Zorra kontrolpean dute Hegoaldeko administrazioek

Eusko Jaurlaritzak 295 milioi euroren zorra gehitu zuen 2025ean, baina BPGan duen pisua pixka bat murriztu du. Nafarroako Gobernuak 98 milioi euro gutxiago zor ditu, eta %9,4ra jaitsi du zorra.

Jose Luis Arasti Nafarroako Ogasun kontseilaria eta beste gobernukide batzuk, martxoko irudi batean. VILLAR LOPEZ / EFE
Jose Luis Arasti Nafarroako Ogasun kontseilaria eta beste gobernukide batzuk, martxoko irudi batean. VILLAR LOPEZ / EFE
Iker Aranburu.
2026ko martxoaren 31
12:24
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kontu publikoen bitartez ahaleginak egiteko tartea irabazi dute Hego Euskal Herriko administrazioak 2025. urtean. Espainiako Bankuaren datuen arabera, 2024ko zor kopuruari eutsi diote, eta, ekonomia hazi egin denez, zor horrek barne produktu gordinean duen pisua azken hamabost urteetako txikiena da.

Europako Batasunaren gehiegizko defizitaren prozeduraren irizpideak erabiltzen ditu Espainiako Bankuak administrazioen zorra neurtzeko. Horien arabera, Eusko Jaurlaritzak 295 milioi euro handitu zuen zorra 2025. urtean, 11.137 milioi euroraino. Kopuru osoetan, inoizko daturik handiena da; ez, ordea, pisu errealean. Berez, 2024tik 2025era zor horrek BPGan duen pisua hiru hamarren jaitsi da, %11,8tik %11,5era. 2011. urteraino egin behar da atzera zenbaki txikiago bat ikusteko.

BPGan neurtuta, 2020. urtean jo zuen goia —%16,2—, koronabirusaren lehen urtean; izan ere, ekonomiaren hondoratzeari zera batu zitzaion, gastu publikoa handitu izana, krisiaren ondorioak arintzeko.

Berez, 2025ean ere diru zorroa atera zuen Imanol Pradalesen gobernuak, baina ez gastu korrontea handitzeko, baizik eta industriaren eraldaketa sustatuko duten proiektuetan inbertitzeko. Mila milioi jarri nahi ditu gobernuak hurrengo urteetan, eta bere asmoa da Finantzen Euskal Aliantzaren barruan finantza erakundeek beste 3.000 milioi euro jartzea. Egitasmo horren barruan daude Talgon eta Ayesa ITn egindako inbertsioak, haien jabetza eta kontrola Euskal Herriratzeko.

Nafarroan, dena behera

Datu hobeak ditu Nafarroako foru erkidegoak. 2024an baino 98 milioi euro gutxiago zor zituen 2025aren amaieran (2.647 milioi euro), eta are gehiago jaitsi da zor horren pisua, %10,3tik %9,4raino. 2010era egin behar da atzera kopuru txikiago bat ikusteko.

Nafarroan ere 2020an jo zuen goia zor publikoak (%18,9), baina orduz gero erdira apaldu da.

129

Zenbat milioi euro zor dituzten enpresa publikoek. Administrazioaren zorrari haren menpeko enpresek dutena gehitu behar zaie. Nafarroako Gobernuaren menpekoek 56 milioi euro zor dituzte (milioi bat gutxiago), eta 73 milioi (+33 milioi), Jaurlaritzaren menpekoek.

Desberdintasun bat bada EAEren eta Nafarroaren zorren artean. Eusko Jaurlaritzak bere zor bonuak erosi dituztenei zor die diru gehien (%71,5), eta zati txikiagoa, berriz, bankuei (%28,5). Nafarroako Gobernuak, berriz, bankuei zor die %61,9, eta bonuen erosleei, berriz, %38,1. Gainera, 250 milioi euro zor dizkie elkarte publiko-pribatuei.

Edonola ere, bai bankuekin, bai bonuen jabeekin, luzera begirako zorra dute batek zein besteak.  

Finantzen euskal kontseilua
Finantzen Euskal Kontseiluaren bilera, otsailean. RAUL BOGAJO / FOKU

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek ere zorra txikitu zuten 2025. urtean. Espainiako Bankuak hiru erakunde horien datuak batera ematen ditu, eta, haren arabera, urtebete lehenago baino 65 milioi euro gutxiago zor zituzten abenduaren 31n. Azken hamabost urteetan soilik 2019an izan zuten zor txikiago (2.782 milioi). 

%100,7

Espainiaren zorra, BPGan neurtuta. Espainiako Erresumaren kontu publikoentzat ere 2025. urtea ez da txarra izan. Ia 1,7 bilioi eurora iritsi da zor publikoa, 77.000 milioi gehiago batu ondoren. Baina, BPGan neurtuta, puntu bat egin du behera, %100,7raino. Zor horren zatirik handiena (%91,2), administrazio zentralari dagokio. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA