Alemaniako justiziak Volkswagen etxeko lau zuzendari ohi zigortu ditu, diesel autoen emisioetan iruzur egiteagatik. Brunswickeko Lurralde Auzitegiak erruduntzat jo ditu lau kideak, frogatutzat jo baitu dieselgate auzian parte hartu zutela. Haietako biri kartzela zigorra ezarri die, eta beste bik baldintzapean aske egon beharko dute.
Auzitegiak uste du goi kargudun horiek bazekitela VW etxeko diesel motorrak manipulatuta zeudela eta hainbat urtez milaka autoren isuriak ezkutatu zituztela. Horretarako legez kanpoko software bat garatu izana edo hura martxan jartzea eragotzi ez izana leporatu diete. Gailu hori gai zen autoen emisioak neurtzen ari zirela jakiteko eta neurketan eragiteko. Hala, autoek gas toxiko gutxiago isurtzen zituzten tarte horietan.
Horiek hala, Jens Hadler motorren garapeneko zuzendari ohiari ezarri diote zigorrik handiena: lau urte eta erdiko kartzela zigorra. Eta bi urte eta zazpi hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote Hanno Jeldeni, beste goi kargudun bati. Aldiz, baldintzapean aske egon beharko dute Heinz-Jakob Neusser VW taldeko zuzendaritza batzordeko kide ohiak eta beste goi kargudun batek. Urtebete pasako zigorra ezarri diete biei.
Fiskaltzak bi eta lau urte arteko kartzela zigorra eskatzen zuen lau akusatuentzat; defentsak, berriz, absoluzioa eskatzen zuen hiru kiderentzat, eta isuna laugarrenarentzat. Helegitea jartzeko aukera dute, edonola ere. VW taldeko presidentea ere, Martin Winterkorn, akusatuen artean zegoen hasieran, baina haren aurkako auzia banandu egin zuten, gaixo dagoelako. 78 urte ditu, eta haren aurkako auzibidea etenda dago. Ikusteko dago epaiketa egingo ote dioten.
Winterkornek dimisioa eman zuen kasua argitara atera zenean, eta adierazi zuen zuzendaritzako kideek ez zutela inoiz ezer jakin. Hori bera berretsi zuten gainerako goi kargudunek ere, eta haien azpitik zeuden langileei egotzi zieten isuriak ezkutatzeko motorrak manipulatu izana.
31 auzipetu oraindik
Dieselgate eskandaluaren berri 2015ean jakin zen, AEBetan egindako ikerketa baten ondorioz. Virginiako Unibertsitateko ikerlariak ohartu ziren VW autoen emisioen neurketan zerbait arraroa zegoela. Ikerlariek software ezezagun bat aurkitu zuten, autoen emisioak ezkutatzen zituena. Iruzurra salatu zuten, eta, horren ondorioz, AEBetako Ingurumen Babeserako Agentziak (EPA) autoen gas isuri errealak ezkutatzea egotzi zion Alemaniako autogileari.
EPAren arabera, 482.000 autotan instalatu zuten emisioak ezkutatzeko gailu hori, 2009tik 2015era. Nitrogeno oxidoen emisioak AEBetako araudiak baimendu baino berrogei aldiz handiagoak ziren Wolfsburgoko etxeko hainbat autotan, eta gailuak ezkutatu egin zuen hori urteetan. Gerora, Volkswagenek onartu zuen software hori 11 milioi autotan jarri zutela, eta mundu osoan saldu zirela. Talde osoko autoei eragin zien, gainera: Audi, Skoda eta Porsche markakoei, alegia.
Ikusi gehiago
Hain zuzen ere, Audi etxeko zuzendari nagusi ohi bat izan zen auziagatik zigortu zuten lehen goi karguduna. 21 urteko zigorra eta 1,1 milioi euroko isuna onartu zuen Rupert Stadlerrek, Municheko Lurralde Auzitegiko zigor salako epaileekin akordio bat eginda. Harekin batera beste goi kargudun batzuk ere zigortu zituzten gerora. Helegitea aurkeztu zuten denek, ordea, eta zer egin erabaki behar du Auzitegi Gorenak. Dena den, oraindik lau auzi penal daude zabalik, eta 31 auzipetu daude iruzurraren auzian parte hartzea leporatuta.
Izan ere, AEBetan bezala Europan ere iruzurrik egon ote zen jakin nahi izan zuen Berlinek, eta ikerketa abiatu zuen. Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak legez kanpokotzat jo zuen gailua 2020an. Eta urte berean, Alemaniako Auzitegi Gorenak ebatzi zuen manipulatuta zeuden VW etxeko autoen erabiltzaileek kalte ordaina jasotzeko eskubidea zutela. Bada, Wolfsburgoko etxeak 30.000 milioi eurotik gora ordaindu ditu jada kalte ordainengatik eta isunengatik.