Berrogeita hamabost segundoan behin ibilgailu bat ateratzen da Nafarroako VWen muntatze katetik. Gaur ofizialki ID Cross modelo elektrikoa aurkeztu du enpresak, eta, horrenbestez, ongietorria egin dio garai berri bati. Michael Hobusch Nafarroako VWeko presidentearen hitzetan, «egokitzeko gaitasunari esker, etorkizunari aurre egiteko prest da Landabengo fabrika», eta 60 urteko ibilbidean «mugarri historikotzat» jo du lorpena.
Izan ere, lantokia ibilgailu elektrikoaren produkziora egokitzeko mila milioi eurotik gora inbertitu ditu Volkswagenek. Hala, gaur egun, segidan eta nahasirik, plataforma bakar batean ekoizten dituzte lau modeloak: bai konbustio motorreko bi modeloak —VW Taigo eta T Cross— eta bai bateria elektrikoko beste biak —Skoda Epiq eta VW ID Cross—. «Munduan oso fabrika gutxik egin dezakete hori», azpimarratu du Thomas Schaefer taldeko zuzendaritza batzordeko kideak eta VW markako kontseilari ordezkariak.
Aurkezpenean, nabarmendu du Volkswagen taldea fabrika eraldatzeko gai izan dela eta «bere burua berrasmatzeko». Miguel Angel Grijalba Landabengo ekoizpen zuzendariak azaldu duenez, plataforma berean lau modelo egitea apustu eta erronka zaila izan da, baina, malgutasun horri esker, lantegia gai da merkatuaren beharrei eta gorabeherei aurre egiteko. «Uneotan merkatuak nola erantzungo duen giltzarria da», zehaztu du.
350Zenbat automobil elektriko egiten diren orain. Auto elektrikoen salmenta apurka gorantz ari bada ere, gaur egun Landabenen 1.438 ibilgailu ekoizten dira, eta horietatik 350 dira elektrikoak. Irail hasietarik ari dira ID Cross modeloko automobilak egiten, eta, ofizialki gaur aurkeztu badute ere, asmoa da urtean halako bi ekoiztea.
Gaur Nafarroako Gobernuko ordezkariei eta komunikabideei aurkeztu diete ID Cross. VWeko goi agintarien artean izan dira Michael Hobusch, Thomas Schaefer, Andre Klab VWen Iberiar penintsulako ekoizpen arduraduna eta Alfredo Morales langile batzordeko presidentea. Nafarroako Gobernuaren ordezkari gisa, han izan dira Maria Txibite lehendakaria, Mikel Irujo Industria kontseilaria eta Carmen Maeztu Enplegu kontseilaria.
VWeko goi kargudunek goraipatu dute eraldaketa ez dela soilik ekonomiko eta produktiboa izan: «Pentsamoldea ere aldatu behar izan dugu», gaineratu du Schaeferrek. Langile guztiei eta «langile batzordearen gehiengoari» eskerrak eman dizkie akordioak egiteko gai izan direlako, UGT eta CCOO sindikatuei erreferentzia eginez.
«Egokitzeko gaitasunari esker, etorkizunari aurre egiteko prest da Landabengo fabrika»
MICHAEL HOBUSCH Nafarroako VWeko presidentea
Albiste ona garai zail batean eman du enpresak, VW taldeak Alemanian fabrikak ixteko eta milaka langile kaleratzeko asmoa iragarri baitu. Hori gogoan, Alfredo Moralesek (UGT) onartu du «etorkizuna zaila» izan daitekeela. CCOOko ordezkariaren prestasuna ere goraipatu du, eta batzordeko gainerako hiru sindikatuak zeharka kritikatu: «Nafarroako Volkswagenek fabrika gatazkatsua izateari utzi dio. Gaur egun, elkar ulertzen dugu, elkarrekin negoziatzen dugu eta ados jartzen gara, horrelako fabrika gara. Arazo bat sortzen denean, gai gara arazoari konponbide bat aurkitzeko».
Zailtasunak zailtasun, etorkizunean jarrera hori izateko asmoa promes egin du. «Bederen gu hemen gauden bitartean».
Eguneko protagonista
VWen krisiari egin zaion zeharkako erreferentzia bakarra izan da, gaurko aurkezpenean dena izan baitira irribarrea eta hitz arranditsuak. Ekitaldia amaituta, minutu bateko atzerako kontaketa hasi da, tentsio doinu baten pean, eta zerora iristean agertu da eguneko protagonista: ID Cross. Lantokian hamar urte inguru lanean daramatzaten bi langilek gidatu dute. Gero, selfie eta argazkien txanda heldu da.
