Indarkeria matxistaren ukatzaileen mehatxupean

Azken legegintzaldian berdintasun politikak apaldu diren arren, PPk eta Voxek gobernua osatzeko arriskuak berpiztu egin du haien inguruko kezka, emakumeen eta LGTBI komunitateko kideen eskubideen aurka jarduten baita eskuin muturra.

Mugimendu feministaren protesta bat Pasaian, hilketa matxista baten ondoren. JON URBE / FOKU
Mugimendu feministaren protesta bat Pasaian, hilketa matxista baten ondoren. JON URBE / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2026ko azaroaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Diskurtsoetan lehenik, eta neurrietan ondoren, emakumeen eta LGTBI komunitateko kideen eskubideak eskuin muturraren jomugan izaten dira, eta horregatik ere kezka berezia piztu du Voxen eta PPren balizko gobernu batek. Bi alderdiok ez dituzte ezkutatu trans legea bertan behera uzteko edota Berdintasun Ministerioa desagerrarazteko asmoak, eta mehatxu horiei batzen zaie oinarrizko galdera bat: indarkeria matxista ukatzen duen alderdi batek nola kudeatuko ditu berdintasun politika transbertsalak?

«Bortizkeriak generorik ez» duela adierazia du Voxek askotan, patriarkatua eta indarkeria matxistak badirenik ukatzeko teman. Hala, hauteskunde programan argi jaso dute «gizonak kriminalizatu eta emakumeak babesgabe utzi dituzten legeak» indargabetzeko asmoa: «Genero legeek ez dituzte emakumeak babestu, eta ez dute biktima kopurua txikitu; eta, aldiz, dirua xahutzea eragin dute, eta bortxatzaileak eta sexu kriminalak askatzea». Salaketa faltsuen inguruko mitoa ere berreskuratu dute, «biztanleriaren erdiaren kriminalizazioa amaitzera» deitzeko, eta «indarkeriaren biktima diren emakumeak benetan babestuko dituzten arauak» sustatzea proposatu dute.

Hala ere, Voxen eta PPren artean bada arrakalarik genero bortizkeriaren inguruko politiketan. PPk ez du auzitan jartzen indarkeria matxisten aurkako legedia, eta agindua du horien inguruko estatu ituna errespetatuko duela, Voxek ez bezala. Bortxa matxistari lotuta, segurtasun-proposamen sorta bat dakar Alberto Nuñez Feijooren programak: Poliziari baliabide gehiago ematea, urruntze aginduak kontrolatzeko gailu elektronikoen «fidagarritasuna bermatzea», VioGen biktimen datu basean txertatzea erkidegoetako zerbitzuak —tartean, Ertzaintzarena—... Bi jarrerok ikusita, alderdion arteko topagune bat izan daiteke bortxa jasaten duten andreentzako baliabideak eta zerbitzuak murriztea edo desagerraraztea. 

Trans legea berraztertu nahi duela adierazi du PPk, eta «erregistroan sexuaren autodeterminazio librea desagerraraziko» dutela ohartarazi.

Aldiz, gutxienez bi lege «berraztertu» nahi ditu PPk. Batetik, trans legea, «berdintasunaren izenean segurtasun falta juridikoa eragin» duelakoan. Neurri bat zehaztu du: «Erregistroan sexuaren autodeterminazio librea desagerraraziko dugu». Bestetik, eutanasia legea: Feijook berretsi du ez daudela ados legearekin, moldatu egin nahi dutela, eta moldatze hori izan daitekeela «indargabetze partziala edo erabatekoa». Vox ere bi arauen aurka dago, eta hauxe jaso du bere programan: «Bizitzeko eskubidea kontzepziotik heriotza naturalera defendatzea eta heriotzaren kultura amaitzea».

Dena den, ez PPk ez Voxek ez dute aipatu abortuaren legea aldatzea, ezta haurdunaldia eteteko aukerak mugatzea ere. Eskuin muturraren proposamen tradizionalei jarraikiz, jaiotza tasa handitzeko plan bat egin nahi du Voxek, eta «familia espainiarrei» laguntza gehiago eman. PP ere mintzatu da «amatasuna sustatzeaz» eta, adibidez, emakumeek obuluak izotz dezaten «errazteaz». Eta Madrilen Isabel Diaz Ayuso PPko presidenteak irekitako bidean, proposamen bat egin dute: «Jaio gabeko kontzebitua aintzat hartuko da familiaren laguntzak ezartzean».

Abortuaren kontrakoen jazarpena mugatzeko

Eskuinaren hauteskunde programetan leku apala dute emakumeen eta LGTBI komunitatearen eskubideek: PPk eta Voxek ez daukate berdintasunari buruzko atalik. PSOEk, Fronte Zabalak, EH Bilduk eta EAJk, berriz, atal osoak edota ikuspegi zeharkakoa eskaini diete berdintasun politikei edota feminismoari. Podemosen programan, berriz, laburrago ageri dira, neurri zehatzei lotuta.

