EAJk Matuteri aurpegiratu dio ETA «oztopo bat» izan zela esan izana

Idoia Sagastizabal Bizkaiko zerrendaburuak esan du «gauzei beren izenez» erreparatu behar zaiela, eta indarkeriaren gaitzespenaren exijentzia sartu du kanpainan, iragana gaurkotuz.

Idoia Sagastizabal asteon, kanpainako ekitaldi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Idoia Sagastizabal asteon, hitza hartuta, kanpainako ekitaldi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
xabier martin
2026ko azaroaren 18a
11:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

EAJko Bizkaiko zerrendaburu Idoia Sagastizabalek, beste kanpaina askotan alderdi batzuek egin duten moduan, ETA ekarri du hizpidera EH Bilduren aurka egiteko. Ser irratian ETAri buruz galdetuta, eta azalpen luzeago baten barruan, koalizio subiranistaren Bizkaiko zerrendaburu Oskar Matutek esan du ETA «oztopo bat» izan zela «euskal gizarte osoarentzat» eta «samina eta segurtasunik eza» eragin zuela. Bada, adierazpen hori baliatu du Sagastizabalek Matuteri exijitzeko «gauzei beren izenez» esateko: «ETA erakunde terrorista bat izan zen eta 850 pertsona hil zituen; eta beste askoz gehiagori estortsioa egin zien».

Onda Vascan egindako elkarrizketa batean, hautagai jeltzaleak esan du ez dakiela nola Matutek esan diezaioken «oztopo» ETAri. «Oztopo bat da aulki bat korridore baten erdian». Eta EH Bildu eta ETA nahasi nahaian egin du aurrera: «Argi dagoena da ETAren historiak EH Bildu oztopatzen duela». Gogoratu du «familia asko» daudela oraindik «zauriak zabalik» dituztenak. Eta gaitzespenaren exijentziarekin jarraitu du. «Indarkeria beti gaitzetsi behar da, edozeinek egiten duela, garai bakoitzean mesede nori egin diezaiokeen alde batera utzita».

Jon Etxeberria eta Bilbo

Indarkeriari buruzko argumentua gehiago garatzeko, Sagastizabalek PPko Gipuzkoako hautagai Jon Etxeberriak egindako salaketari erreparatu dio. «Garrantzitsutzat» jo du «herritarrei begira» EH Bilduk Etxeberriaren aurka egindako objektu jaurtiketak arbuiatu izana, baina koalizioari aurpegiratu dio arbuiatzea eta gaitzestea ez direla gauza bera. «Gramatikak badu bere garrantzia. Euskal gizarteak asko sufritu du; indarkeria asko egon zen, intolerantzia asko, eta zauri asko familien artean, eta hori dena gaitzetsi egin behar da».

Eta EH Bilduk indarkeriaren aurrean duen jarrera zalantzan jartzeko pausoa ere eman du hautagai jeltzaleak. Bilbon Vito Quilesen ekitaldiaren harira egondako istiluei erreparatu die, eta horiei loturik galdera bat bota du: «Indarkeria arbuiatzen dutela esaten badute, zergatik ez zuten bat egin Bilboko Udalaren adierazpenarekin?». Orduan ere, Bilboko Udaleko adierazpenean ETAri erreferentzia egin zioten.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA