere, azken astean ez da ezustekorik falta izan sindikatuen jarreretan. Batzordea hamahiru kidez osatua zegoen, Amurrioko zortzi (900 langile ditu) eta Trapagarango bost (300 langile), eta planta bakoitzeko ordezkariek oso ezberdin jokatu dute.

Negoziazio epearen hasieran, ELAko (bost ordezkari), LABeko (bi) eta ESK-ko (bat) ordezkariek esan zuten ez zituztela onartuko kaleratzeak. Hiru sindikatuen artean gehiengoa dute batzordean. UGTkoak (hiru ordezkari) eta CCOOkoak (bi), aldiz, kaleratzeen baldintzak negoziatzearen alde agertu ziren.

Hasierako aurreikuspenak, baina, hankaz gora gelditu dira azken bi egunetan. Trapagarango langileek bozketa egin zuten herenegun, eta %97k enpresaren eskaintza onartu zuten —%81ekoa izan zen parte hartzea—, eta, ondorioz, ELAk lantegi horretan dituen bi ordezkariek jarrera aldatu zuten, sindikatuko zuzendaritzaren iritziaren aurka. ELAk ohar bidez jakinarazi du bi delegatu horiek jada ez dutela sindikatua ordezkatzen.

Bide aldaketa horrekin, bazirudien enpresaren nahiak ez zuela oztoporik izango, baina atzo Amurrioko lantegiko UGTko langileek aldatu egin zuten hasierako jarrera, baina kontrako bidean, enpresaren eskaintza ez onartzea erabaki baitzuten. Horiek hala, zortzi ziren kaleratzeen aurkako ordezkariak eta bost aldekoak.

Tentsioa Bilbon

Lantegika gertatu den haustura ulertzeko, besteak beste enpresaren lan erregulazioak bakoitzean izango duen eraginari erreparatu behar zaio. Zuzendaritzak 274 langile kaleratu nahi ditu Amurrion, eta bertako altzairutegia itzali. Esan du itzalketa behin-behinekoa izango dela, baina sindikatuek argi dute ekoizpen hori ez dela berreskuratuko.

Trapagaranen, berriz, 27 kaleratze izango dira bakarrik. Enpresak, gainera, negoziazioetan aditzera eman du bere garaian Trapagarandik Amurriora lekualdatu zituzten langile batzuek aukera izango dutela lehengo lantegira itzultzeko.

TUBOS REUNIDOS
Tubos Reunidosek Amurrion duen altzairutegia. Hura ez ixtea da sindikatuek jarri duten baldintzetako bat. TUBOS REUNIDOS

Ingurumari horretan garatu da azken bilera, Bilboko Euskalduna jauregian. Kanpoan langileak egon dira bilduta, eta ozen egin dute protesta. Eguerdian, Bilboko Kale Nagusiraino mugitu dira, eta ia ordu erdiz oztopatu dute trafikoa Eusko Jaurlaritzak bertan duen bulegoaren aurrean. Inguruan Ertzaintzaren zenbait patruila egon arren, ez da istilurik egon. Behin protesta amaituta, langileak modu baketsuan itzuli dira Euskalduna parera.

Eta orain zer?

Tubos Reunidoseko gatazka beste fase batean sartuko da orain. Enpresak kaleratzeen makineria martxan jartzen badu, ikusi beharko da langileek nola erantzuten duten. Amurriokoek greba mugagabea hasiko dute igandean; Trapagarangoek, aldiz, ez dute halakorik esan. Enpresak iritziz aldatzen ez badu, sindikatuek lan erregulazioa salatuko dute —ELAk baieztatu du hala izango dela— eta epaileek ebatziko dute haren inguruan. Bere garaian Tubacexeko edo ITPko erregulazioek eginiko bide bera da, edo egun Glavistakoak egiten ari dena.

Aurrekari ugari daude, eta litekeena da EAEko Auzitegi Nagusiraino iristea auzia. Epaileek orduan ebatzi beharko dute lan erregulazioko kaleratzeak bidezkoak edo bidegabeak diren, edo kaleratzeak bertan behera gelditzen diren. Sindikatuek argi dute egun Tubos Reunidosek duen arazoa behin-behinekoa dela eta behin-behineko neurriekin erantzun behar zaiola.

Enpresaren ikuspegia, berriz, ezberdina da. Berretsi du lantaldea murriztea ezinbestekoa dela bideragarritasuna bermatzeko, eta adierazi du bere burua «behartua» ikusi duela kaleratzeak egitera. Gogoratu du 263 milioi euroko zorra duela, aurten ere galerak espero dituela, eta langileen jarrerak zaildu egingo duela zordun handiekin akordioren bat lortzea. Handienak bi dira: SEPI Espainiako Industria Ministerioaren menpeko erakundea eta BBVA bankua.

Langileen garaipena

Sindikatuen balorazioa ezberdina izan da, eta enpresari gogoratu diote negoziazio prozesuan eskaintza batzuk egin dizkiotela. Horiek bi marra gorri nagusi zituzten: lan erregulazioa kentzea eta Amurrioko altzairutegia ez itzaltzea. ELAk gogoratu du negoziazio epea hilaren 11n amaitu zela, eta gaurkoa epez kanpoko bilera bat zela. Aurrera begira, berriz, nabarmendu du Tubos Reunidosen etorkizuna ez dela langileak kaleratuta bermatzen, baizik eta «azken urteetako kudeaketa negargarria zuzenduko duen industria proiektu bat eginda».

LAB ere kritiko mintzatu da, eta nabarmendu du duintasunak irabazi duela «xantaiaren, mehatxuaren, beldurraren eta posibilismoaren aurrean». Salatu du enpresa bere bide orria inposatzen saiatu dela, benetako eztabaidarik gabe, eta horrenbestez ezin dela esan kaleratzeak saihetsezinak direla. Eusko Jaurlaritzak izandako rola ere gaitzetsi du: «Erakundeak ezin dira mugatu zailtasunak egiaztatzera edo oztopoak seinalatzera. Haien ardura da eskura dituzten baliabide guztiak martxan jartzea enplegua defendatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!