Finantzak

Uste baino hobeto doa zerga bilketa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Urtarriletik uztailera, 10.080 milioi euro bildu dituzte ogasunek, iaz baino %7,3 gehiago. Nafarroan, ekainera arte, %21 handitu da bilketa.

Pedro Azpiazu eta Ramiro Gonzalez elkar agurtzen, iazko urriko FInantzen Euskal Kontseiluan. RAUL BOGAJO / FOKU
Iker Aranburu.
2023ko abuztuaren 14a
17:42
Entzun

Jarritako helburua betetzeko bidean dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunak. Hiruren artean, 10.080 milioi euro bildu dituzte zergetan urteko lehen zazpi hilabeteetan, iaz epe horretan baino %7,3 gehiago (+687 milioi). Urte osoan 18.073 milioi euro jasoko zituztela kalkulatu zuten iazko urriko Finantzen Euskal Kontseiluan, hau da, 2022an baino %5,5 gehiago.

Gainera, esperotakoaren eta benetan bildutakoaren aldea handitzen ari da, ekainean %6 ari baitzen igotzen zerga bilketa. Hilabete bakar batean, baina, beste zerbait aldatu da: orduan Araba zihoan ongien bilketan (%14,7), baina uztailean %5,5era apaldu da hazkundea lurralde horretan. Gipuzkoan ere okerrera egin du bilketaren hazkundeak —%6,2tik %2,3ra—, baina bien emaitza eskasagoak aise gainditu du Bizkaiaren hobekuntzak: %4,2 haztetik %10,2ra haztera igaro da.

Bizkaia da, alde handiz, hiru aldundien artean zergetan diru gehien biltzen duena —aurten jasotakoaren hamar eurotik sei han jaso dira—, eta ez da soilik lurralderik jendetsuena delako. Bizkaian batzen dira foru ogasunen sozietate zerga gehien ordaintzen duten enpresak —Iberdrola, Petronor eta Kutxabank, esaterako—, nahiz eta haietako gutxi gerturatzen diren sozietate zergaren tasa ofizialera —%24 enpresa handientzat, %20 txikientzat—.

Horrela, sozietate zergan hiru aldundiek aurten bildutako 876 milioi euroetatik, 723 milioi Bizkaiak jaso zituen. Araban ere %23,4 handitu da zerga horren ekarpena, baina Gipuzkoan txikitu egin da (-%5,6).

Iaz enpresa handi askok irabazi mardulak eskuratu arren, sozietate zergaren bidez egiten duten ekarpena bilketa osoaren %8,7 da. 2007an %20 izatera iritsi zen, baina orduz gero asko apaldu da haren ekarpena.

Errenta ongi, BEZa ez

Diru gehien ematen duen zerga pertsona fisikoen gaineko zerga da: 3.913 izan dira urtarriletik uztailera, iaz baino %8,4 gehiago eta aurtengo bilketa osoaren ia %39. Bilakaera ona izan du aurten zerga horrek, enplegua handitzen ari baita eta, horrekin batera, zerga ordaintzen duten langileen kopurua ere bai. Inflazio handiak ere zerikusia du, hari egokitzeko soldatak ere nabarmen ari baitira emendatzen: %4,06 ekainean indarrean zeuden lan hitzarmenen arabera, Lan Harremanen Kontseiluaren esanetan.

Bilakaera pattalagoa izan du bigarren zerga nagusiak, BEZak: %2,4 egin du behera aldundiek berek kudeatutako zergaren zatiak, inflazio handiak kontsumoan eragindako aldaketen ondorioz.

Nafarroan, ekainera arteko datuak daude, eta are hobeak dira: 2.143 milioi dira, iazko lehen erdialdean baino %21 gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.