Bilboko lan arloko epaitegiko 5. salak Vulcanizados Zuloaga (VZ) enpresa zigortu du aurtengo apirilean indarrean jarritako aldi baterako lan erregulazioarengatik. ELA sindikatuak jakinarazi duenez, epaileak erregulazioa indargabetu du, eta, ondorioz, egoitza Zaratamon (Bizkaia) duen enpresak behin-behinean etendako lan kontratu guztiak aktibatu beharko ditu. Halaber, langileei tarte horretan jaso gabeko soldatak ordaindu beharko dizkie.
Ebazpena harago doa, erregulazioa bidegabea dela ebazteaz gain, enpresak askatasun sindikala eta greba eskubideak urratu dituela uste baitu epaileak. Horrenbestez, enpresak 25.000 euro ordaindu beharko dizkio ELA sindikatuari «kalte moralarengatik». Epaileak uste du neurriak lotura zuzena duela langileek greba bertan behera uzteko sinatu zuten kontratuarekin.
Baina zer greba? Iragan martxoan bukatu zena. VZko langileek 615 eguneko greba egin zuten lan baldintza kaskarrak salatzeko. Espainiako Industria Kimikako lan hitzarmena aplikatzen zien enpresak, eta, hura hobetzeko negoziazioek fruiturik eman ez zutenez, greba hasi zuten 2020. urtean. Lanuzteak bertan behera uzteko akordioaren muina enpresa mailako hitzarmen berri bat izan zen, eta hura sinatu eta gutxira egin zuen aldi baterako erregulazioa enpresak. Besteak beste, horregatik iritzi dio epaileak harreman zuzena dagoela bi gertakarien artean.
Grebak iraun zuen bitartean, antzeko hainbat ebazpen egon ziren enpresaren aurka.