Fronte Zabalaren Bizkaiko zerrendaburua

Lander Martinez: «Gobernu aurrerakoi bat egoteko aukerak ezkerra mobiliza dezake»

Fronte Zabalaren Bizkaiko zerrendaburuak balioetsi egin ditu azken legegintzaldian bultzatutako neurri asko, eta uste du badaudela aukerak berriz koalizio gobernua osatzeko.

Lander Martinez, Fronte Zabalaren Bizkaiko diputatugaia, Bilboko Zubizuri zubian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Maddalen Omaetxebarria
Bilbo
2026ko azaroaren 19a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Uztailean aita izan zen aurrenekoz Lander Martinez (Gasteiz, 1989). Lo gutxi egin duenaren aurpegia dakar, bai semeagatik eta bai hauteskunde kanpaina bete-betean egoteagatik. Espainiako Kongresurako Fronte Zabalaren Bizkaiko zerrendaburua da bilbotarra, baina dagoeneko ondo ezagutzen du Madrilerako bidea: ia lau urtez ibili da joan-etorrian, Sumarreko diputatu legez.

Aurreko hauteskundeetan Sumarrek koalizio «historikoa» lortu zuela esan zenuen. Nola deskribatuko zenuke aurton Fronte Zabalak eratutakoa?

Koalizio horren jarraipena da. Azkenean, hamabost alderdi daude Fronte Zabalaren barnean, eta ezkerra egonkortzeko proiektua da. Orduan, historikoa ere bada, baina kontuan hartu behar da azken urteetan egindakoa.

Espainiako erkidego batzuetan gai izan zarete Podemosekin akordioak lortzeko, zergatik ez Hego Euskal Herrian?

Leku horiek badituzte beraien ezaugarri propioak. Adibidez, Valentzian Compromisek artikulatzen du koalizio guztia. Gauza da gu saiatu ginela Podemos Fronte Zabalean sartzen, baina hori ez zen beraien estrategiaren parte. Hurrengo udal edo foru hauteskundeetarako Podemos [koalizioaren] barnean egon dadila saiatzen ari gara, baina hauteskunde hauetarako ezin izan da.

2023an ez zenuten botoa «beldurragatik» eskatu nahi, baina orain Bizkaiko «misioa» eskuinari eserlekua kentzea dela diozue. Zer aldatu da?

Gauza asko aldatu dira. Lehenik eta behin, oso zaila izan da Kongresuan gauzak aurrera ateratzea; adibidez, azken asteetan EAJk PPrekin eta Voxekin bozkatu du, eta horrek esan nahi du beste gehiengo bat behar dugula. Bestalde, eskuin muturraren eta eskuinaren diskurtsoak urteotan nola gogortu diren ikusita, gobernura sartzen badira, berebiziko arriskuak izango dira mahai gainean. Eta ez da bakarrik politikari edo alderdi gisa beldurra izan dezakegula, baita herritar gisa ere, edozein kolektiboren eskubideak direla eta. Azkenean, eskuin muturraren proiektuak autoritarioak dira: Trumpena, Netanyahurena, Orbanena... Proiektu horiek demokraziaren aurkako politikak egin dituzte.

«Eskuin muturraren proiektuak autoritarioak dira. Proiektu horiek demokraziaren aurkako politikak egiten dituzte»

Inkestek iradokitzen dutenez, hemen ez duzue ordezkaritzarik lortzeko aukerarik. EAEn aurkezteak onura egiten dio ezkerrari?

Alderdi moduan beti aurkeztuko gara, hori ez da eztabaidagai izan. Bizkaian, zehazki, EAJk eserleku bat galduko du ezkerreko blokearen alde, eta hautesleek aukeratuko dute zein alderdiri eman. Guk Fronte Zabalarentzat nahi dugu eserlekua, noski. Baina, edozer gerta ere, ez diogu kalterik egiten [ezkerrari].

Etxebizitzaren krisiak markatu du kanpaina. EAEn 70.000 etxebizitza sozial eraikitzea proposatu duzue zuek, nola?

Guk beti defendatu izan dugu Euskadin zerga aldaketa sakon bat, eta oraindik egiteke dago —azken hamar urteetan ez da egon aldaketa sakonik—. Bestetik, Eusko Jaurlaritzako aurrekontuetan ere aldaketak egin behar dira. Halere, argi dago Estatuko gobernuak ere sakondu egin behar duela bere etxebizitza legeetan. Guk funts subirano bat proposatzen dugu estatu mailan, eta horren kudeaketatik ateratzen diren onurek eraikuntzarako balioko dute.

Orain arte gobernuan egon zarete. Zergatik ez duzue halakorik sustatu?

