Zintzarrien eta txilibituen hotsa entzun da gaur Gasteizko erdigunean. Arabako nekazariek eta abeltzainek protesta zaratatsua egin dute eguerdian Eusko Legebiltzarraren eta Arabako Batzar Nagusien aurrean, UAGA sindikatuak deituta. Xingola beltz baten ondoan Pikutara goaz! irakur zitekeen pankarta batean, eta Ez gaituzte entzuten, baina entzungo gaituzte leloa bestean. Mezu biok ongi laburbiltzen dute lehen sektorea Araban zein «larri» dagoen.
Hain justu, egungo egoera «kritikoa» dela ohartarazi du Edurne Basterra UAGAko presidenteak. Maiatzetik lehorte larria pairatzen ari dira, eta ondorioak larreetan, lursailetan eta uztetan nabaritzen hasi dira. Abeltzainek ohikoa baino «bi edo hiru hilabete lehenago» jaitsi behar izan dute ganadua menditik, eta neguko bazka kontsumitzen hasiak dira.
Horregatik, azaldu dute laguntza zuzenak «orain» behar dituztela. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak lehortearen ondorioei aurre egiteko laguntzak iragarri baditu ere, UAGAk salatu du oraindik ez dakiela zenbatekoa izango den, ezta noiz iritsiko diren ere. «Oraindik ez digute ezer zehaztu», kexatu da Basterra. Duela hogei bat egun Pradalesekin bilera eskatu zuten sindikatuek, baina ez dute erantzunik jaso.
«Neurri estrukturalak behar dira sektoreak bizirik jarrai dezan»
EDURNE BASTERRAUAGA sindikatuko presidentea
Itxaronaldi horrek ondorio larriak izan ditzakeela ohartarazi du Basterrak, «animaliek egunero jaten eta edaten baitute». UAGAren arabera, abeltzainek negurako pentsua aurreratu behar izan dute, eta horrek ustiategien likidezia gero eta gehiago estutu du. Hala, ohartarazi du dirurik gabe geratuz gero ganadua sakrifikatzen hasi beharko dutela.
UAGAk beste hainbat arazo ere jarri ditu mahai gainean. Batetik, animalia basatien erasoak ugaritu egin direla salatu du, eta otsoaren, saiaren eta basurdearen kalteak aipatu ditu. Basterraren arabera, administrazioak onartutako kalte ordainen dekretuak hiru urte behar izan ditu iristeko, eta, haren ustez, dagoeneko ez ditu sektorearen behar ekonomikoak jasotzen. «Zaharkituta jaio da».

Arabako Errioxako mahastizaintzaren egoera ere kezka iturri dute. UAGAk salatu du ekoizpen kostuen azpitik ordaintzen ari direla mahatsa, eta azken urteetan galdu egin direla familia upategiak eta enpleguak. Aurtengo uzta kalitatez eta kantitatez ona izan arren, mahastizainek arazoak dituzte ordainketekin eta errentagarritasunarekin. Basterraren arabera, «neurri estrukturalak» behar dira sektoreak bizirik jarrai dezan.
Gasolioaren garestitzea ere nabarmendu du sindikatuak: otsailetik %45 igo da, eta traktore baten depositua betetzeak 400 euro inguru balio du. Ekoizpen kostuak gora doazen bitartean, nekazariek beren produktuak gero eta baldintza estuagoetan saldu behar dituzte, Basterrak salatu duenez, eta ohartarazi du egoera luzatuz gero balitekeela nekazariek ereiteari uko egitea: «Elikadura krisi baten atarian gaude».
Ikusi gehiago
Horretarako, lehen sektoreko langileei jardunean jarraitzeko baldintzak bermatzeko eskatu du. Izan ere, lehen sektorea elikadura katearen «lehen katebegia» dela gogorarazi du, eta administrazioei eskatu die politika publikoak sektorearen errealitatetik abiatuta diseinatzeko.
«Lurra oso gogorra dago»
Protestara batu diren nekazarien eta abeltzainen artean ere kezka da nagusi. Asier Fernandez de Jauregi Sabandoko nekazariak kontatu du ez dagoela larre nahikorik eta «lurra oso gogorra» dagoela. Sonia Martinez Mandaitako abeltzainak ere kezkaz ikusten du egoera, lehortea, prezio baxuak eta ekoizpen kostuen igoera «ekaitz perfektu bat» pizteko baldintzak direlako.
Bereziki lehortearen ondorioekin agertu dute kezka biek ala biek. Martinezek azaldu duenez, ureztatutako labore batzuek ere ez dute behar bezala ematen, beroaren ondorioz. Patata, babarruna eta erremolatxa aipatu ditu, eta ekoizpenetan %30-40tik gorako galerak izan direla adierazi.
Haien ustez, unean uneko laguntzekin ez da arazoa konponduko. Epe luzeko estrategia bat eskatu dute, sektoreak etorkizunean zer izan behar duen zehazteko eta horren araberako politikak antolatzeko. «Laguntza batek une jakin batean atera zaitzake zulotik, baina ez ditu galerak estaliko», ohartarazi du Fernandez de Jauregik.