Etxera sartu eta atera gerturatzen den aurrena askotan ez da semea, alaba, bikotekidea edo guraso bat. Are gehiago, Euskal Herriko hainbat etxetan agurtzen duen lehenengoa ez da ezta gizakia ere, eta hitz egin beharrean zaunka edo marraka egiten du. Izan ere, Hego Euskal Herrian lau biztanleko txakur edo katu bat dago. Zehazki, Hego Euskal Herrian 840.177 maskota daudela esan dute INE Espainiako Estatistika Institutuaren azken datuek. Eta merkatuak badaki. Horiek horrela, maskoten inguruko sektore ekonomiko oso bat garatuz joan da azken urteetan.
Elikadurak, osasunak, zaintzak, jostailuek, aseguruek eta maskotei bideratutako teknologiek osatzen dute pet economy —maskoten ekonomia— esaten zaion merkatua. Handituz doa merkatu hori, atal batzuk besteak baino gehiago. ANFAAC Espainiako animalia konpainientzako elikagaien fabrikatzaileen elkartearen arabera, 2025ean gehien hazi zen segmentua katuena izan zen: %12,2 igo zen, 1.039 milioi euroraino, hain zuzen.
Are gehiago hazten jarraitzeko tartea dutela uste du Ricardo Herrerok. Barakaldo Vet Shopeko salmenta eta hedapen zuzendaria da, eta azpimarratu du Europarekin alderatuta zenbait milioi euroko tartea dagoela oraindik: «Biztanleko errentari eta animalia kopuruari erreparatuz gero, oraindik askoz hobeto zaindu ahal ditugu gure maskotak».
Bidea egiteko dagoen arren, sektorea azken urteetan asko aldatu dela nabarmendu du Herrerok. 2007an hasi zen maskoten merkatuak aztertzen, eta ia bi hamarkadaren ostean «sekulako» aldea nabaritu du: «Aldaketa soilik ez da kopuruan etorri: espezializazioan ere urrats erraldoia egin da». Azaldu duenez, lehen «kalitate txikiko jakiak edo soberakinak» ematen zitzaizkien txakurrei jateko; orain, ordea, bereziki haientzat prestatutako pentsuak erosten dira. «Duela 30 urte, ehun txakur ikusi ahal zenituen herri bazkariko soberakinak jaten; orain bik halakorik egiten badute, asko dira. Herritar horiek guztiak maskotentzako produktuak erosten hasi dira. Ehuneko erraldoia da».
Euskal Herrian dago europako pentsu enpresarik handiena
Euskal Herrian bada maskoten elikadurarekin lotutako industriarik. Horien artean nabarmenena Elmubas Petfood Group da. Azpeitian (Gipuzkoa) du egoitza, eta urtean 400.000 tona pentsu ekoizteko ahalmena du; horiek horrela, Europako handiena da bere sektorean. 120,6 milioi euroko fakturazioa izan zuen 2024an. Gehiena maskoten marka zuriko elikadura fabrikatzetik datorkio: Eroskiren, Carrefourren eta Alcamporen produktuak ekoizten ditu, besteak beste. Enpresaren balorazioa, gaur egun, 300 milioi euro ingurukoa da.
Beraz, maskoten ekonomia ez da soilik handitzen ari; kontsumo ohiturak ere aldatzen ari dira. Animaliek leku garrantzitsua hartu dute familiaren egituraketan. «Gero eta seme-alaba gutxiago ditugu, eta leku hori maskotek hartu dute. Maitasun hori haiei ematen diegu, familiako beste kide bat dira eta», esan du Herrerok, maskotekiko ohitura aldaketa horiek azaltze aldera.
Antzera mintzatu da Marta Larraz. «Supermerkatura sartu besterik ez da behar egoera berriaz jabetzeko: tomate frijituaren alboan txakurrentzako janari bereziak daude. Horrela, gehiago sartzen ditugu familian». Animaliekiko lotura estuago horrek aukera ematen dio sektoreari duela hamarkada batzuk ertzetan zeuden bestelako zerbitzu eta produktuak merkantilizatzeko. Eta hor kokatzen da Larraz bera. Maskotentzako arropak egiten dituen denda eta tailer bat ditu Bilbon, Baiu izenekoa, eta batez ere txakurrentzat egiten du lan. «Haientzat bereziki pentsatutako zerbait egiten dut, neurrira egindako arropa».
«Tomate frijituaren alboan txakurrentzako janari bereziak daude. Horrela, maskotak gehiago sartzen ditugu familian»
MARTA LARRAZ Baiu arropa dendaren sortzailea
Askotariko produktuak egiten ditu Larrazek, eta horien artean daude uhal ortopedikoak: «Badira behar berezi batzuk dituzten animaliak, eta merkatuan dauden aukerak ez dira bat etortzen haien gorputzarekin». Baina tailerrean gauza gehiago sortzen ditu Larrazek, hala nola uhal pertsonalizatuak, txakurrek ezkontzetan erabiltzeko jantziak eta araldirako kuleroak. «Bururatzen zaizun edozer egin dezaket», adierazi du sastreak.

Azpimarratu du azken hamarkadetan sektorean aldatu den bakarra eskaintza dela, ez beharra. «Orain jabeek badakite horrelako arropak erosi ahal dituztela. Lehen ez zegoen hainbeste aukerarik; hortaz, lotsa sentitu ahal zuten zerbait berezia eskatu behar zutenean». Eta ikusten zuen behar horretatik abiatu zuen bere jarduna Larrazek.
