Ahal Dugu-k osasunean, hezkuntzan eta etxebizitzan inbertitzea nahi du, eta ez gastu militarrean

«NATOrekin betetzeko gastu militarra handitzeko konpromisoa hartzean, etorkizuna murrizten ari zaizkigu», esan du Garbiñe Ruiz Kongresurako Arabako hautagaiak.

Ahal Dugu-ren hautagaiak, gaurko ekitaldian. AHAL DUGU
Ahal Dugu-ren hautagaiak, gaurko ekitaldian. AHAL DUGU
xabier martin
2026ko azaroaren 18a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jose Manuel de Pablos eta Garbiñe Ruiz Ahal Dugu-ren Kongresurako Bizkaiko eta Arabako hautagaiek Bilbon defendatu dute baliabide publikoak bideratu behar direla osasuna, hezkuntza, etxebizitza eta babes soziala indartzera, eta ez gastu militarra handitzera. Hala, «herritarren eskubideei eta bizi baldintzei lotutako segurtasuna» bermatu nahi dute.

«Esaten digute armetan gehiago gastatu behar dela seguru egoteko, baina horrek ez ditu konpontzen gatazken arrazoiak. Ez gaitu izurrite, bero bolada, etxegabetze edo sute batetik babesten», adierazi du De Pablosek. Bizkaiko hautagaiak ukatu egin du aurrekontu militarren igoera herritarren segurtasun beharrei erantzuteko dela. Defendatu du lehentasunak «zerbitzu publikoak eta eskubide sozialak» bermatzea izan behar duela. «Benetako segurtasuna mediku batek behar duzunean artatzea da, ikasi ahal izatea, sabai bat izatea eta bizitza oso eta duin batez gozatzea».

Garbiñe Ruizek, berriz, ohartarazi du NATOri lotutako gastu militarraren konpromisoek «kostu soziala» dutela. Arabako hautagaiak salatu du armagintzara baliabide gehiago bideratzeak «eskubideak zabaltzeko eta gehiengo sozialaren beharrei erantzuteko gaitasuna» mugatzen duela. «NATOrekin betetzeko gastu militarra handitzeko konpromisoa hartzen dutenean, etorkizuna murrizten ari zaizkigu. Baliabide horiekin lan eta gizarte eskubideak zabal genitzake», adierazi du. Ruizek defendatu du herritarren babesak zerbitzu publikoak indartzea eta etxebizitza lortzeko aukera bermatzea eskatzen duela. «Baietz esaten diogu benetan babesten gaituen horretan inbertitzeari: osasuna, hezkuntza, etxebizitza eta babes soziala. Ez dago segurtasunik justizia sozialik gabe».

Ahal Dugu-k bere proposamen politikoaren erdigunean jarri ditu lehentasun horiek, hautagaiek azaldu dutenez, eta aurrekontuen erabakietara eramateko konpromisoa hartu dute. Azpimarratu dute segurtasuna eduki behar dela «pertsonak zain daitezen, zaurgarritasun egoerei aurre egiteko eta bizitza duina garatzeko». Justizia sozialik gabeko segurtasunik ez dagoelako, Ahal Dugu-ren arabera. «Boto baliagarria» euren aldekoa dela ziurtatu dute.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA