200 irakasle langabeziara doazela eta, hezkuntza publikoa «kolokan»

DBHko 800 irakaslek lanpostua hartuko dute gaur, iaz baino 200 gutxiagok; helegiteak aurkeztuko dituzte

Iruñea
2011ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
«Ezinegona eta kaosa». Hezkuntzako sindikatu guztiek Nafarroako Hezkuntza Departamentuak ikasturte bukaeran eragin duen egoera deskribatzeko erabilitako hitzak dira. Datorren ikasturte hasiera kolokan dagoela salatu du hezkuntza komunitateak. Bigarren Hezkuntzako institutuek maiatzean osatu zituzten irakasle zerrendak, eta gaur adjudikatuko dituzte postuak. Nafarroako Gobernuak, horietan, institutuek aurreikusi baino 200 postu gutxiago eskainiko ditu. Horrek sumindu ditu langileak. «2010. urtean, mila inguru izan ziren, eta aurten, 800», azaldu du Jose Elizalde CCOO sindikatuko kideak.

«200 irakasle, gutxi gorabehera, langabeziara joango dira», adierazi du Leire Nalda LABeko kideak. Horrek, kalitatezko hezkuntzan «eragina» izango du, Naldaren esanetan. Murrizketa hezkuntza publikoari egindako «eraso» bat dela dio: «Beste bat».

UGT, CCOO, ELA, LAB, EILAS, ANPE, APS AFAPNA eta CSI-SCFI sindikatuek irakasleen esleipenak bertan behera uzteko eskatu dute. «Jardunean dagoen gobernuak eginbeharren muga gainditu du», salatu du Jose Elizalde CCOO sindikatuko kideak. Behin betiko ordezkariak aukeratu gabe «garrantzi handiko» erabakiak hartu dituztela gaineratu du. Gaur emango dituzten lanpostuak «aldatutako mix bat» direla diote, eta irakasle batek bi irakasgaiemateko arriskua duela.

Sortzen Ikasbatuaz elkartea, Herrikoa gurasoen elkartea eta NIZE, Adipna eta ADI irakasleen elkartea ere murrizketen aurka agertu dira. Bildu, Ezkerra eta NaBai alderdiek ere bat egin dute hezkuntza komunitatearen eskakizunekin. Gaur sindikatuek eta irakasleek helegiteak jarriko dituzte gobernuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.