Gobernuko parte txikia garelako eta Etxebizitza Ministerioa PSOEren esku dagoelako. Hala ere, mahai gainean jarri diren neurri guztiak —azken dekretuetan ateratakoak— guk bultzatutakoak izan dira. Baina, ez hori bakarrik, Kongresura ere hainbat gauza eraman ditugu: denboraldiko alokairuaren mugatzea, esaterako. Neurri hori eskuinaren gehiengoa dela eta geratu da bertan behera —eta hemen EAJ sartzen dut—, eta guretzat oso zaila izan da Kongresuan gehiengoa lortzea etxebizitza politikak aldatzeko.

Lander Martinez, Fronte Zabalaren Bizkaiko diputagaia. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Lander Martinez, Fronte Zabalaren Bizkaiko diputatugaia. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
PSOE galga izan dela diozu, baina Senaturako batera aurkeztuko zarete, eta gobernu bat eratu ahal izateko haien beharra izango duzue.

Argi eta garbi diogu gobernu aurrerakoi bat nahi dugula, eta gobernu aurrerakoi hori PSOErekin izango da, orain arte bezala. Halere, Kongresuan hainbat talka izan ditugu haiekin, bi esparru politiko ezberdin garelako. PSOErekin gobernu bat eratu behar badugu berriz, berriro negoziatuko dugu gobernu proiektuari eta neurriei buruz. Argi daukagu, adibidez, neurri horietan alokairu mugagabeak sartu behar direla, eta, beraz, orain arte izan ez ditugun eztabaida batzuk izango ditugu.

Eskuinak mutualitateei emandako bultzada ikusita, zuek funtzionarioen mutualitateak kentzea iradoki duzue, eta 2,2 milioi pertsona sare publikora bideratzea.

[Barrea atera zaio].

Zergatik egin duzu barre?

Kritika asko egin dituztelako sektore batzuek, sindikatu batzuen ustez mutualitateak langile publikoen eskubide bat baitira. Eta ulertzen dugu jarrera hori, baina beste hainbat lan onura lortu daitezke osasun publikoa errespetatuz.

Zein da osasun publikorako proposatzen duzuen eredua?

Osasun publikoak pisu gorena izatea. Erkidego askotan badago joera pribatizaziorako, probak kanporatzeko eta abar, eta horrek murriztu egiten du osasun zerbitzuaren kalitatea. Bajak hartzeko babesa ere ez da berdina mutualitate baten menpe edo gure betiko medikuaren menpe egon. Guretzat, osasunak publikoa eta unibertsala izan behar du; horregatik, pribatizazioan gastatzen ditugun baliabide guztiak osasun publikora itzularazi behar direla uste dugu.

«PSOErekin gobernu bat eratu behar badugu berriz, neurrien artean alokairu mugagabeak sartu behar dira»

Polarizazioak markatutako garai batean egon zara Madrilen. Nola bizi izan duzu eskuin muturraren gorakada?

Kezka handiz. Gaur egun eskuin muturrak inpunitate osoz egin ditu hainbat gauza; guk atzeko lerroan ditugu Kongresuan, eta egunero entzuten ditugu irainak eta askotariko komentarioak. Horrek asko polarizatu du ganberako giroa, eta asko zaildu du alderdien arteko lana. Madrilgo hirian bertan ere nabaritzen da hori: Kongresuaren kanpoaldean beti dago eskuin muturreko jendea gobernukideak iraintzen. Asko gogortu da alde batekiko biolentzia.

PPk eta Voxek gehiengoa lortuz gero, baliteke euskara Kongresutik kanporatzea. Ez duzu uste diputatuek gutxi baliatu duzuela aukera hori?

Ziurrenik bai, ez da erabili pentsatzen genuen beste. Baina eskubide hori lortu egin genuen, eta hori garrantzitsua da. Guk ez ditugu bakarrik euskal eztabaidak izaten Kongresuan, baina egia da ahal baino gutxiago erabili izan dugula.

Ezkerra mobilizatzeak —edo ez mobilizatzeak— baldintza ditzake hauteskundeak. Zerk mobilizatuko luke?

Lehenik eta behin, ezkerreko aukera bat egoteak bozkatzera joateko; hau da, norberaren botoa ordezkatuta egongo den bermea izateak. Eta, beste alde batetik, gobernu aurrerakoi bat osatzeko aukera dagoela ikusteak, hainbat politika publiko aurrera eramateko aukera emango lukeenak. Esango nuke azken urteetako historiak balio asko duela hor: gutxieneko soldataren igoerak, lan erreformak eta mendekotasunaren inguruko legeak frogatu dute balizkoa dela gobernuan egotea. Uste dut horrek jendea mobilizatzen duela. Gobernuan egoteko aukerak berak mobilizatu egiten du.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA