Etxebizitzarako eskubidearen aldeko greba orokorrak hizpide horretara eraman zituen kanpainaren lehen egunak, baina alderdi batzuk besteak baino erosoago daude gai horretaz hitz egiteko orduan, eta gauza bera gertatzen da orain
arte bigarren mailan geratu den beste gai batekin: segurtasunarekin.
EAJk indarrez ekarri du segurtasuna hizpidera gaur, Irunen (Gipuzkoa) egindako ekitaldi politikoan, eta migrazio «ordenatu, seguru eta arautu» batekin lotu du. Lehenik, Eneko Goia Gipuzkoako zerrendako bigarrenak erreparatu dio gaiari, baina PPko Gipuzkoako zerrendaburu Jon Etxeberriaren Hernaniko ekitaldi batean izandako objektu jaurtiketarekin loturik. «Faxista baten antzik handiena daukana antifaxista bat da», esan du, eta «elkartasuna» adierazi dio PPko hautagaiari.
Haren ondoren, Maribel Vaquero Gipuzkoako zerrendaburuak «segurtasuna askatasuna» dela azaldu du, «gauean etxera seguru itzultzeko askatasuna». Hitzeman du EAJk ez duela «beste aldera begiratuko» herritarrek segurtasunaren arazoaz kezkaturik iristen zaizkienean. Legea errespetatu behar dela helarazi du, «Euskal Herrian jaio edo kanpotik etorri». Eta hark ere Etxeberriak salatutako auziari erreparatu dio, «gaitzespen argia» eskatuz alderdi guztiei.
Eusko Jaurlaritzako sailburu askoren eta Gipuzkoako Aldundiko arduradunen aurrean, baita GBBko zuzendaritzaren aurrean ere, luze eta zabal aritu da gero alderdiko buru Aitor Esteban. Hark ere segurtasuna ahoan hartuta, garbi utzi du eduki hori kanpainan sartzeko garaia dela erabaki duela EAJk. «Onkeria» alde batera uzteko eskatu du: «Ez onkeriarik ez populismorik». Esplikatu du «euskal etxearen bitartekoak» ez direla «amaigabeak», eta migrazioa «planifikatu» egin behar dela, baina Espainiako Gobernuak ez diela uzten euskal erakundeei migrazio hori kudeatzen.
Gogoratu du EAJri esker arindu direla epaiketa azkarrak, eta eraginkorrago aurre egin ahal zaiela delituak behin baino gehiagotan egiten dituztenei. Eta hizpide beraren beste aldea ere jorratu du, aurrekoek bezala, mezu argi bat utzita PPko hautagaiaren auzia dela eta: «Indarkeria eta demokrazia ez dira bateragarriak; bien artean aukeratu behar da».

Feijoo Iruñean
PPko presidentegai Alberto Nuñez Feijoo Euskal Herrian da gaurdanik. Bihar Eibarren egongo da, hain zuzen Etxeberria hautagaiaren salaketaren hariari helduta, baina gaur iluntzean Iruñean izan da, PPk UPNrekin egindako aliantzaren erakusle. Haren babesean aritu da UPNko buru Cristina Ibarrola, ziurtatuz «jendearen indarrak» botako dituela Pedro Sanchez eta Maria Txibite euren gobernuetatik. Aldi berean, Feijoori esan dio «exijenteak» izango direla PPren gobernuarekin, «Nafarroako interesak defendatzeko».
EH Bildu Nafarroako bigarren indarra dela gogoratu du, eta Pedro Sanchez egin du horren «errudun». Erantsi du «ez Sanchezek, ez Txibitek, ez Bilduk» ez dutela Nafarroa «zapalduko», UPNk ez dielako utziko.
Hain zuzen, EH Bilduk Laudioko (Araba) Kasinoan egin du kanpainako ekitaldi nagusia, industriaz eta desindustrializazioaz aritzeko Aiaraldea eremu egokia delakoan. Mikel Otero Arabako zerrendaburuak hitzeman du koalizio subiranistak euskal industria defendatuko duela, «gure ekonomiaren eta kalitatezko enpleguaren pizgarri gisa». EH Bildun «inkonformistak» direla esan du; koalizioak 200 proposamenetik gora eramango ditu Madrilera, tartean, industriari eta enpleguari lotutakoak: «Berrikuntzan, garapenean eta elektrifikazioan inbertsioa handitzeko gure esku dagoen guztia egingo dugu».
Mertxe Aizpurua azken zazpi urteetan Kongresuko bozeramaile izandakoak lagundu du Otero. Eta esan du «Feivoxek» Euskal Herrira datorrenean haien proiektuaren «ahulezia baino» ez duela agerian uzten. «Gure nazio izaera ukatzea, tristura, motozerrak, irainak eta gezurrak dira bere proiektu bakarra. Horregatik da gutxiengoa herri honetan bloke erreakzionarioa. Eta azaroaren 29tik aurrera are gutxiago izango dira».