1.600 lagun etxerik gabe

Krisi ekonomikoaren ondorioz, hiru urtean %13 hazi da kalean bizi eta aterpea bilatzen dutenen kopurua Hego Euskal Herrian1.700 pertsonatik gora aritu ziren 2010ean etxerik gabeko pertsonak artatzen

mikel lizarralde
2011ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Joan den urteko abenduan ia 1.600 pertsonak egin zuten lo etxerik ez dutenentzat Hego Euskal Herrian prestatutako aterpeetan. 2008ko hilabete berean baino ia 200 eta 2006an baino 300 lagun gehiagok. Krisi ekonomikoak langabeen kopurua ia etenik gabe hazi du azken urteetan, eta horrek berekin ekarri du etxerik gabe gelditu direnak ere gehiago izatea. INE Espainiako Estatistika Institutuak emandako datuen arabera, hiru urtean % 13 igo dira etxerik izan ez eta aterperen batera jotzen duten pertsonak.

2010aren amaieran 65 aterpe zeuden lanean Hego Euskal Herrian, eta, orotara, 1.844 lagunentzako lekua zuten. Abenduan, adibidez, 1.598 pertsona joan ziren zentro horietara informazio, laguntza, janari edo aterpe bila, aurreko urteetan baino gehiago. Urte bereko ekainean ia 1.400 etxerik gabekok eskatu zuten lekua aterperen batean, abenduan baino ia 200 lagun gutxiagok.

INEren datuek erakusten dute, etxerik gabekoen kopurua haztearekin batera, haiek artatzeko lan egiten duten pertsonen zenbakiak ere gora egin duela. Hain zuzen ere, joan den urtean 1.700 pertsona baino gehiagok lan egin zuten etxerik gabekoekin. Horietatik 502 teknikariak dira, 551 funtzio hezitzaileak dituzten laguntzaileak eta 567, berriz, administrazioko laguntzaileak. Zuzendaritza lanetan 69 pertsona aritzen dira, eta osasun zerbitzuetan, 65. Aterpeetan aritu ziren langileetatik 928 boluntarioak dira.

Pertsona horiek eginiko lanari esker, egunero 5.200 zerbitzu inguru eskaini zituzten zentroetan 2010ean, eta, besteak beste, gizarte bazterkerian erortzeko dauden kolektiboei egin zieten harrera. INEren arabera, batik bat etorkinei, espetxetik irtendako pertsonei eta droga menpekotasunen bat dutenei eskaini zizkieten zerbitzu horiek.

Bestalde, Xavier Emmanuelli Frantziako Samu Social erakundeko presidenteak dimisioa eman zuen orain dela bi aste, etxerik gabeak laguntzen dituen erakunde horri ematen zaizkion laguntza publikoak %25 jaitsi ondoren. Horren ondorioz, 5.000 leku gutxiago egongo dira udan etxerik gabekoentzat. Abbe Pierre fundazioaren arabera, Frantzian 3,6 milioi pertsonak ez du «ostatu egokirik», eta 33.000 lagunek ez dute non lo egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.