Lau urte geroago etorri da erabakia. 2022ko uztailaren 7an Iruñeko Kuria kalean izandako istiluengatik, sei lagun zigortu dituzte. Urtebete eta bi urte eta erdi arteko espetxe zigorrak ezarri dizkiete, baina ez dira kartzelara joango. Fiskaltzak zigor gogorragoa eskatzen zuenez, defentsak onartu egin du epaia. Bertan adierazten denez, prozesioan Enrique Maia orduko Iruñeko alkatearengana eta Navarra Sumako hautetsiengana heltzen ahalegindu ziren auzipetuak, haiek jotzeko asmoz. Arrazoi ideologikoengatik egin zutela ondorioztatu dute epaian.
Enrique Maiaren agintaldiko azken sanferminetan izan zen epaitutako gertaera. Festen egun handian, Alde Zaharreko kaleak zeharkatu ohi ditu urtero erlijio kutsu handiko prozesioak. Bertan parte hartzen dute Erraldoi eta Buruhandien konpartsak, Pamplonesa musika bandak, udalaren musikariek eta dantzariek, katedraleko kabildoak eta udalbatzak. Amaiera aldera, prozesioa Kuria kalean gora zihoala, makina bat herritarrek euren haserrea adierazi zioten UPNko alkate ohiari. Urtero tentsio giroa eta estuasunak izan ohi dira karrika horretan, baina urte hartan Alde Zaharreko bizilagunak eta festetako eragileak bereziki haserre zeuden, euren iritzia aintzat hartu gabe zenbait erabaki hartu zituelako Navarra Sumaren udal gobernuak.
Horregatik, udaltzain ugari zeuden karrikan. Sanfermin haietan, Madrilgo San Sebastian de los Reyesetik (Espainia) etorritako udaltzainek parte hartu zuten Maia babesteko operazioan. Militar jantzita zeuden udaltzain horiek, eta gertaeren tokian parte hartu zuten. Kuria kalearen hasieran, alkateari oihu egin zion herritar multzo handi batek, eta bultzada ugari izan ziren. Elizako kideen aurkako oihuak ere entzun ziren. Maia eta gainerako hautetsiak handik oso azkar igaro ziren, udaltzainek antolatutako hesi batek lagunduta.
Dena den, behin Elizako ordezkariak eta udalbatza igarota, udaltzainak geldirik egon ziren denbora luzez tokian bertan, eta orduantxe sortu ziren estuasunik handienak. Horrek, tentsioa baretu ordez, areagotu egin zuen. Kolpeak eta bultzadak izan ziren, eta poliziak bertan zeudenen aurka oldartu ziren. Era berean, poliziek kamerekin grabatu zituzten bertan bildutakoak. Indarkeria bi norabideetan izan bazen ere, herritarren artean zeuden sei lagun izan dira orain epaituak.
Azkeneko epaian akusatuei leporatzen diete «arrazoi ideologikoengatik» parte hartu zutela istiluetan, eta hori larrigarri gisa hartu dute aintzat. Epaiaren arabera, akusatuak udaltzainen hesia apurtzen ahalegindu ziren, «hautetsiengana heltzeko eta haiek jotzeko».
Fiskalaren eskaera
Fiskaltzak sei eta zortzi urte arteko espetxe zigorrak eskatzen zituen, eta defentsak nahiago izan du akordioa egin. Hala, auzipetuetako bik bi urte eta erdiko espetxe zigorra onartu dute; beste hiruk, bi urtekoa, eta beste batek, urtebetekoa. Ez dute espetxera joan beharko.
Gainera, bi urtez sanferminetako entzierroan edo prozesioan parte hartzeko debekua izango dute. Akusatuetako batek udaltzain bat jo zuen sudurrean, eta lesio larria eragin zion. Horregatik, kalte ordaina pagatu beharko du, epaiaren arabera. Horrez gain, auzipetuek 2.800 euroko isuna ordaindu beharko dute, eta Maiari konpentsazio moral gisa 600 euro ordaindu beharko dizkiote.

UPN, pozik epaiarekin
UPNk ohar bidez adierazi du pozik dela emaitzarekin. Alderdiak azpimarratu du liskarra arrazoi ideologikoengatik gertatu zela, eta epaian hori larrigarritzat jo dutela. UPNren arabera, dena gertatu zen UPNko hautetsiak Kuria kaletik igaro zirenean. «Orduan hasi ziren UPNko hautetsiak iraintzen, eta oraingo alkate Joseba Asironen aldeko oihuak egiten. Zigortuek polizia hesia gainditzen ahalegindu ziren, eta saiakera horretan udaltzainetako bati sudurra hautsi zioten».
UPNren arabera, ez dira liskar arruntak, eta desberdin pentsatzen dutenekiko herra dagoela islatzen du gertatutakoak. «Elkarbizitza politikoak eskatzen du aukera politiko guztiak eta haien ordezkariak errespetatu egin behar direla». Alderdiak espero du ez dela berriro horrelakorik gertatutako. «Kuria kalean gertatutakoa onartezina izan zen, eta ez du tokirik gizarte demokratiko batean».