'Naparra'-ren sendia NBEko lantalde batekin elkartu da Genevan

Bortxaz Desagerrarazien lantaldearekin batzartu da ordubetez, eta azkenekoz 2014an bildu zirenetik gaur arte Jose Miguel Etxeberriaren kasuaren bilakaeraren berri eman die Eneko Etxeberria anaiak. Bilera «oso positiboa» izan da.

joxerra senar
2020ko otsailaren 12a
21:44
Entzun

Aurten 40 urte beteko dira 1980ko ekainaren 11n Jose Miguel Etxeberria Naparra desagertu zenetik. Batallon Vasco Español talde paramilitarrak aldarrikatu zuen desagerpena. 2014an, Eneko Etxeberria anaiak Genevan (Suitza) kasuaren nondik norakoak azaldu zizkien Nazio Batuen Erakundeko Bortxaz Desagerrarazien lantaldeari, eta gaur, hainbat seniderekin batera, kasuaren azken berritasunak azaldu dizkie talde horretako bost ordezkariei.  

Luciano A. Hazan taldeko kide argentinarrak sarrerako hitz batzuk egin ostean, Etxeberriaren azalpenak «arretaz eta interesez» jarraitu dituzte taldeko gainerako kideek —Bernard Duhaime taldeko buru eta kontalari kanadarrak, Tae-Ung Baik lehendakariorde korearrak, Houria Es-Slami marokoarrak eta Henrikas Mickevicius lituaniarrak—. Sendiak nabarmendu du bilera taldearen beraren ekimenez egin dela. Etxeberria sendiak kasuaren inguruko dokumentazio ugari helarazi die.

Sei urteotan izandako azken gorabeherak azaldu dizkie. 2016an, Iñigo Iruin abokatuak auzia berriro irekitzeko eskatu eta onartua izan ostean, Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epaileak Labrit herriaren inguruan indusketa lanak egiteko erregu eskaera egin zion Frantziari. Landetan, Brocas eta Labrit herrien artean, 2017ko apirilean egin ziren indusketek ez zuten emaitzik izan, eta Morenok indusketak beste leku batean egitea galdegin zuen berriro. Laster bi urte iragango dira ordutik, «eta familia zain dago oraindik».

Efemeride bateratua

Taldeko ordezkariek euren elkartasuna helarazi diete etxeberriatarrei. Kasuaren inguruko galderak egiteaz gain, aurrera begira dituzten ekinbide eta planteamenduen berri eman diete. Hala nola Frantziari eta Espainiari galderak egingo dizkiete. Kasuak aurten 40 urte beteko ditu, eta, hain zuzen ere, NBEko lantalde berezi horrek ere 40 urte egingo ditu sortu zela. Hain zuzen ere, bihar ekitaldi berezi bat egingo dute, eta bertara gonbidatu dituzte Eneko Etxeberria, Amaia Irigoien emaztea eta bien semea, Oier Etxeberria Irigoien.

Familiak zabaldu duen oharraren arabera, Bernard Duhaime taldeko presidenteak azpimarratu du Naparraren kasua «paradigmatikoa» dela, eta guztiz bat egiten duela lantalde hori sortu zeneko arrazoiekin. Etxeberriak goraipatu du «oso bilera positiboa» izan dela, eta aurretik zituen itxaropenak gainditu dituela. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.