Txina eta Europa lotzea, elkarren arteko trukeari bide ematea. Horra garai bateko Zetaren bidearen helburu eta ekarpenetako bat. Sei mende geroago, eta tartean beste hamaika merkataritza bide izan direla, Zetaren bide izotzetakoa deitu dio Sea Legend enpresak Ozeano Artikoan zehar emango duen zerbitzuari. Zetaren bidearen jomuga bera du, baina, zetaren ordez, produktu elektronikoak, janaria eta makinak garraiatuko dituzte, eta ez lurrez eta itsasoz, izotz artean baizik.
Ikusi gehiago
Txinako Sea Legend enpresa edukiontzien itsaso arteko garraioan aritzen da, eta, gaur hasi eta urrira arte, asteroko merkataritza zerbitzua emango du Ozeano Artikoan zehar, Zetaren bide izotzetakoan. 1.732 TEUko edukiera duen Dubai Tower itsasontzia Ningbotik (Txina) irtetekoa da gaur, Errusia iparraldeko kosta pasatuko du eta Felistowera (Ingalaterra) iritsiko da irailaren 6an, hogeita bat eguneko bidaia egin eta gero.
Ez da lehenengo aldia itsasontzi batek Artikoko ipar-mendebaldeko bidea gurutzatzen duena, 23 aldiz egin baitzuten ibilbide hori bera joan den udan, baina orain arte ez da merkataritza zerbitzu erregularrik egon. Lurraren iparraldeko merkataritza bide horretako trafikoa indarra hartzen ari den erakusgarri da hori.
Kontua da klima aldaketaren ondorioz ipar poloko izotza urtzen ari dela, eta, beraz, tokia egiten zaiela itsasontziei: hamarkada batetik hurrengora %12,5 gehiago urtzen ari da Artikoko izotza. Steven Guilbeault Kanadako Ingurumen ministro izandakoak esan duenez, «berotze globalak eragin izugarria du Artikoan». Horregatik, itsaso bidezko merkataritzan aritzeko modua ematen duen tarte batek gero eta luzaroago irauten du izoztu gabe udan; gaur-gaurkoz, hiru edo lau hilabetez.

Horrez gain, izotza apurtzeko moduko egitura duten itsasontziak ugaritzen ari dira: 164 eraikiko dituzte aurten, eta 167 egin zituzten iaz, azken hamar urteotako gehien.
Errusiaren baimenarekin
Argi dago Ozeano Artikoko itsasbidetik igarotzeko aukera gero eta handiagoa dela, baina zer interes dute enpresek bide tradizionalak baztertu eta hara jotzeko? Bada, denbora eta dirua aurrezten dute: Ningbotik Felistowra iristeko, berrogeita bost egun inguru behar izaten dira Suezko kanaletik, eta Artikotik joanez gero, berriz, hogeita hamar gutxi gorabehera, betiere zirkulu polar artikoaren garaian garaiko baldintzen arabera.
Ningbotik Felistowra iristeko, berrogeita bost egun inguru behar izaten dira Suezko kanaletik, eta Artikotik joanez gero, berriz, hogeita hamar gutxi gorabehera
Aspalditik aprobetxatu nahi zuten herrialdeek Artikoko ipar-mendebaldeko itsasbideak eskaintzen zien aukera hori, eta lehiarako motibo ere izan da eremu hori kontrolatu nahia. Esate baterako, 2019. urtean Europako eta Taiwango enpresa batzuek sinatu zuten ez zutela Washingtonen Ozeano Artikoko bidea erabiliko, ingurumena babesteko helburuz. Danimarkako Maersk konpainiak ez zuen bat egin hitzarmen horrekin, baina, pandemia aurretik proba bat egin eta itsasartea gurutzatzea lortu bazuen ere, erabaki zuen aurrera ez jarraitzea.
Orain, itsasarteak protagonista diren egoera geopolitiko konplexu honetan, bide horrek interes handiagoa pizten die konpainiei. Izan ere, Ozeano Artikoak aukera ematen du tentsio punturik beroenak saihesteko.
Esate baterako, itsasontziak dituzten enpresek nahiago dute Itsaso Gorriko Bab el-Mandeb itsasartetik ez igaro, Yemengo huthien eta Irango talde militarren arteko borroka eta mehatxuek ez ditzaten zipriztindu.
Horrelako gatazka eta tirabirek geroz eta nabarmenago erakusten dute Asia itsasarte jakin batzuen oso menpekoa dela nazioarteko merkataritzaren arloan. Hori jakinda, ezin esan Iparraldeko bideak modua emango dionik Txinari esportaziorako arazoak konpontzeko, merkantzien %1 baino ezingo baitu bertatik garraiatu, mugak baitaude denboraren, logistikaren eta ontzien edukieraren aldetik, baina baieztatu daiteke beste bide komertzial bat ireki duela Sea Legendek.

Errusiako Rosatom enpresak dauka bide horren kontrola, eta joan den astean eman zion Sea Legendi handik igarotzeko baimena. Hain zuzen, horrek erakusten du zer intentzio duen Errusiak bere kostako pasabideari dagokionez: Artikoko ipar-mendebaldeko bidea geroz eta luzaroago erabili ahal izatea nahi du, urte osoan erabilgarri egoteraino. Errusia da izotza hausteko ontzi nuklearrak dauzkan herrialde bakarra; zortzi ditu, zehazki.
Bestalde, AEBak atzean geratzen ari dira, izotza hausteko ontzi handi bakarra baitaukate, eta urduri dabiltza jada: ikusi dute nazioarteko merkataritzaren mapa aldatzen ari dela pixkanaka, eta ontzi gehiago enkargatu dituzte Finlandian.
Amets zaharra eta oztopo berriak
Ematen du Sea Legendek bete duela garai bateko ametsa, baina orain artekoez bestelako zailtasunak eta arriskuak ere ekarriko ditu Zetaren bide berriak, eta itsasontzien konpainiak izango dira horiek pairatuko dituzten lehenak. Batetik, eskarmentua hartuz joan beharko dute izotzean nabigatzen, baita GPSrik gabe ere, askotan sistema horrek ez baitu funtzionatzen iparraldeko punturik gorenetan. Bestetik, «Artikoan, istripurik gertatzen bada, erreskaterako gaitasuna oso mugatua da», esan du Rahul Khannak, Allianz aseguru etxearen itsasoko arriskuen arloko buruak. Gehitu du izotz artean harrapatuta geratzeko arriskua izugarria dela baldin eta izotza hausteko zerbitzurik eskuragarri ez badago. Allianzen analisien arabera, azken hamar urteetan bostehun istripu gertatu dira Artikoan, gehien-gehienak makinak puskatu edo kaltetu direlako.
Baina Artikoko merkataritzak ez die itsaso bidezko garraioan dabiltzanei bakarrik eragingo. Izan ere, beti izango da itsasontziek petrolioa isuri eta ingurunea kutsatzeko arriskua, eta, sorospen zerbitzuekin gertatzen den bezala, zaila da garbiketa zerbitzuak Artikora iristea. Hondamendi ekologikorako arrisku handia sortzen du horrek.
Beti izango da itsasontziek petrolioa isuri eta ingurunea kutsatzeko arriskua, eta, sorospen zerbitzuekin gertatzen den bezala, zaila da garbiketa zerbitzuak Artikora iristea. Hondamendi ekologikorako arrisku handia sortzen du horrek
Ez da kasualitatea itsasontziek segurtasuna bermatzeko eta ingurumena babesteko arau zorrotzak bete behar izatea; Nazioarteko Itsas Erakundearen Kode Polarrean jasotzen dira horiek. Horren harira, Sea Legendek adierazi du ibilbide berria motzagoa denez isuritako karbono dioxidoa erdira murriztuko dela.