Ezinbestean, guztien begirada bereganatu du. Aretoko argiteriaren ondorioz grisa zela bazirudien ere, berde nori kolorekoa da —alga mota bat da nori—. Kanpoaldean, galga argien erdian, VW markaren hizkiak argi gorriz nabarmendu dira. Barruan, gida kontroletako pantailak ordenagailu baten tankera du. Ez du abiadura kutxarik, automatikoa da, eta, hura egin duen langile baten arabera, gidatzea errazteko teknologia du: trafikoko ikurrak detektatzeko aplikazioa du, eta errei aldaketa bermatzeko laguntza sistema. «Ikusgarria da», laburbildu du.
«Gure erroetara itzuli nahi izan dugu, eta horixe da ID Cross modeloa, benetako VW ibilgailu bat»
THOMAS SCHAEFER VW markako kontseilari ordezkaria
Schaeferren hitzetan, duela lau urte VWen zuzendaritza batzordera iritsi zirenean, «erroetara itzultzeko» hautua egin zuten. «Jendeak ulertuko dituen eta harengan konfiantza izango duten automobilak egin nahi ditugu». Haren irudiko, ID Cross modeloak ikuspegi horri erantzuten dio. «Horixe da, benetako VW ibilgailu bat da: jendeak benetan behar duenaren arabera garatu da, haiek espero duten teknologia du, eta diseinu fidagarri, argi eta betierekoa du».
Andre Kleben irudiko, fabrikaren eraldaketa «industria mugarri bat» da baita Iberiar penintsulako egitura osoarentzat ere. Landabenen, Martorellen (Katalunia) eta Setubalen (Portugal) dituzten hiru fabrikek lau modelo elektriko aurkeztu dituzte aurten, eta «aurki» milioi bat auto ekoitziko dituzte hiru lantokietan. Taldearen barruan, «gero eta garrantzi handiagoa» hartu dute Iberiar penintsulako eskualdeek; haren hitzetan, «erabat lehiakorra eta malgua» baita.
Fabrika, barrutik
Txinako auto ekoizleak kontinentean lur hartzen ari dira, eta lehia bizia dago elektrikoen eta hibridoen esparrua nork bereganatuko. Ez da jakina oraindik merkatuak zer erritmo hartuko duen, ezta beharrak nolakoak izango diren ere, baina ondorengo urteetan giltzarri izan daiteke bezeroen eskarietara egokitzeko malgutasuna edukitzea. Gaurko ekitaldia baliagarria izan da malgutasun horren esanahia ulertzeko.
Miguel Angel Grijalbak azaldu die muntatze katearen funtzionamendua kazetariei. Auto batek zazpi ordu inguru behar izaten ditu guztiz muntatuta ateratzeko katetik. Ez dago ordena jakinik, baina lerro berean aldi berean eta nahasirik egiten dira ezaugarri erabat desberdineko ibilgailuak. Plataforma bakarra, bi marka —VW eta Skoda— eta lau modelo diferente. Hara hor malgutasuna.
Beste ezaugarri nagusia ekoizpen abiadura da. Eguerdia da, eta pantaila handi batek adierazten du goizeko txanda hasi denetik 289 auto egin direla. Beste 54,6 segundo igaro dira, Skoda Epiq elektriko batek lerroa utzi du, eta atzetik errekuntza motorreko Taigo Cross bat doa. Pantailako datua aldatu eta 290 agertu da. Horrela, etenik gabe, egunero hiru txandetan.

Grijalbaren esanetan, abiadura horrek eskatzen du ekoizpen lerroan guztiak ongi olioztatuta egon behar duela, akatsik egin gabe. Ibilgailuen zati ugari Nafarroako hornitzaile parkeak banatzen dizkie: bateria elektrikoak edo errekuntzako motorrentzako bateriak, ateak, bestelako egiturak... «Pieza ugariko osotasun bat ekoizten digute, baina guretzat haietako bakoitza osagai bakarra da». Muntatzearen zailtasun nagusietako bat da auto bakoitzak berea duela. «Guztia aurrez zehaztuta dago, eta automatikoki egiten da; langileak ez du aukeratu behar», azaldu du.
Beste zailtasunetako bat da muntatze katean batera egiten dituztela errekuntza motorreko ibilgailuak eta bateria elektrikoko modeloak. Bakoitzaren azpiko egitura oso diferentea da, baina, gaur egun, Landabengo langileak biak muntatzeko gai dira. «Urte eta erdi eman dugu entrenamendu gisa prototipo elektrikoak ekoizten jendea trebatu zedin».
Beste zertzelada bitxi bat azaldu du Grijalbak. Nafarroako VWek ekoitzitako auto guztiak Alemaniako VW markari saltzen dizkio. Hots, merkatuaren gorabeherek ez diote zuzenean eragiten errentagarritasunari. «Gu berez gara errentagarri; baina zenbat eta gehiago ekoitzi, orduan eta errentagarriagoak gara, eta enplegu gehiago eta aberastasun handiagoa sortzen dugu». Gaineratu duenez, VWi begira giltzarria da ekoizpen kostuak beheratzea, eta plataforma bakarraren sistemak, hain justu, hori egiteko modua eman die.