Espainiako Auzitegi Gorenak Arantza Zulueta eta Jon Enparantza abokatuen aurka Espainiako Auzitegi Nazionalak 2022an jarritako zigorrak berretsi ditu, 13/13 auziarekin lotutakoak, eta, muinean, ontzat jo du epai hura. Euskal presoen defentsan jardundako zazpi abokatu auzipetu zituzten auzi hartan. 2010ean atxilotu zituzten, eta Auzitegi Nazionalak 2021ean epaitu. Hiru absolbitu zituen eta lau zigortu. Zigorrik gogorrena Zuluetak jaso zuen, zazpi urte eta erdikoa, hain zuzen, «erakunde terroristako kide» izateaz gain lehergaiak ere edukitzea egotzi baitzioten; Enparantzari, berriz, lau urteko zigorra ezarri zioten 2022an, «erakunde terroristako kide» izatea egotzita. Behin abokatuek epaia jaso ostean, 30 eguneko epea dute helegitea jartzeko. Aurten beteko dira hamabost urte ETAk jarduera armatua eten zuenetik.
Auzi horrekin lotuta, Naia Zuriarrain eta Iker Sarriegi ere zigortu zituzten. Hiru urte eta sei hilabeteko zigorra jarri zioten lehenari, eta hiru urte eta egun batekoa bigarrenari. Julen Zelarain, Saioa Agirre eta Nerea Redondo, berriz, absolbitu egin zituzten Espainiako Auzitegi Nazionalean.Â
Gorenak, Zuluetaren eta Enparantzaren helegiteetan ez bezala, Zuriarrainen eta Sarriegiren helegiteen parte bat aintzat hartu du, eta Auzitegi Nazionalaren zigorrak arindu ditu: Zuriarraini bi urtera jaitsi dio zigorra, eta bi urteko inhabilitazioa ezarri dio kargu publiko baterako. Eta Sarriegiri urtebete eta sei hilabetera jaitsi dio, eta epe bereko inhabilitazioa kargu publikoan.
Tortura testigantza, zalantzan
Harrabotsa sortu zuen epaiketak. Zuzenbide arloko ehun adituk baino gehiagok ohar bat zabaldu zuten, 13/13 auziko prozesuan atzemandako irregulartasunak salatzeko; besteak beste, ohartarazi zuten non bis in idem printzipioa urratu zitzaiela akusatu batzuei. Printzipio horrek dio delitu beragatik pertsona bat ezin dela bi aldiz epaitu. Izan ere, 11/13 sumarioan ere zigortu zituzten ETAko kide izatearen akusaziopean, eta Zulueta eta Enparantza kartzelara joan ziren horregatik, akordioa egin eta akusazioak onartuta. Biek eta Zuriarrainek helegitea jarri zuten, hain justu printzipio hori urratu zitzaielakoan. Baina Auzitegi Nazionaleko epaiak ebatzi zuen 11/13 eta 13/13 auzietan bi garai epaitzen zirela, eta, beraz, ez zirela delitu bera epaitzen ari; hau da, ez zela non bis in idem printzipioa urratzen. Orain, Auzitegi Gorenak ontzat jo du Auzitegi Nazionalaren argudio hori, uste baitu akusatuen militantzian eten bat gertatu zela espetxean egon zirenean.
Zuriarrainek, berriz, polizia etxean jasandako torturen kontakizun xehea egin zuen epaiketan, eta gaineratu torturapean egindako deklarazioetan oinarrituta zigortu zutela. Gainera, Zuriarrainen salaketa jasoa dago Eusko Jaurlaritzaren aginduz Paco Etxeberria auzi medikuak gidatuta egindako tortura ikerketa kasuetan, eta hura torturatua izan zela aitortua du.
«Helegitea jartzen duenak lotura duenez ETA erakunde terroristako presoen kolektiboekin [...], badira elementu batzuk auzitan jartzen dutenak baieztapen objektiborik ez duen kontakizun bat egiazkotzat jotzea»
AUZITEGI GORENA
Hori bera jasotzen du Gorenaren epaiak, baina ez du aintzat hartu argudio hori Zuriarrainen zigorra indargabetzeko. Batetik, epaileen esanetan, ez dagoelako helduleku objektiborik tortura salaketa hori frogatzeko: «[Tortura] salaketan bertan badira hura auzitan jartzen duten elementuak: esaterako, peritu txostena gertakariak jazo eta urte ugaritara egin zen, eta ez zuten txostena indartu Istanbulgo Hitzarmeneko beste irizpide batzuekin». Bestetik, zalantzan jartzen du Zuriarrainen testigantza bera: «Helegitea jartzen duenak lotura duenez ETA erakunde terroristako presoen kolektiboekin [...], badira elementu batzuk auzitan jartzen dutenak baieztapen objektiborik ez duen kontakizun bat egiazkotzat jotzea».
Sarriegiri, berriz, egotzi diote abokatuen txostenak biltzearen ardura izatea, hain zuzen, kartzeletako egoeren berri izateko eginikoak. Gorenak aintzat hartu du helegite bat: abokatuaren lana «komunikazioa» baino ez zela dio epaian, «zuzendaritzako funtziorik gabe, ardurarik gabe».
Beste auzi batzuengatik espetxeratu zituzten Enparantza eta Zulueta, eta ez daude orain kartzelan. 2022ko epaiaren ostean helegiterako tartea bazegoenez, ez zituzten espetxeratu.Â
2010eko operazioa
Polizia operazioa 2010eko apirilean egin zuten, eta presoen defentsan aritzen ziren 13 pertsona atxilotu zituzten, haien artean abokatu batzuk. Handik urte eta erdira iragarri zuen ETAk bere jarduera armatuaren behin betiko amaiera. Zuluetak eta Enparantzak, epaiketan, nabarmendu zuten abokatu gisa laguntza eman zutela euskal presoen arteko eztabaidan.
174 orriko sententzia da, eta, Gorenaren arabera, «ETA talde terroristan erabat integratuta» zegoen Halboka izeneko egitura, abokatu taldeaz osatutakoa. Abokatu horiei «fronte juridikoa» osatzea egotzi zieten. Epaian adierazitakoaren arabera, «ETAko kideen defentsa juridikoa» egiteaz gain, presoen eta ETAren zuzendaritzaren arteko «lotura» lanak egiten zituzten abokatuek: «Erakunde terroristaren ildoak transmititzen zizkieten».