Erakundeak hasi dira neurriak hartzen, sare sozialetan astebururako iragarritako deialdiak direla-eta

Blocusek deialdia egin du larunbaterako Bilbon, eta zenbait mezutan Donostia, Gasteiz eta Iruñea ere aipatzen dira, ostiralerako. Donostiako alkate Jon Insaustik udaleko segurtasun mahaia bildu du.

Joan den larunbatean Bartzelonan izandako istiluak. ALBERTO ESTEVEZ / EFE
Joan den larunbatean Bartzelonan izandako istiluak. ALBERTO ESTEVEZ / EFE
gotzon hermosilla
2026ko urriaren 29a
12:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nahaste handia dago sare sozialetan astebururako iragarritako deialdien inguruan, baina erakundeak, badaezpada, hasi dira neurriak hartzen eta prestatzen. Denek dute gogoan joan den larunbatean Bartzelonan (Katalunia) gertatutakoa: Blocus etiketapean, deialdi bat ibili zen sare sozialetan, horren atzean nor zegoen zehatz-mehatz inork ez zekiela, baina zenbait gazte elkartu ziren deialdian proposatutako lekuan eta aukera baliatu zuten istiluak sortu, suteak piztu eta inguruko dendetan lapurretak egiteko. 130 lagun atxilotu zituzten, eta haietako asko adingabeak ziren.

Bartzelonako deialdiarekin batera, beste bat agertu zen, bihar Bilboko Plaza Zirkularrean 17:30ean elkartzeko. Aldarrikapen orokor, lauso eta, zenbaitetan, kontraesankorrak ere ageri dira deialdian: «etxebizitza duina» eta «arrazakeria gutxiago» eskatzen dute deitzaileek, hau da, normalean ezkerreko mugimenduekin lotzen diren aldarrikapenak, baina, aldi berean, ultraeskuinaren ikur izaten den «segurtasuna» galdegiten dute. Erabilitako iruditeria, berriz, oso susmagarria da: testua gaztelania hutsez dago, Espainiako bandera zenbait aldiz agertzen da, eta Espainia ere altxatzen ari da leloa dakar. Horrek guztiak ultraeskuinaren diskurtsoa eta moldeak ekartzen ditu gogora.

Geroago, beste deialdi bat ere agertu da, hori ere Bilbon, baina larunbaterako, Kale Nagusian. Espainiako banderaren koloreak eta Espainiari buruzko erreferentziak desagertu dira bigarren deialdi horretan, eta zuzenean suzko barrikadak piztera eta «luxuzko denden kontra» jotzera dei egiten dute. Kartelean zehazten da elkartzeko ordua geroago iragarriko dela.

Beste deialdi bat ere agertu da sare sozialetan, askoz lausoagoa, eta Espainia ere altxatzen ari da leloa ageri da horretan ere. Biharko da, eta elkartzeko ordu eta leku zehatzik aipatzen ez bada ere, ustez mobilizazioak egingo dituzten hirien zerrenda bat agertzen da: Espainiako, Galiziako eta Herrialde Katalanetako zenbait hirirekin batera, Hego Euskal Herriko lau hiriburuak aipatzen dituzte zerrenda horretan. Berriro ere, mezu kontrajarriak daude kartelean: «segurtasun gehiago» eskatzen dute, ikur gisa polizia baten kapela erabiliz, eta, aldi berean, mobilizazioa «PPren eta Voxen kontrakoa» dela diote.

Deialdien eta sinbologiaren nahaste-borraste horrek mugimendu antifaxistaren susmoak piztu ditu. Sare Antifaxistak, esaterako, deialdi horietara ez joateko mezua zabaldu du sare sozialetan, «ez joan, naziak dira-eta» esaldia erabiliz.

Jaurlaritza, «adi»

Eusko Jaurlaritzako eledun Maria Ubarretxenak esan duenez, «adi» daude deialdi horiek direla eta. «Ikusi dugu edozein aitzakiak balio duela istiluak sortzeko», adierazi du Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean. «Azken finean, saltokiak arpilatzea, gizarteari tratu txarra ematea eta inolako justifikaziorik gabeko indarkeria erabiltzea baino ez da».

Donostian ere ezinegona sortu du deialdiak. Jon Insausti alkateak iragarri du udaleko segurtasun mahaia bilduko duela, zer gerta ere. Esan duenez, dagoeneko hitz egin du hiriko zenbait elkarterekin, eta udaltzainak Ertzaintzarekin batera ari dira lanean «prestaturik egoteko».

Valentzian (Herrialde Katalanak), 17 urteko adingabe bat atxilotu dute, etziko istiluak sortzeko eta saltokiak arpilatzeko deia egin izana leporatuta. Poliziak esan duenez, gazteak talde batzuk sortu zituen sare sozialetan, eta han, elkartzeko deia egiteaz gain, gomendioak ematen zizkien ekintza horietan parte hartzeko asmoa zutenei. Gaztea adingabeentzako zentro batean sartu dute, behin-behinean.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA