20 urteko mutil bat atxilotu dute Bilbon, istiluak sortzera deitzeagatik Blocusen sare sozialetan

Gazte horrek Telegrameko kanala ere kudeatzen zuen, eta lehergailuak eta molotov koktelak egiteko jarraibideak kontsulta zitezkeen bertan. Bihar Bilbo erdialdean istiluak sortzeko deia ere irakur zitekeen.

Blocusek hilabete hasieran deitutako istilu bat, Angelun. NATHALIE GUIRONNET
Blocusek hilabete hasieran deitutako istilu bat, Angelun. NATHALIE GUIRONNET
nerea intxausti
2026ko urriaren 30a
14:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Poliziak 20 urteko mutil bat atxilotu du Bilbon. Hark kudeatzen zuen Blocus Bilbao Instagrameko kontua, eta desordena publikoa eragin duen konspirazio delitua, jabetzaren aurkako delitua eta talde antolatu bateko kide izatearen delitua leporatu dizkiote.

Blocus Bilbao Instagrameko kontu horretatik manifestazio baterako deia egin zuten, biharko, eta Bilbo erdialdean istiluak sortzeko deia ere egin zuten. Ikerketaren arabera, atxilotuak Telegrameko kanal bat ere kudeatzen zuen, eta bertatik ere manifestaziorako deia egina zuten. Bertan, zenbait denda aipatzen ziren istiluen helburu posible gisa, «negozioen garrantziagatik eta eskaintzen dituzten produktuen kalitateagatik», zehaztu du Poliziak oharrean.

Kanalean, lehergailuak eta molotov koktelak egiteko jarraibideak ere kontsulta zitezkeen, baita «talde terrorista arabiarren» webguneetatik eratorritako materiala ere. Irakurleei mezua zabaltzeko eskatzen zitzaien, mobilizazioetara jende gehiago erakartzeko. 

Valentzian ere (Herrialde Katalanak) 17 urteko mutil bat atxilotu zuten atzo, biharko istiluak sortzeko eta saltokiak arpilatzeko deia egin izana leporatuta. Poliziak esan duenez, gazteak talde batzuk sortu zituen sare sozialetan, eta han, elkartzeko deia egiteaz gain, gomendioak ematen zizkien ekintza horietan parte hartzeko asmoa zutenei. Mutila adingabeentzako zentro batean sartu dute, behin-behinean.

Erakundeak, adi

Atzo jakinarazi zuten erakundeek neurriak hartzen hasiak direla, sare sozialetan astebururako iragarritako deialdiak direla eta. Blocusen larunbateko Bilboko deialdiaz gainera, zenbait mezutan Donostia, Gasteiz eta Iruñea ere aipatzen dira, gaurko dei eginez. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak atzo adierazi zuen astebururako 25 mobilizazio daudela deituta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta gehitu zuen badela «istiluak probokatu» nahi dituen jendea.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA