Datorren astelehenean hasiko da 11/13 sumarioan auzipetutako 47 lagunen aurkako epaiketa. Horren aurretik, larunbatean, manifestazioa egingo dute Bilbon, auzipetuei elkartasuna adierazi eta epaiketa salatzeko. Bertan izango dira Euskal Herriko hainbat ordezkari politiko eta sozial, baita Foro Sozial Iraunkorreko ordezkaritza bat ere.
Hedabideetara bidalitako ohar batean, Foro Sozialak salatu du "iraganeko kontua" beharko luketela halako epaiketek. "Gure kezka adierazi nahi dugu zigor hauek elkarbizitza demokratikoaren eraikitze prozesuan izango luketen eragin negatiboan".
Aldi berean, salbuespen politikak amaitzeko urratsak ere eskatu dizkio Espainiako jarduneko gobernuari, gogoraraziz joan den uztailaren 4an hurbildu zutela azkenengoz euskal preso bat. Ekaitz Samaniego izan zen hura, zeina Murtziatik Burgosera eraman zuten.
Hala ere, Foroak nabarmendu du Sanchezek presidentetza hartuz geroztik egindako urratsak "txikiak" izan direla, eta presoak hurbildu dituzten arren ez dituztela Euskal Herriko espetxeetara eraman. "Horiek frustrazioa eragin dute, eszeptizismoa areagotu, eta urruntzearen ondorioak pairatzen ari diren presoen senide eta lagunen saminari sufrimendua gehitu diote".
Parte hartzeko deia
Manifestazioarekin bat egin dute EH Bilduk eta EH Baik ere, eta gauza bera egiteko eskatu diete herritarrei. "Oraindik ere bidea egiteko dago gure herrian atzera-bueltarik gabeko bake integrala eraikitzeko, eta epaiketa hau eta eskatzen diren zigor eskaera neurrigabe eta zentzugabeek ez diote inolako ekarpenik egiten euskal jendartearen gehiengoak bakearen eraikuntzaren norabidean egin nahi duen bideari; are gehiago, oztopo baino ez dira".