Abortatzeko eskubidea askatasunez gauzatu ahal izateko neurriak proposatu dituzte euskal alderdiek, Gasteizko Askabide klinikaren aurrean andreei jazartzen aritutako ultrakatolikoak zigortzeko mugei erreparatuta. Emakumeen «babes neurrietan aurrera egitea» eta babes perimetroak ezartzea aipatu du EH Bilduk, eta, eremu horiek jarri ahal izateko, Herritarren Segurtasunerako Espainiako Legea moldatzea proposatu du EAJk. Beste gai batzuetan ere bat etorri dira biak, hala nola indarkeria bikarioari buruzko lege bat sustatzeko asmoan, LGTBI komunitatearen aurkako gorroto delituak ikertzeko premian eta konbertsio politikak debekatzean.

LGTBI komunitatearen aurkako gorroto delituak ikertzea eta konbertsio politikak debekatzea proposatu dute EH Bilduk eta EAJk

Horrez gain, bortizkeriaren alorrean organo judizial espezializatu gehiago nahi dituzte jeltzaleek, eta frankismoan emakumeek jasandako eskubide urraketak —bereziki Emakumea Babesteko Patronatuan gertatutakoak— aitortzearen alde egin dute. Koalizio subiranistak, berriz, guraso baimenak zabaltzea proposatu du, eta, besteak beste, umea jaio aurreko amatasun baimena eta erdiberriaroko baimena sortzea; eta eremu digitalean sexu indarkeriarik ez izateko neurriak hartu beharra ere nabarmendu du.

Fronte Zabalarentzat, feminismoa «herri proiektu bat» da, egitura ekonomiko, sozial eta instituzionalak eraldatzeko gai dena, «pertsona guztiek beren bizi proiektua askatasunez eta duintasunez gara dezaten, edozein dela euren generoa, sexu orientazioa edo identitatea». Baliabide ekonomikoen alorrean egin dute proposamen esanguratsuenetako bat: «Estatuko aurrekontu ez-finantzarioaren [zorraren eta haren interesen ordainketa kontuan hartzen ez duena] gutxienez %5 gizonen eta emakumeen berdintasunerako politiketara bideratuko dugu legez, derrigorrez –eta egungo %4,4 gaindituko dugu—».

Jardun apala ministerioan

PSOEk, berriz, berdintasun politikekin lotutako 60 neurri baino gehiago jaso ditu programan, soldata arrakalaren, erantzukidetasunaren, sexu eta ugalketa eskubideen, indarkeria matxistaren edota erakundeetako parekidetasunaren inguruan. Proposamen horien artean daude prostituzioaren aurkako lege abolizionista bat onartzea, gizakien salerosketaren kontrako lege bat ere sustatzea, indarkeria bikarioaren aurkako arau bat onestea eta abortatzeko eskubidea Espainiako Konstituzioan blindatzea.

Berdintasun Ministerioa sozialisten eskuetara itzuli da azken legegintzaldian, baina jarduera apala izan du: lege bakarra onetsi du.

Proposamen horiek, ordea, ez dira berriak, baina ez dituzte egikaritu azken urteotan, Berdintasun Ministerioa sozialisten eskuetara itzuli den arren: ia hiru urte eta erdian, lege bakarra onetsi du, emakumeen eta gizonen ordezkaritza parekidearen ingurukoa. Legegintzaldi hasieran prostituzioari eta salerosketari buruzko legeak iragarri zituen Ana Redondo ministroak, baina testurik ere ez du aurkeztu. Eta abortatzeko eskubidearen blindatzea eta indarkeria bikarioaren kontrako legea ere ezin izan dituzte onartu, berandu eraman dituztelako Kongresura.

Izan ere, aurreko legegintzaldian Irene Monteroren ministerioak onartutako arauek —batik bat sexu indarkeriaren aurkako legea eta trans legea— piztutako eztabaidetatik ihesi akaso, jardun apalagoa izan du Redondoren taldeak oraingoan. Eta eskuinak auzitan jarri du ea berdintasun politikek berariazko ministerio bat izan behar al duten, hain justu, instituzioen eremuan eztabaida feministak bigarren planora pasatu diren garai batean. Kanpainan ere, ultraeskuinaren mehatxuez aparte, presentzia txikia izaten ari dira andreen eta genero disidenteen eskubideak. Horren adierazle, Pedro Sanchez eta Alberto Nuñez Feijoo hautagai nagusiek TVEn izandako eztabaida: indarkeria matxista gaitzesteko mezurik ez zen izan, nahiz eta egun hartan bertan —eta azaroaren 25erako astebete baino gutxiagoren faltan— emakume bat hil zuen gizonezko bikotekideak Madrilen.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA