«Hiru mezu: bat, Gipuzkoan kanpaina egingo dut Jon Etxeberriarekin batera; bi, biolentoie: zer uste duzue? kaleak ez dira zuenak; hiru, Sanchezi: esan zure bazkideei indarkeria uzteko. Askatasuna nahi dugu!». Alberto Nuñez Feijoo PPren Espainiako presidentetzarako hautagaiak gaur Santanderren (Espainia) egin duen ekitaldian iragarri du aurreikusita zuen agenda moldatuko duela, eta etzi Gipuzkoan izango dela, atzo Hernanin (Gipuzkoa) jazartua izan zen Jon Etxeberria PPren Gipuzkoako zerrendaburuari babesa erakusteko.
Ikusi gehiago
Atzo goizean, Etxeberria eta PPko beste kide batzuk, tartean Borja Corominas alderdiaren Gipuzkoako burua, Hernanira joan ziren, Ezkiaga pasealekuaren inguruan karpa bat jartzeko asmoarekin. Ezin izan zuten, ordea: salatu zutenez jende talde batek eraso egin zielako «petardoak, arrautzak eta harriak» botata. Geroago, Ertzaintza azaldu zen, eta, BERRIAk jakin duenez, jendea identifikatu zuten.
Arratsaldean, PPk adierazi zuen bertan behera utziko zuela Gipuzkoako hainbat herritan egitekoa zen hauteskunde bira.
Gaur, Santanderren, Feijook EH Bildurekin lotu ditu Etxeberriari aurre egin ziotenak, eta hitz eman du harekin batera kanpaina egingo duela. Izatez, astearte goizean Bilbora joatekoa da eta arratsaldean Logroñora (Espainia), baina egun horretan Gipuzkoan geldialdi bat egingo duela baieztatu du haren lantaldeak. Ez dute zehaztu non izango den.
Etxeberriak berak eskerrak eman dizkio sare sozialen bidez: «Eskerrik asko presidente. Ez dugu beldurrik. Gipuzkoa osoan barrena ibiliko gara».
Feijook atzo ere idatzi zuen mezu bat X, eta Etxeberria «beldurtzen» saiatu zirenei mintzatu zitzaien: «Jai daukate uste badute beldurra ematen digutela». Oroitu zuen orain gutxi Barakaldoko PPko bi gazteri ere eraso egin zietela, eta ziurtatu zuen aurrera jarraitu eta eserleku bat lortuko dutela Gipuzkoan.
Feijook gaizki marraztutako ikurrina bat erabili du EAE-n botoa eskatzeko
Gaur goizean, EAEko PPk bideo bat argitaratu du sare sozialetan, PPren aldeko botoa eskatzeko. Bertan Alberto Nuñez Feijook hautagaia ageri da esanez PPren aldeko bozkak bikoitza balio duela EAEn, «aldaketa bermatzen duen bakarra delako eta Bilduk Madrilen indar gehiago izatea eragotziko duelako».Bideoa, ordea, ez da mezu horregatik egin biral, gaizki marraztutako ikurrina bat erabili dutelako baizik.
El presidente de España que necesita Euskadi. Compromiso y gestión. El cambio necesario. Beharrezko Aldaketa. https://t.co/8vJNNpjVr6
— Partido Popular Vasco (@PPVasco) November 15, 2026