Zerbitzuak sendo eta industria ahul, BPGa %1,6 haztea espero du Laboral Kutxak

Hego Euskal Herriko ekonomiaren aurtengo aurreikuspena hiru hamarren hobetu du abendutik. Zerbitzuen alorra indartsu dago, baina joera hori «amaitzen ari den zantzuak» daude

Ibon Urgoiti eta Joseba Madariaga Laboral Kutxaren iragarpenak aurkezten, atzo, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2023ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Sei hilabeteren buruan, aurtengo aurreikuspen ekonomikoak zertxobait hobetu ditu Laboral Kutxak. Abenduan, Hego Euskal Herriko ekonomiaren 2023ko koadro makroekonomikoa prestatzean, azaroaren hasiera arteko aldagaiak zituen esku artean. Haatik, ordutik energiaren kostuek behera egin izanak eta Txinak COVID-19ari aurre egiteko kontrol neurriak kentzeak koadroa hobetu dute. Hala, Hego Euskal Herriko ekonomia %1,6 haztea espero du Laboral Kutxak, abenduan egindako aurreikuspena baino hiru hamarren gorago. «Bereizi egin behar dira industria eta zerbitzu sektoreak. Industria ahulezia nabaritzen da; zerbitzuetan, aldiz, jarduera nabarmena da», azpimarratu zuen Ibon Urgoiti Laboral Kutxako Negozio Garapeneko arduradunak.

Atzo, Bilbon eta Iruñean, EAEko eta Nafarroako ekonomiaren iazko txostenak aurkeztu zituzten Urgoitiak eta Joseba Madariaga ikerketa bulegoko arduradunak. Ez zioten soilik iazkoari erreparatu, eta aurrera ere begiratu zuten. Sei hilabetean datuek hobera egin arren, «dena ez da argia», Madariagaren hitzetan. «Industrian,zalantzazkoa da egoera. Munduan, datuek ahulezia erakusten dute; Europan, are gehiago. Eta, egia esan, ez dakigu zergatik».

Madariagaren arabera, datuak onak dira. Batetik, lehengai energetikoek behera egin dute —gas naturalak %80, eta petrolioak %40 inguru—. Bestetik, enpresetan egindako galdeketek erakusten dute hornidura kateko arazoak jada ez direla hain nabarmenak, «banaketa epeak murrizten ari dira eta». Hala ere, zalantza da nagusi industrian.

Zerbitzuen sektorean, egoera guztiz bestelakoa da. Lan merkatua sendo izateak eta kontsumitzaileen goranzko joerak mesede egiten diote sektoreari. Dena den, joera on hori amaitzen ari den zantzuak ikusten ditu, batik bat diru politikaren ondorioz.

Azpiko inflazioa, arazo

Madariagak argi du Europako Banku Zentralak ez duela politikaren ildoa aldatuko inflazioa handia den bitartean. Berez, iazko uztailetik Hego Euskal Herriko KPIak nabarmen egin du behera, %11 ingurutik %3,5era, baina EBZ kezka nagusia azpiko inflazioa da, %6 inguruan baitago. «Erakutsi du uste baino iraunkorragoa dela, eta presio egiten ari zaie banku zentralei».

EBZk gaurdaino %4raino igo ditu interes tasak, baina goranzko bidea ez du amaitu: «Ekainaren 15eko bilkurak argi utzi du igoera gehiago etorriko direla». Hala, uztailean interes tasak berriro igoko direlakoan dago , eta «oso litekeena da» irailean ere hala egitea. «Zerbitzuen sektorea sendo eta euroaren eremuko langabezia tasa %6 inguruan izanda, aukera handia dago soldatak igotzeko, eta hori ez da bateragarria EBZk nahi duen [%2ko] inflazio tasarekin». Horregatik, Madariagaren ustez, «inflazioaren aurkako borroka ez da amaitu, zoritxarrez».

Apurka, ekonomian eragiten ari da. Apirileko datuen arabera, Finantza erakundeek enpresei eta familiei banatutako maileguen hazkundea moteltzen ari da. «EBZren maileguei buruzko azken inkestaren arabera, hala eskaintzaren nola eskariaren ondorioa da, eta espero liteke joera hori areagotzea aurreikusitako interes tasen ondorioz. Horregatik, zentzuzkoa da pentsatzea hirugarren hiruhilekotik aurrera diru politikak BPGan eragitea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.