Hasieran, bere txakurrarentzako jantziak eta parkean ezagutzen zituen beste jabeek eskatutakoak egiten zituen soilik. Baina, horretarako merkatua zegoela ikusirik, jardun osoz maskotentzako arropak egiteari ekin zion. «Nire bi grinak bateratzeko aukera paregabea iruditu zitzaidan: joskintza eta txakurrak».
Ikerketa eta zaintza
Janaria eta arropa ez dira maskoten merkatuan hazi diren sektore bakarrak. Albaitaritzak ere urrats handia egin du azken hamarkadetan. Hego Euskal Herrian guztira 1.616 albaitari dira kolegioko kide, OCV Espainiako albaitarien erakundeak iaz argitaratutako datuen arabera. Horiek denek, halere, ez dute zertan maskotei lotutako sendagileak izan, ez baitago maskota albaitariaren gisako sail berezirik.
Animalien osasunak, halere, ez ditu soilik albaitariak barne hartzen, eta bereziki beste eremu horietan egin dela aurrera adierazi du Laudioko (Araba) Albaitaritza Zentroko albaitari Jose Miguel Pelazek. «Lehen ezinezkoa zen analisi kliniko bat edo ekografia bat egitea. Eta diagnostikora bideratutako teknologia asko ez zegoen garaturik; hortaz, bihotzarekin lotutako gaixotasun asko ezin ziren tratatu», azaldu du.
Nabarmendu duenez, duela bi hamarkada ez zeuden hainbeste baliabide, eta, egotekotan, «prezioa jasanezina zen familia gehienentzat». Ikerketak, ostera, prezio horiek apaltzea eragin du, eta aukera gehiago eman dizkie albaitariei. Geriatria da, Pelazen aburuz, azken urteetan gehien garatu den alderdia. «Katuekin du harremana horrek, gero eta katu gehiago baititugu, eta txakurrak baino luzeago bizi baitira. Lehen ez genien horrelako gaixotasunei erreparatzen; baina orain tratamenduak daude hipertiroidismoarentzat eta giltzurrunetako gutxiegitasunarentzat, besteak beste».
«Konturatu gara jabeek beren buruan baino diru gehiago gastatzen dutela maskotetan»
RICARDO HERRERO Barakaldo Vet Shopeko salmenta zuzendaria
Euskal Herrian bada maskotei loturiko ikerketa farmakologikoan murgildu denik ere. Nafarroako 3P Biopharmaceuticals enpresak, esaterako, txakurren leishmaniasiaren aurkako txerto bat landu du. Gainera, ikerketa hori ez da soilik sendagaietara mugatzen.
Elikadura osagarriak maskoten merkatura ere sartu dira. Kreatina, proteina, zinka eta magnesioa osagarri moduan txakurrei eta katuei emateko produktuak garatu dituzte. Herrerok iritzi dio horiek saltokietara heldu direla «gizakiek maskotak beren burua bezala» zaindu nahi dituztelako. «Jaki naturalagoak, prozesaturik ez daudenak nahi ditugu guk; eta gure maskotei antzeko zerbait eskaini nahi diegu», esan du Barakaldo Vet Shopeko salmenta zuzendariak.
Praktikan, garapen horrek guztiak bestelako zaintza bat eskaintzea ekarri du, osasunari gehiago erreparatuta. Baina zenbateraino egin dezakete albaitariek gaixotasunen aurka orain? Pelazek argi du: diruaren arabera. Eta uste baino gehiago da hori. Herrero: «Konturatu gara jabeek beren buruan baino diru gehiago gastatzen dutela maskotetan».
Gehiegi?
Maskoten merkatuari kritikak ere egin izan dizkiote. Izan ere, bada sektorea puztu egin dutela iritzi dionik ere. Ildo horretatik, albaitaritzan inbertsio funtsak sartu direla salatu du Pelazek. Laudioko albaitariak adierazi duenez, zerbitzu «gehiegi» eskaintzen dituzte horiek mozkin handiagoak izateko: «Gaur egun diruak agintzen duenez, badira batzuk beharrezkoa dena baino gehiago eskaintzen dutenak. Guk oso argi dugu eskaintzen dugunak zentzu bat izan behar duela»
«Gaur egun diruak agintzen duenez, badira batzuk beharrezkoa dena baino gehiago eskaintzen dutenak»
JOSE MIGUEL PELAZ Albaitaria
Sektoreak izan duen igoera horren argibide da orain arte maskotei erreparatu ez dieten enpresak sektore horretan murgildu izana. Jarrera hori arropan ikusi du bereziki Larrazek. Sastreak azaldu duenez, duela gutxi arte denda espezializatuetan soilik eskuratu ahal ziren; orain, ostera, Pradan, Guccin, Inditexen eta halakoetan ere eskuratu daitezke: «Lidlek ere egiten ditu!». Argi du «beharrezkoak ez diren hainbat gauza» erosten direla gaur egun; halere, ulergarria egiten zaio: «Ez dira beharrezkoak, baina, lepokoa jarri behar behar badiozu, gizakiak gogoko badu, hobeto».
Horiek horrela, sektoreak gora egiten jarraituko duela uste du Herrerok. Hori bai, aldaketa nabarmen batekin: gero eta katu gehiago egongo dira, eta txakur gutxiago. «Gure bizimodua aldatzen ari da: goiz irteten gara etxetik, eta berandu itzultzen gara. Gainera, apartamentu txikiagoak ditugu, eta gehiago bidaiatzen dugu. Horregatik, gero eta katu gehiago ditugu, independenteagoak direlako».