Parisko Auzitegiak bost urteko kartzela zigorra ezarri dio Mikel Barriosi, eta gaur sartuko da Mont-de-Marsango presondegira (Okzitania). Kartzela atarira lagundu dute Ipar Euskal Herriko ordezkaritzako hainbat kidek, eta adierazpenak egin dituzte han.
Mikel Hiribarren Itsasuko auzapez berriak hartu du hitza: «Gure herritarrari sustengua ekartzera etorri gara: ezin genuen guttiago egin». Mixel Berhokoirigoin ere mintzatu da: «Gaur berriz diogu aurrera eginen dugula. Desarmamendua egin genuen bezala, presoen dosierra desblokeatuko dugu bai ala bai». Bertan egon ez arren «espirituz presente» egongo dela azaldu du sare sozialetan Jean-Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakari eta Baionako auzapezak. Azaldu du zigorra «zentzugabea» dela eta auziak «bizkarra» ematen diola bakeari.
Sarek, berriz, eskutitz baten bidez salatu du espetxeratzea; gutun bat eraman du Frantziak Bilbon duen kontsulatura: «Espetxeen auziari aterabidea emateko ordua da, eta ez konponbideari oztopoak jarriz sufrimendu garaiak errepikatzekoa. Norabide horretan kokatzen dira azkenaldian Estatu Frantsesaren erabaki ezberdinak: Jakes Esnalen baldintzapeko askatasun eskaeraren ukapena, Josu Urrutikoetxea aske ez uzteko erabakia. Eta orain, Mikel espetxeratzeko agindua».
Sarek nabarmendu du «konponbiderako garaia» dela, eta irtenbide horretan engaiatzeko eskatu die Frantziako, Espainiako eta Nafarroako gobernuei eta Eusko Jaurlaritzari: «Sufrimendu garaiak atzean utzi eta bakean eta elkarbizitzan oinarritutako etorkizun bat eraikitzeko garaia da».
Barriosen kartzelatzearen aurka protesta egiteko, Sarek mobilizaziora deitu du datorren larunbaterako: 18:00etan, manifestazioa egingo du Iruñeko Felix Munarriz plazatik abiatuta, Konponbide garaia da. Izan Bidea. Mikel etxera lelopean.