Volkswagen, gerratik dator eta gerrara doa

Bakarrizketa

Volkswagenen lantegia, Osnabruecken. CHRISTOPHER NEUNDORF / EFE
Volkswagenen lantegia, Osnabruecken. CHRISTOPHER NEUNDORF / EFE
Iker Aranburu.
2026ko martxoaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Hara, azkenean Donald Trumpen presioak lortu du europar oilo busti horietako bat Iranen aurkako gerran sartzea. Bazen garaia!

Ez dakit sarkasmoa darabilzun ala azkenaldian ikusten dituzun bideo, nola esan, fatxa horiek garuna urtu ote dizuten, baina ez, VW Volkswagenek ez du gerraontzi bat eraikiko Ormuzko itsasartea askatzeko (eta hori bai, hori sarkasmoa da). Baina ez zabiltza hain urruti, ez.

Irani lagundu nahi dio, ala?

Ez, nolabait, kontrakoa egin nahi du. Financial Times-ek kaleratu duenez, Israelgo Rafael Advanced Defense Systemsi lagunduko dio misilak egiten. Zehazki, Israelen Iron Dome aire defentsaren estiloko misilak egin nahi ditu Rafaelek, Europako gobernuei saltzeko.

Autoen ordez, misilak?

Tira, Financial Times-en informazioa egia bada —eta VWek ez du gezurtatu—, misilentzako zenbait osagai egingo dituzte, hala nola misil horiek garraiatzen dituzten kamioi astunak, jaurtigailuak eta argindar sorgailuak. Misilen muntatze lana egiteko, berriz, beste lantegi bat eraiki nahi du Rafaelek, Alemanian bertan.

Zergatik VW?

Volkswagen berregituraketa betean da. Lan kostuak txikitzeko, 35.000 lanpostu kentzeko bidean da Alemanian, eta fabrikak sobran izango ditu. Horietako bat da Saxonia Behereko Osnabrueck-ekoa. Han datorren urtean amaitzekoa da autoen ekoizpena, eta beste negozio bat bilatzen ari dira fabrika itxi behar ez izateko. Financial Times-eko iturriek diote prozesu nahiko erraza eta merkea izango dela lantegia armak ekoizteko egokitzea, baina ikusteko dagoela langileek onartuko luketen beren zeregina aldatzea.

Eta zergatik Alemanian?

Batetik, Alemaniako industriak berak birmoldaketa bat behar du, autoak bereziki baina beste produktu batzuk ere esportaziorako merkatua galtzen ari baitira. Friedrich Merzen gobernuak aukera gisa ikusi du arma industria. Bestetik, Alemania da Europa osoan Israel gehien babesten duen herrialdea.    

Historiaren paradoxak...

Kasu honetan paradoxa are handiagoa da, VWek erregimen naziarekin loturak izan baitzituen sorreran. Kakalardo ospetsua 1938an aurkeztu zuen Adolf Hitlerrek berak, eta hark eman zion KdF-Wagen izena. Baina kontua da gerra hasi zenean VWek auto zibilen ekoizpena gutxitu eta haietan oinarritutako auto militarrak (Kuebelwagen) eta anfibioak (Schwimmwagen) egin zituela Wehrmachtentzat. 

Hau da, juduen aurkako holokaustoan eragile aktibo bat izan zen VW bera.

Zuzen-zuzenean agian ez, baina, Alemania naziari lagundu zion heinean, bai. Gainera, VWek beste zerbaitetan ere lagundu zuen: historiako lehen misiltzat jo daitekeena, V1 ospetsua, VWek berak egin zuen. Bueno, hobe esanda, kontzentrazio esparruetatik ateratako 15.000 presoek egin zituzten halako misilak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA