PPko Jon Etxeberriak salatu du lehergailuak, arrautzak eta harriak jaurti dizkiotela Hernanin

Sare sozialetan bideo bat zabaldu du, eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuaren dimisioa eskatu du. PPk adierazi du Gipuzkoako hauteskunde bira bertan behera utziko dutela.

PPko Jon Etxeberriak sare sozialetan zabaldutako bideoaren une bat. BERRIA
PPko Jon Etxeberriak sare sozialetan zabaldutako bideoaren une bat. BERRIA
nerea intxausti
2026ko azaroaren 14a
14:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hernanin (Gipuzkoa) izan dira Jon Etxeberria PPko Gipuzkoako hautagaia eta alderdiko beste kide bat; hauteskundeetako kanpainaren testuinguruan, karpa bat jartzeko asmoa zuten bertan, Ezkiaga pasealekuaren inguruan. Baina ezin izan dute, salatu dutenez, jende talde batek eraso egin dielako «lehergailuak, arrautzak eta harriak» botata. PPk adierazi du Gipuzkoako hainbat herritan egin behar zuen hauteskunde bira bertan behera utziko dutela. 

Etxeberriak X sare sozialaren bidez eman du erasoaren berri. Haren esanetan, «proetarra mordo bat» ziren, eta gaineratu du horrelako indarkeria jasan behar izaten duela EAEko PPk. Zabaldu dituen bideotan, pertsona multzo bat ikusi daiteke haiek zeuden autora zenbait objektu jaurtitzen. «Alde hemendik, utzi bakean!», oihukatu diete. Beranduago, Ertzaintza azaldu da, eta BERRIAk jakin duenez, jendea identifikatu dute.

Bertan egon den herritar batek BERRIAri adierazi dionez —ez du izenik eman nahi izan—, «PPk agitazio faxista» egitera joan nahi izan du Hernanira, «ideia espainolistak eta faxistak zabaltzeko». Eta argudiatu dute horregatik atera direla kalera, «faxismoari ezetz esateko».

EAEko PPk ziurtatu du «ez direla ziurtatzen baldintza demokratiko nahikoak kanpaina egiteko», eta bertan behera utzi dute Gipuzkoako bira. Hernanin izan den herritarrak erantsi du PPk Gipuzkoak haien bira bertan behera utzi izana «borrokak merezi duen seinale» dela. 

Etxeberriak eskerrak eman dizkio Ertzaintzari, eta adierazi du haien lanagatik ez dela «ezbeharrik» gertatu. Hautagaiak Ertzaintzaren Sindikatu Profesionalak esandakoarekin bat egin du, eta aurreikuspen falta salatu du. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari eskatu diote ardura hartzeko, eta haren dimisioa eskatu dute, bai sindikatuak bai PPren hautagaiak.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA