Zerga bilketa oparoak ez du ezkutatu sozietate zergaren beherakada handia

Enplegu datu onei eta barne kontsumoari esker izan da bilketa ona, enpresen irabaziei ezartzen zaien zerga amildu egin baita. Agintariek ez dute ezkutatu kezka, eta enpresei laguntzeko garaia dela esan dute: «Inoiz baino gehiago behar gaituzte».

Jaurlaritzako, foru aldundietako eta Eudeleko ordezkariak, gaur, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
Jaurlaritzako, foru aldundietako eta Eudeleko ordezkariak, gaur, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
aitor biain
2026ko otsailaren 12a
21:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kontularitza eta zerga gaiek ez dute apeta handirik pizten sarritan, are gutxiago ostegun arratsalde batean. Datuak aldekoak izateak, ordea, zertxobait arindu ohi du horien ardura dutenen trantzea. Kontsolamendu horrekin elkartu da, hain justu ere, Finantzen Euskal Kontseilua gaur, Gasteizen, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako iazko zerga bilketaren kontuak ixteko. Bilera laburra izan da, lasaia eta garai bateko giro ozpinik gabea, ogasunek espero baino kopuru handiagoak jarri baitituzte mahai gainean. Izan ere, foru aldundiek inoiz baino gehiago bildu zuten iaz zergen bitartez: 20.324 milioi euro denera. Halere, oro ez da urre, enpresek mozkinengatik ordaintzen duten zergaren ekarpena amildu egin baita (-%17,3), azken urteetako apalena izateraino.

Agintariek ez dute ezkutatu kezka hori, baina adierazi dute jaitsiera hori ezohikoa izan dela, eta ez duela lotura zuzenik egoera ekonomikoarekin. Izan ere, sozietate zerga bai Araban, bai Bizkaian eta bai Gipuzkoan jaitsi den arren, arrazoiak desberdinak dira lurraldearen arabera. Bizkaian jaitsi da gehien: %25 egin du behera. Elixabete Etxanobe diputatu nagusiak aitortu du jaitsiera «oso handia» dela, baina azpimarratu ez datorrela bat enpresa gehientsuenen errealitatearekin. Haren hitzetan, enpresa handi batzuen likidazioak eragin du balantze negatibo hori, eta, ondo bidean, aurten ez luke berriro gertatu beharko.

Gipuzkoan ere %9 apaldu da enpresen irabazien gaineko zerga, baina Eider Mendoza ahaldun nagusiak zehaztu du BGAE borondatezko gizarte aurreikuspenerako erakundeen ezohiko itzulketen ondorio izan dela hori, batez ere. Mendozaren arabera, 100 milioi euroko eragin negatiboa izan dute itzulketek; halere, datorren urtean itzulketa eragina zertxobait txikiagoa izango delakoan dago. Edozein modutan, «zuhurtzia» eskatu du, nazioarteko egoera «nahasia» dela eta.

«Euskadik ez du erresistentzia gaitasuna soilik: irmo aurrera egiten duen herrialde bat gara»

NOEL D'ANJOU Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburua

Araban ere behera egin du sozietate zergaren bilketak: %7,5. «Datu adierazgarria da, eta ezin da ez ikusiarena egin», esan du Ramiro Gonzalezek. Haren arabera, Araba bereziki esportatzailea da, eta horrek eragin nabarmena du bertako enpresen jardunean. Autogintza sufritzen ari da, esaterako, eta bezero nagusiak, hau da, Frantzia eta Alemania ezinean aritzeak ez du laguntzen. Ameriketako Estatu Batuek ezarritako muga zergek ere kolpe handia eman diote sektoreari, Tubos Reunidosen egoerak agerian utzi duenez. Hori dela eta, adierazi du enpresei laguntzeko garaia dela: «Gure enpresek inoiz baino gehiago behar gaituzte».

Hain zuzen ere, enpresen irabaziei ezartzen zaien zerga da ekonomiaren egoerarekin loturarik handiena duena, eta, beraz, ez da harritzekoa jaitsiera hori noiz-eta motelaldi baten zantzuak gero eta agerikoak diren honetan gertatu izana. Beherakada handia da, 2010etik izan diren handienetan bigarrena. Ez alferrik, apaldu egin da zerga horrek bilketa osoan duen pisua: %7 baino ez da gaur egun. Halere, eta azken urteetan zertxobait handitu den arren, haren pisua Atzeraldi Handiaren aurreko urteetakoa baino askoz apalagoa da oraindik: 2.000 milioi eurotik gora biltzen ziren zerga horren bidez; egun, 1.400 milioi. Agintariek ez diote garrantzirik eman horri, eta nabarmendu dute zerga sistema tresna gisa ulertu behar dela. Azpimarratu dute egungo egoera ekonomikoan «enpresen ondoan» egoteak enplegua babestea dakarrela, eta, beraz, «herritarrak zaintzea».

«Irmo aurrera»

Nolanahi ere, erakundeetako ordezkariek lasaitasun mezua igorri dute, eta EAEko ehun ekonomikoan «konfiantza» dutela erakutsi. Izan ere, zerga bilketa oparoa izan da. Hiru aldundiek 2024an baino %11 gehiago bildu zuten zergen bitartez iaz. Dirutan, 2.015 milioi euro gehiago dira, eta urrian kalkulatu baino 232 milioi gehiago. Datu horiei ñabardura bat egin behar zaie, halere, iaz mutualistei egindako ekarpenek galgatu egin baitzuten bilketa. Aldagai hori kontuan hartu gabe, %3,5 ingurukoa izango litzateke igoera. Noel D’Anjou Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburuak ontzat jo du egoera: «Euskadik ez du erresistentzia gaitasuna soilik: irmo aurrera egiten duen herrialde bat gara».

Nagusiki, enplegu datu onen eta barne kontsumoa areagotzearen ondorioz handitu da bilketa. Errenta zergaren bidez %14,2 gehiago bildu da, eta BEZ zergaren bidez, %13,3 gehiago. Gora egin dute beste zerga batzuek ere: fabrikazioren gaineko zerga bereziak eta plastikozko ontziei ezarritakoak %9,1 egin du gora, eta %11,8 gehiago jaso da hidrokarburoaren gaineko zergaren bidez.

Bilketa hiru lurraldeetan handitu da: Araban, %11,5 egin du gora; Bizkaian, %11; eta, Gipuzkoan, %10,8. Hala, Espainiari ordaindu beharreko kupoa zenbatu ondoren, 13.770,7 milioi euro jasoko ditu Jaurlaritzak; aurrekontuetan aurreikusi baino 570 milioi gehiago, alegia. Ohi bezala, Bizkaiak jarriko du diru gehien (ia 7.000 milioi). Egokitzapenerako funtsetik 75 milioi jasoko ditu Gipuzkoak, eta 45 milioi Arabak.

EUDELEK ONTZAT JO DU tASA turisitkoa

Eudelek ontzat jo ditu zerga bilketaren emaitzak, eta nabarmendu du diru sarrerak handitzeari esker tokiko erakundeek baliabide gehiago izango dituztela «kalitatezko» zerbitzu publikoei eusteko. Alta, «tentuz» jokatzeko eta gastuetan «zorrotzak» izateko eskatu die udalei. Esther Apraiz Eudeleko presidenteak bere hitzaldia baliatu du tasa turistikoari ere aipamena egiteko, eta adierazi Batzar Nagusietan uda aurretik onartzea litzatekeela onena, udalek udalerrietara egokitu beharko baitute gero —izan ere, udalek bilduko dute tasa horren dirua—. Aldundiek aurreko astean aurkeztu zituzten tasa turistikoaren foru arauaren aurreproiektuak, eta Apraizek eskatu du lege bera izatea hiru lurraldeetarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA