11 lagun etxegabetu ditu Ertzaintzak Donostiako Egia auzoan

Azpikontratu batean ziren familiak: alokairuaren kudeatzaileak ez zion dirurik ematen etxearen jabeari. Atzo eman zieten etxetik ateratzeko abisua, eta gaur kaleratu dituzte, etxebizitza alternatibarik eman gabe.

Egiako etxegabetzea, gaur. IRUTXULOKO HITZA
Egiako etxegabetzea, gaur. IRUTXULOKO HITZA
Iratxe Muxika
2025eko urriaren 29a
15:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hilero 600 euro ordaintzen zuten logela bakoitzagatik. Denera, 11 pertsona bizi ziren barnean, tartean 11 urteko mutiko bat eta haurdun dagoen emakume bat. Kontratua, baina, ez zen kontratu arrunta, azpijoko bat baizik: alokairua kudeatzen zuen pertsonak hilero jasotzen zuen sosa, baina hark ez zion etxearen jabeari ordaintzen. Donostiako Egia auzoan gertatu da, Aldapa kaleko 22. zenbakian. 

Egia Bizirik-ek eta Donostiako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak egoera salatu dute, eta jakinarazi atzo eman zietela etxea uzteko abisua Egiako etxean bizi zirenei. Ertzaintzak «operazio zabala» antolatu du, eta goizean goiz etxetik atera ditu familiak, norberaren gauzak hartzeko ordu erdi utzita. Familiek ordainagiriak eta kontratuak erakutsi dizkiote Poliziari, uste baitzuten «legalki eta ondo» eginda zeudela kontuak. 

Herritar horiek etxebizitza alternatibarik gabe zeudela ikusita, gizarte zerbitzuetara jo dute Egia Bizirik-ek eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, eta, egoera salatzeaz gain, alternatibak exijitu dituzte. Hainbat bizilagun ere kalera atera dira, eta baieztatu dute «iruzur» egin dietela familiei, ez baitzeuden jakinaren gainean. Bi taldeek esplikatu dutenez, etxe bat baino gehiago daude Egiako etxe horren ondoan, eta denak dira jabe berarenak. Bizilagunek kontatu dute pandemia etorri aitzinetik etxebizitza turistikoak zirela denak, eta, horren aitzinetik, prostituzio etxeak. Orain, «negozioa egiteko» erabiltzen ditu jabeak, taldeek salatu dutenez. Donostiako Udalak erantzun bat eman die gizarte zerbitzuetan: aterpetxe batean bortz gau igarotzeko aukera bi lagunentzat, eta hiru lagunentzat hotel batean hiru gau igarotzeko aukera. Arrats kopuru hori igarota ez dute bertze alternatibarik izanen; ez bi familia horiek, ezta gainerakoek ere. 

Horrenbertzez, mobilizatzera eta elkartasuna adieraztera deitu dituzte Egiako bizilagunak, baita Donostiako bertze herritarrak ere. 

Bi etxegabetze asmo

Badirudi egoera ez dela hain desberdina Donostian, Gasteizen eta Iruñean. Auzoan Bizi Etxebizitza Sindikatuak gaur bertan salatu du Berakah programak eraikin bateko familia guztiak etxegabetu nahi dituela Gasteizen. Zailtasunak dituzten eta baliabide ekonomikorik ez duten pertsonei harrera eta laguntza emateko programa solidario bat da Berakah, baina etxebizitza oso bat hustu nahi du orain. Gasteizko bi parrokiak kudeatzen dute proiektu hori, eta, hain zuzen ere, Alde Zaharreko etxebizitza bloke batean bizi diren hamar familia etxegabetu nahi ditu, etxebizitza alternatibarik eman gabe. 

Auzoan Bizi Etxebizitza Sindikatuak salatu du egoera, eta jakinarazi du duela zenbait hilabete gutun bat iritsi zitzaiela eraikineko familia guztiei. Zera jartzen zuen bertan: urriaren 31 baino lehen etxeak utzi egin behar zituztela. Ezin sinetsi dago sindikatua: «Ez dute inolako prozesu judizialen berri, eta, beraz, etxegabetzen saiatuko balira guztiz ilegala izango litzateke», erran dute oharrean. 

Akordio bat adostu zuten Berakah-k eta familiek, eta, orain, programak eten egin du kontratua. Familiak, dena dela, ez daki zein den erabaki horren arrazoia, baina sindikatuak erran du ez dela hain arraroa halako erabakiak hartu izana. Izan ere, Gasteizko Alde Zaharreko Etxebizitza Sindikatuak lehenagotik ere salatu izan du Berakah, eta orduan aurpegiratu zion mekanismo jakin batzuk jartzen zituela martxan familiak etxegabetzeko. Horien artean dira, erraterako, argindarra etetea, mehatxuak edo xantaia egitea... Joan den urtean hiru familia etxegabetu zituen programak. 

Hortaz, Auzoan Bizi Etxebizitza Sindikatuak exijitu du etxebizitza «duina eta iraunkorra» behar dutela familiek, eta «jarrera hartzeko eta antolatzeko» deia egin dute. 

Baina bada hirugarren gertakari bat ere: Iruñekoa. Haritu Etxebizitza Sindikatuak salatu du familia bat etxegabetua izateko arriskuan dela Arrotxapea auzoan, eta Iruñeko Udalak ez diola inongo alternatibarik eskaintzen. Irtenbide «duin eta iraunkor bat» eskatu dute haiek ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.