Terrorismoaren Biktimen Memorialak euskal presoen inguruko txosten bat kaleratu du gaur, eta hartan jaso du 2025. urtean hamazazpi preso geratu direla aske —hamar, behin betiko, eta beste zazpi, baldintzapean—, eta datu esanguratsu bat jakinarazi du: kaleratu dituzten presoek 22,5 urte eman dituzte espetxean batez beste.
Azken urteetan, iskanbila handia piztu dute ETAko biktimen zenbait elkartek, hala nola AVTk, Dignidad y Justiciak eta Covitek, baita PPk, Voxek eta eskuineko hainbat komunikabidek ere, betiere euskal presoek kartzelan jarrai dezaten. Bada, oraingoan, Terrorismoaren Biktimen Memorialak eman du datu argigarria: iaz aske geratu ziren euskal presoak 22,5 urtez egon ziren kartzelan, batez beste.Â
Horrez gain, txosten horretan AVTren agiri bat jaso dute, eta hartan esaten dute 2025. urte amaieran 125 euskal preso zeudela espetxe zigorrak betetzen, eta horietatik ia erdiak (59) bigarren graduan zeudela, baimenekin kalera ateratzeko aukerarik gabe, alegia. Sare Herritarrak emandako azken datuaren arabera, 28 dira oraindik hala dauden presoak.
Era berean, Memorialaren txostenean plazaratu dute nola Espainiako Auzitegi Nazionalaren Fiskaltza oztopoak jartzen ari zaien presoek graduan aurrera egiteko prozesuei. 2025ean, Eusko Jaurlaritzak onartu zuen 23 presok graduan aurrera egitea, eta horietatik zazpiri helegitea jarri zien fiskaltzak. Neurri horrek, epaileek erabakitzen dutenaren zain, gradu progresioa galarazten du, eta, hortaz, presoa atzera bigarren graduan uzten du; hau da, espetxean jarraitzera derrigortzen du.
Epaiketak ez dira eten
Zortzi urte bete dira ETA desegin zenetik, eta urriaren 20an izango dira hamabost urte jarduera armatua behin betiko uzteko erabakia iragarri zuenetik. Baina Espainiako sistema judizialak ez ditu eten oraindik ETArekin lotutako epaiketak eta ekinbideak. Memorialaren txostenen jaso dute iaz hamasei pertsona epaitu eta zigortu zituztela «ETAko kide gisa».
Ezker abertzalearen sei militante justiziaren aurrera eraman zituzten ongietorrien auziekin loturik. Epaituen atal horretan, esan dute auzi gehienak akordioen bidez ebatzi direla. Gainera, Arantza Zulueta eta Jon Enparantza abokatuen auzia ere aipatu dute; aurtengo urtarrilean, Espainiako Auzitegi Gorenak haien aurkako zigorra berretsi zuen.
Bestalde, «ETAren zuzendarien» aurkako ekinbideak jaso dituzte txostenean. Bederatzi auzi zerrendatu dituzte, eta haietako batzuetan zenbait ikertu daude. Gregorio Ordoñezen hilketarekin lotutako auziari erreparatu dio txostenak; izan ere, auzitegiek atentatu horren auzian erruduntzat joak zituzten Valentin Lasarte, Xabier Garcia Gaztelu eta Juan Ramon Karasatorre, baina auzia berriro zabaldu dute, beste batzuk zigortzeko saio batean.
Hala, Fiskaltzak 30 urteko kartzela zigorra eskatu du berriki beste bost pertsonaren aurka: Jose Javier Arizkuren, Iñaki Gracia, Mikel Albisu, Julen Atxurra eta Juan Luis Agirreren aurka. Francisco de Jorge instrukzio epailea ari da auzi horrekin Espainiako Auzitegi Nazionalean.
Atal berean, besteak beste Josu Urrutikoetxearen eta Iratxe Sorzabalen aurkako auziak ere aipatu dituzte Memorialaren txostenean.