Upela ehun dolarretan egotea erreferentzia nagusia bihurtu da egun hauetan ekonomia globalaren sukarra neurtzeko, jakiteko ea eria hobera egiten ari den ala okerrera jo duen. Sukarra ez da jaitsi, ehun dolarreko upelak erakusten duenez, eta kezka ez da desagertu, ezin baita jakin zenbat luzatuko den Persiar golkoko gatazka; termometro berriari begira, ezin esan gaixoa egonkor dagoenik. Tenperatura hori apaltzeko, Ormuzko itsasarteko trafikoa handitu daiteke, eta hango petrolioa eta gasa munduratu. Bada, Turkiak eta Indiak Irango Gobernuaren baimena lortu dute haien ontzi batzuk handik igaro daitezen, eta beste herrialde batzuk Iranekin negoziatzen ari dira. Â
Petrolio eskasia arintzeko beste saio bat AEBetatik iritsi da. Gaur goizaldean, bezperako igoerak baretu nahian, Etxe Zuriak jakinarazi du herrialdeei behin-behinean utziko diela Errusiako petrolioa erosten —orain arte zigorpean egon da herrialde hori—. Hala, jaitsi egin da Brent upelaren prezioa, baina 102 dolarretatik ehunera soilik. Izan ere, dagoeneko petroliontzietan itsasoratu den erregaiari bakarrik kendu diote zigorra, eta Errusiak berak esan du ehun milioi upel dituela itsasoan.
Scott Bessent Altxorreko idazkariak zehaztu du AEBen neurriak «merkatua egonkortzeko» helburua duela eta apirilaren 11ra arte luzatuko dutela. Petrolioaren prezioan izandako igoera «aldi baterakoa» dela eta «gutxi iraungo» duela uste du Bessentek. «Luzera begira, onuragarria izango da gure nazioarentzat eta ekonomiarentzat». Hala ere, gerrak eta Ormuzko itsasarteko mehatxuak murriztutako eskaintzari Errusiako petrolioa behin-behinean gehitzea ez da nahikoa izan prezioa beheratzeko.
Eskaintza murritz hori handitzeko erreserba estrategikoetako upelek denbora behar dute oraindik; Saudi Arabiaren Itsaso Gorrirako pasabidearen eta Arabiar Emirerri Batuen oliobidearen emariak ere ez dira nahikoa. Gainera, zenbat eta luzeago dauden itxita golkoko herrialdeetako petrolio putzuak, orduan eta gehiago luzatuko da eskaintza nahikoa ekoizteko prozesua, prezioak nabarmen merkatzeko adinako eskaintza ekoiztea, alegia.Â
Petrolio eta erregai garestiak hainbat herrialdetako jarduera ekonomikoa baldintzatzen ari dira, batez ere Asiako herrialdeetakoa, gehienak Persiar golkoko petrolioaren mende baitaude.Â

Eta bitartean, erasoak, bonbardaketak eta hildakoak daude, eta haiek ere aldian-aldian eragina dute bakerako itxaropenetan eta upelaren salneurrian.
Iranen baimena Ormuztik igarotzeko
Ormuzko itsasartean, Irango itsasontziek petrolioa Txinako portuetara garraiatzen jarraitzen dute —Iranek ez die, noski, erasorik egiten—, eta, horiekin batera, gaur Turkiako bandera zuen ontzi bat ere igaro da, Iranen berariazko baimenarekin. Abdulkadir Uraloglu Turkiako Garraio ministroak eman du albistea: «[Turkiaren jabetzako] Hamabost ontzi geneuzkan han. Ontzi batek Irango portu bat erabili du, eta Irango agintarien baimena lortu dugu ontzia handik pasatu zedin».
Indiak ere lortu du itsasartetik igarotzeko baimena, gutxienez bi ontzirentzat. Haietako batek, dirudienez, eguerdian igaro du Ormuzko itsasartea, 40.000 tona metriko erregairekin, eta zazpi eguneko itsasaldia egin beharko du Indiaraino.
Turkia eta India ez dira, dirudienez, Ormuztik igarotzeko baimen bila Iranekin hitz egiten ari diren herrialde bakarrak. Financial Times-en arabera, Frantziak eta Italiak ere elkarrizketarako bideak zabaldu nahi izan dituzte Teheranekin, xede berbera lortzeko. Eta beste hedabide batzuetan aipatu da Pakistanek eta Txinak ere hitz egin dutela Irango agintariekin, Ormuz igarotzeko baimen eske.
Gero, Italiak gezurtatu egin du hori, eta adierazi ez dabilela Ormuz igarotzeko baimena lortzeko inolako negoziazio sekretutan. Zehaztu duenez, harreman diplomatikoak izan dira, «ekintza militarren apaltzea sustatzeko».

ONTZI SALDOA ITSASO GORRIRA
Azken bi egunetan 11 petroliontzi handi (supertanker) iritsi dira Yanbuko portura, Saudi Arabiaren Itsaso Gorriko kostaldera, Bloomberg-en arabera. Eta satelite bidezko irudiek erakusten dutenez, beste petroliontzi saldo bat dago hara bidean.
Izan ere, Ekialdetik Mendebalderako Hodia izenekoa Yanbura iristen da, Persiar golkotik gertu dauden petrolio hobi erraldoietatik abiatuta.Â
Pasabide hori erabili nahi du Saudi Arabiak bere petrolio ekoizpenaren zati bat bederen esportatzeko. Riahden arabera, laster bost milioi upel ontziratu nahiko lituzkete eguneko, baina ez dago argi noiz iritsiko diren kopuru horietara, ezta azpiegitura trafiko horri eusteko gai izango den ere. Orain, petroliobidearen emaria eguneko 2,7 milioi upelekoa da batez beste.