LAB, ELA, STEILAS, UGT eta CCOO sindikatuek agerraldia egin dute gaur goizean Iruñeko Kondestablearen jauregian, Haur Hezkuntzako lehen zikloak Nafarroan duen egoeraren berri emateko eta hura hobetzeko proposamenak aurkezteko. Uste dute Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak bere gain hartu beharko lukeela 0-3 zikloaren kudeaketa komuna, «sare publiko koherente bat sendotzeko, eskolen arteko berdintasuna bermatzeko, lan baldintzak hobetzeko eta kalitatezko hezkuntza zerbitzua bermatzeko». Hala ere, azken hilabeteetan ez dute urratsik sumatu helburu hori betetzeko bidean, eta ohartarazpena egin diote gobernuari: «Aurrerabiderik ez badago, intersindikalak ekintzak eta mobilizazioak bultzatuko ditu aurrerantzean ere, 0-3 zikloak hezkuntza sistemaren barruan dagokion lekua har dezan behingoz».
0-3 zikloaren kudeaketa gobernuaren esku uzteaz gain, beste eskaera batzuk ere egin dituzte sindikatuek. Alde batetik, «elkarrizketa mahai erreal eta eraginkor bat» sortzea Hezkuntza Departamentuaren eta ordezkari sindikalen artean: «Azken ikasturteetan ez da halako gunerik sortu, sindikatuok behin eta berriz eskatu dugun arren».
Bigarren eskaera ratioak jaistea da, Europak ezarritako kopuruetaraino apaltzea alegia, «kalitatezko hezkuntza arreta eta haurren ongizatea bermatzeko». Zikloko hezitzaileei «irakasle» estatusa aitortzea, horra hirugarren eskaera. Aitortza horrek ordainsariak igotzea ere ekarriko luke, sindikatuen arabera. 0-3 eskolen egutegia Haur Hezkuntzako bigarren zikloarenarekin bateratzea ere galdegin dute ordezkari sindikalek, «hezkuntza etapa berean lan egiten duten profesionalen arteko egungo desberdintasunak amaitze aldera». Azkenik, arreta zuzeneko lanorduak murriztea ere eskatu dute, «koordinazio pedagogikorako, prestaketa lanetarako, familiekiko harremanetarako eta ikasleen jarraipena egiteko denbora nahikoa bermatzeko».
Sindikatuek adierazi dute Nafarroak badituela eskumenak gaiari heltzeko «eta 0-3 zikloko sare publiko indartsu, koherente eta kalitatezkoa» sortzeko, baina uste dute «borondate politikoa» falta dela. Horregatik, lanean hastea galdegin diote Hezkuntza Departamentuari: «Eskatzen diogu hartutako konpromisoak bete ditzala, eta aurrera egin dezala kudeaketa komunaren zehaztapenetan, Hezkuntza Departamentuaren eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren arteko lantaldearen barruan. Gaur egun, ez da benetako aurrerapenik egiten puntu hauetan, eta horrek 0-3 ziklo publiko koherente, ekitatibo eta kalitatezkoaren sendotzea atzeratzen du».
Aurrerabiderik antzeman ezean, 0-3 eskolen intersindikalak «protesta ekintzak eta mobilizazioak» antolatuko ditu datozen hilabeteetan.