Bihar zortzi 150 urte dira foruak deuseztatu zituztela, eta mende erdi Bergaran (Gipuzkoa) Alkateen Mugimendua abiatu zutela, eta, bi efemerideak gogoan hartzeko, berrehun udal ordezkari baino gehiago batuko dira datorren igandean Bergaran bertan, udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako ekitaldi instituzional batean. Diputazioak ohar batean azaldu du ekitaldiak «karga sinboliko handia» izango duela eta «iragana, oraina eta etorkizuna» lotuko dituela «musikaren eta dantzaren bitartez».
Aldundiaren arabera, bai foruen abolizioak eta bai Alkateen Mugimenduak «sakon markatu dute euskal gizartearen antolaketa instituzionala eta autogobernuaren bilakaera». 1976ko udal ordezkarien «ekarpena» oroitzeaz gain, «etorkizunari begirako konpromisoak partekatzeko eta Euskal Herriaren eskubide historikoen inguruko eztabaida berritzeko topagune» izatea nahi dute.
«Burujabetza osorako» urratsak
Ekitaldiarekin bat egin duten erakundeen zerrenda luzatzen ari da, gainera. Gaur bertan, Getxoko Udalak adierazpen bat onartu du, EAJren eta EH Bilduren aldeko botoekin, PPk eta PSE-EEk kontra bozkatu arren. Sei puntuko testu bat onartu dute. Batetik, udalak bat egin du bi efemerideak oroitzeko ekitaldiekin, eta bi gertakarien «garrantzi historiko, politiko eta instituzionala» aitortu du. Bigarrenean, nabarmendu dute «Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako euskal lurraldeen eskubide historikoen abolizioa Frantziako iraultzarekin gertatu zela, 1789 eta 1790 artean», eta 1841ean Nafarroan ezarritako foru erregimenaren murrizketa eta abolizio prozesuak eta 1876an Araba, Bizkai eta Gipuzkoan gertatutakoak «euskal lurraldeen jatorrizko eskubide historikoen eta burujabetza instituzionalaren galera» ekarri zutela. Getxoko Udalaren esanetan, eskubide horiek ez dira «iraungi», «ezta herri borondate demokratikoaren ordez kanpoko erabakiz deuseztatu ere».
Ikusi gehiago
Udalak berretsi du Euskal Herria «Europako herri guztien artean berezko nortasuna eta nazio izaera duen herri bat» dela, «historia, gizarte eta kulturako ondare berezi baten gordailu»; bi estatutan eta gaur egun hiru eremu juridiko-politiko ezberdinetan antolatuta dauden zazpi lurraldeetan duela bere leku geografikoa, eta «euskal nazioa osatzen duten herritarrek dutela beren etorkizun politikoa modu libre eta demokratikoan erabakitzeko eskubidea». Horri lotuta, beharrezkotzat jo du «foru integrazioaren eta burujabetza osoaren bidean urratsak egitea, eta, horretarako, Euskal Herriko lurraldeen eskubide historikoak eta autogobernua eguneratzea, gaur egungo behar demokratiko, sozial eta instituzionaletara egokituz».
Era berean, udalerriek Euskal Herriaren historian izan duten «eginkizun erabakigarria» aitortu dute, «bereziki foru tradizioan, udal demokrazian eta herri ordezkaritzan»; eta konpromisoa hartu dute «etorkizunean ere Euskal Herriaren eraikuntza demokratikoan erakunde demokratikoen rola indartzeko»; horien artean, bereziki, udal erakundeena.