Bridgestoneko langileek onartu egin dute zuzendaritzaren azken eskaintza

Basauriko lantegiko beharginen %73k ontzat jo dute astelehenean aurkeztutako erregulazio espedientea. Japoniako konpainiak 232 langile kaleratuko ditu Bizkaiko fabrikan.

Basauriko Bridgestoneko lantegiko beharginak, maiatzaren 5ean, greban, kaleratzeen aurka protestan. J. J. GUILLEN / EFE
Basauriko Bridgestoneko lantegiko beharginak, maiatzaren 5ean, greban, kaleratzeen aurka protestan. J. J. GUILLEN / EFE
jon ordonez garmendia
2025eko maiatzaren 17a
07:23
Entzun 00:00:0000:00:00

Bridgestoneko langileek gehiengo handiz onartu dute enpresa zuzendaritzak aste honetan aurkeztu dien erregulazio espedientea. Horren inguruan botoa ematera deitu zituzten atzo pneumatiko fabrikako beharginak, eta hamarretik zazpik onartu zuten. Ondorioz, Japoniako multinazionalak 232 langile kaleratuko ditu Basaurin (Bizkaia) duen lantegian.

Basauriko lantegian 777 langilek eman zuten atzo botoa (%93), eta horietatik 569k bozkatu zuten zuzendaritzaren azken proposamenaren alde (%73,2). Kontrako botoak 191 izan ziren. Emaitza antzekoa izan zen Bridgestonek Puente San Miguelen (Espainia) duen lantegian. Atzo goizeko 05:00etatik 22:00etara egin zuten galdeketa, eta gauean eman zuten emaitzaren berri.

Bridgestonek apirilaren 1ean iragarri zituen kaleratzeak, argudiatuz pneumatikoen merkatuan «aldaketa sakonak» ari direla gertatzen eta konpainiak egokitu egin behar duela bere ekoizpen egitura. Hasieran, 335 bota nahi zituen, eta kopuru hori 290era jaitsi zuen gero.

Aste honetan, baina, beste eskaintza bat egin du zuzendaritzak: kaleratutakoen kopurua murriztu du, erretiro aurreratua hartzeko baldintzak malgutu ditu, eta borondatez lana uztea erabakitzen dutenei baldintzak hobetu dizkie. Aurrez erretiroa hartzeko adina bi urte aurreratu du azken eskaintza horretan, eta, horren arabera, ekainaren 30ean 55 urte beteta dauzkaten langileek soldata garbiaren %80 jasoko dute 64 urte bete artean, eta urtero %2 gehiago.

Kaleratze behartuei dagokienez, lan egindako urte bakoitzeko 45 eguneko ordainsaria ematea eskaini du enpresak, urte mugarik gabe, eta horri 30.000 euroko ordain bat gehituko dio kaleratzea borondatezkoa izanez gero. Halaber, zuzendaritzak hitzeman du hurrengo bi urteetan ez duela aurkeztuko enplegua erregulatzeko txostenik. Eta bost urtean kaleratzeak egin beharko balitu, prest legoke baldintza berberei eusteko.

CCOO, UGT eta BUP sindikatuek begi onez ikusi zuten azken eskaintza hori, eta langileen artean galdeketa bat egingo zutela iragarri zuten. ELA, berriz, eskaintzaren kontra agertu zen, eta grebekin jarraitzearen alde, baina gehiengo batek akordioari baiezkoa ematen bazion errespetatu egingo zuela aurreratu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.