EUSKARA

196.000 lagunek eman dute izena Euskaraldian

Lautik hiruk ahobizi rola hautatu dute, ahal den guzti-guztietan euskarari eusteko rola. Generoari buruzko datuak ere adierazgarriak dira: emakumeak dira hiru parte hartzailetik bi. Datozen 11 egunetan hizkuntza ohiturak astintzeko helburua du Euskaraldiak.

Garikoitz Goikoetxea.
2018ko azaroaren 22a
07:10
Entzun

Babes zabalarekin hasiko du bidea Euskaraldiak. 400 udalerritan baino gehiagotan antolatu dituzte batzordeak antolaketa lanetarako, eta Euskal Herriko zazpi herrialdeetara hedatuko da Euskaraldia: udalerri euskaldunetara eta euskaldun dentsitate apaleko herrietara.

Jakinarazi dute 196.000 lagunek eman dutela izena parte hartzeko. Hona zenbaki nagusiak:

Rola. Ahobizi izatea hautatu dute gehienek, lautik hiruk: 145.000 lagunek. Haien konpromisoa izango da ahal den guzti-guztietan euskaraz egitea, lehen hitza beti egitea euskaraz, eta besteak erdaraz erantzun arren euskaraz segitzea —non eta ez dioten ulertzen—. Belarriprest rola 51.000 lagunek hartu dute: euskaraz egiteko gonbidapena egingo dute.

Sexua. Emakumeak dira gehienak: izena eman dutenen bi heren. Alegia, 123.500 emakume eta 72.500 gizon.

Herrialdea. Gipuzkoa ageri da buruan: parte hartzaileen %43 dira herrialde horretakoak. Ondoren datoz Bizkaia (%35), Nafarroa (%11), Araba (%9) eta Ipar Euskal Herriko hiru herrialdeak (%3).

Adina. Parte hartzaileen artean adin talderik handiena 36-45 urte bitartekoena da: %28 dira. 35 urte baino gutxiago dituzte bost parte hartzailetik bik. 56 urtetik gorakoak, berriz, %17 dira.

Hizkuntza ohiturak aldatzea du helburu Euskaraldiak, eta 11 eguneko egitasmoa izango da: abenduaren 3an amaituko da, Euskararen Egunarekin. Ez da hutsetik sortu: gisa horretako egitasmoak egin dituzte hainbat herritan azken urteetan. Proiektu horien lehen harria Lutxo Egiak jarri zuen Bilbon: performance bat egin zuen, eta gaztelania "ahaztuta" bizi izan zen hilabetez. Hala ere, hizkuntza ohiturei buruzko egitasmoak martxan ziren lehendik ere; adibidez, Eusle metodologia aztertzen ari zen Soziolinguistika Klusterra, eta hori du oinarrian Euskaraldiak.

Elkarlana izan du ezaugarri Euskaraldiak: batzordeak osatu dituzte dozenaka herritan, eta lankidetzan jarri ditu euskalgintzako eragileak eta instituzioak. Euskaltzaleen Topaguneak eta Eusko Jaurlaritzak izan dute lidergoa. Euskararen erabileran eragitea dute helburu. Azken urteetan, izan ere, kezka eragin du erabileraren geldialdiak; areago, jaitsiera erakutsi du kaleko neurketak. Nabarmendu dute Euskaraldia ez dela aldekotasuna erakusteko egitasmo bat: aldaketa praktikoak nahi dituzte, "aldaketa pertsonal eta kolektiboak", hizkuntza ohiturak aldatzeko.

Euskaraldiak nolako eragina duen, ikerketa bat jarri du martxan Soziolinguistika Klusterrak. Lehen galdetegia bidali diete jadanik parte hartzaileei, gaur egun dituzten hizkuntza ohiturei buruzkoa. Beste bat igorriko diete abenduan, Euskaraldia amaitu eta berehala, eta bestea, martxoan, aldaketa zertan ote den jakiteko. Lasarte-Orian egindako egitasmoan ere egin zuten gisa horretako azterketa bat, eta parte hartzaileek azaldu zuten erabilera handitu egin zutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.