11.559 etxegabetze hamar urtean

Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren erranetan, Espainiako Gobernuak etxegabetzeak mugatzeko onartu zuen luzamenduak apenas eraginik izan duen.

Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren protesta bat, artxiboko argazki batean. ETXEBIZITZA SINDIKATUA
Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren protesta bat, artxiboko argazki batean. ETXEBIZITZA SINDIKATUA
Ekhi Erremundegi Beloki.
2026ko irailaren 25a
15:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Herritar talde bat etxebizitza baten aitzinean babes hesia osatzen; Polizia haien kontra bortizki oldartzen, etxebizitza horretara indarrez sartzeko. Azken urteetan behin baino gehiagotan ikusi dira gisa horretako irudiak tokian-tokian egin dituzten etxegabetzeetan. Horietako batzuk anitz zabaltzen dira hedabideetan, eta ikusgarritasuna lortzen dute. Beste batzuk, haatik, isilpean gertatzen dira. Etxebizitza Sindikatu Sozialistak zenbakia jarri dio errealitate horri: azken hamar urteetan, 2016 eta 2025 bitartean, 11.559 etxegabetze izan dira Hego Euskal Herriko lurraldean. Bestela erranda: egunero, batez beste, 3,6 etxegabetze gauzatzen dituzte. 

Aste honetan zabaldu dute txostena, etxegabetzeei eta Espainiako Gobernuak horiek mugatzeko duela sei urte onartu zuen luzamenduari buruzko gogoeta proposatzeko. Etxegabetze gehienak alokairupean bizi diren pertsonei dagozkie: 8.587 izan dira (%74,3). Beste 2.299 hipotekari lotuak dira; hipoteka ordaintzeko ezintasunagatik kanporatu dituzte maizterrak (%19,9). Eta badira bestelako arrazoiei loturikoak ere, etxebizitza okupatuak eta beste; 673 dira horiek (%5,8).

Aipatutako epealdian, Bizkaian izan da etxegabetze gehien, eta Nafarroako datua ere handia da. Baina deigarria da Araban azken bi urteetan gertatu den saltoa; iaz, lurralde horretan izan zen etxegabetze gehien. 

Luzamenduari so

Etxebizitza Sindikatuak oroitarazi du Espainiako Gobernuak hainbat neurri hartu izan dituela azken urteetan etxegabetzeak mugatzeko helburuz, baina horiek izan duten eragina biziki murritza izan dela salatu du. «2020an onartu zuten luzamendutik hona 5.632 etxegabetze gertatu dira; alegia, egunero 2,6 batez beste».

2020ko luzamenduak alokairuko etxebizitzei eta bestelako kausei eragiten zien nagusiki. Bada, bi tipologia horietako etxegabetzeak batuz gero, 4.713 etxegabe izan dira azken sei urteetan. Aitzineko sei urteetan, haatik, 2014-2019ko epealdian, 6.772 izan ziren. «Horrek erran nahi du %29 inguruko apaltzea izan dela luzamenduaren ondorioz», ondorioztatu dute. «Datu hauek eskuetan, ikus daiteke luzamenduak, hainbat etxegabetze bide judizialaren bidez gibelatzeko modua eman badu ere, ez dituela desagerrarazi. Are gehiago, etxegabetze gehienak gauzatu egin dira luzamendua indarrean izanik ere». Luzamenduari esker berez geldiarazi beharreko etxegabetzeen %70-75 inguru gauzatu egin direla erran dute. Are gehiago, luzamenduarekin batera, etxejabeak konpentsatzeko neurri ekonomikoak onartu zituztela ere salatu dute. «Diru publikoaren bidez eta merkatuko prezioan ordaintzen zaie maizterrengandik jaso ez duten dirua».

Etxebizitza sindikatuak oroitarazi du luzamendua behin-behineko neurri gisara aurkeztu zutela garai hartan, eta geroago etxegabetzeen kontrako egiturazko neurriak hartuko zituztela hitzeman. «Baina ez da hala izan, alderantziz baizik». Salatu dute azken urteetan okupazioaren kontrako marko legala «gogortu» dutela. «Horrez gain, publikoaren eta pribatuaren arteko kolaborazioan oinarritutako higiezin eta eraikuntza enpresen beste ziklo bati ekin diote, eta horrek kalte egin die langile klaseko sektorerik pobreenei».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA