Araba
Araban lau aulki daude jokoan Espainiako Kongresurako hauteskundeetan, eta, momentuz, nahikoa erabaki daude. Aldatzekotan, jokoan den azken aulkia aldatuko litzateke, baina gauzak nola doazen ikusita, nekez; izan ere, lehia horretan EAJ 3.300 botora dago PSEtik. Botoen %99,7 daude zenbatuta. 2023ko hauteskundeak kontuan hartuta, aldaketa bat: EAJk orduko bakarra galdu du, PSEren mesederako (batetik bira igo da). EH Bilduk eta PPk, bana, 2023an bezala.
Bizkaia
Bizkaian dago aukerarik handiena atzeneko —herrialdeko zortzigarren— aulkiaren lehian aldaketa izateko: PSEk 1.870 botoko aldea kentzen dio EH Bilduri. Botoen %99,8 daude zenbatuta. Gernika Lumoko zenbaketa motel samar joan da, eta, aurrera zihoan heinean, EH Bildu hango emaitzengatik herrialdeko aldea murrizten joan da, baina Gernikan jada %95ean doaz eta bi alderdien arteko aldea egonkortu egin da, nahiz eta EH Bildu pixkanaka tartea jaten ari zaion. 2023ko bozetatik aldaketa bakarra: Fronte Zabalak ez du lortu orduan Sumarrek lortu zuena, eta PSEk eraman du (bitik hirura igo da). EH Bilduk eta EAJk, bina, aurrekoan bezala.
Gipuzkoa
Gipuzkoan ere ez da aldaketarik izango azkeneko —herrialdeko seigarren— aulkiari dagokionez: PP ia 7.400 botora dago PSEtik. Botoen ia %99,6 daude zenbatuta. Duela hiru urteko bozetatik aldaketa bat izan da: EH Bildu hiru aulki lortu dittu (+1) eta EAJk 1 (-1). PSEk bi lortu ditu, aurrekoan bezala.
Nafarroa
Nafarroan ez da aldaketarik izango: Vox herrialdeko bosgarren aulkia lortzetik 26.700 botora dago UPN-PPtik. Botoen %98,1 daude kontatuta. 2023ko bozetan ere PSEk bi lortu zituen eta EH Bilduk bat. Orduan PPk eta UPNk bana eskuratu zuten; orain bien artean (koalizioan joan dira), bi.
Â