21 pertsona epaituko dituzte Gasteizen, abortatzera zihoazen emakumeei jazartzeagatik

Askabide klinikak jo du auzitara: hertsatze delitua egotziko diete talde ultrakatoliko bateko kideei. «Emakumeen eskubidea errespetatuko den ala ez epaituko da», adierazi dute.

2022ko urriko elkarretaratzeetako batean, antiabortistei aurre egin zieten feministek. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
2022ko urriko elkarretaratzeetako batean, antiabortistei aurre egin zieten feministek. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2025eko azaroaren 13a
13:27
Entzun 00:00:00 00:00:00

Abortatzera doazen emakumeen aurkako jazarpenaren inguruko lehen epaiketa handia hasiko da astelehenean Gasteizen. 2022ko irailetik azarora Askabide klinikaren aurrean elkartzen ziren 21 antiabortista epaituko dituzte, koakzio edo hertsatze delitu bat leporatuta. Fiskaltzak bost hilabeteko espetxealdia jartzea edo komunitatearen aldeko lanak ezartzea eskatu du, eta akusazio partikularrak kalte ordain ekonomikoa ere galdegin du. «Baina zigorra baino gehiago, hemen jokoan dago emakumeek askatasunez abortatu ahal izatea», adierazi du Bea Ilardia Askabideren abokatuak.

Klinikak berak jo du auzitara, 2022an Espainiako Zigor Kodean egindako aldaketa bat probestuta: «Haurdunaldia borondatez eteteko eskubidea oztopatze aldera emakumearen askatasuna murrizten duten ekintza gogaikarri, iraingarri, larderiazko edo hertsagarrien bidez jazartzea» zigortzen du propio. Abortatzera doazen emakumeen aurkakoa ez ezik, osasun zentroetako langileen eta zuzendaritzako kideen kontrako jazarpena ere zigortzen du.

Dena den, Ilardiak gogora ekarri du lege moldaketa hura «urardotu» egin zutela prozesuaren amaieran: «Hasierako bertsioan, zentroen aurrean elkarretaratzeak egitea zigortu nahi zuten, baina gero murriztu egin zuten, eta elkarretaratze horien bidez eragozpenak sortzea zigortzen dute. Horrek esan nahi du frogatu egin behar dela hertsapena eta intimidazioa egon zirela».

«Espainiako Auzitegi Gorenak esana du hertsatzeko ez dela zertan indarkeria fisikoa edo hitzezkoa erabili; begiraden bidez ere hertsa daiteke, baita isiltasunaren bidez ere»

BEA ILARDIA Akusazioaren abokatua

Izan ere, antiabortistek adierazi izan dute otoitz egitera joaten direla, ez andreak hertsatzera. Abokatuaren arabera, ordea, arazoa ez da otoitza, baizik eta emakumeak hertsatzeko helburua dutela kliniken aurrean jarrita: «Beste edozein lekutan egin dezakete otoitz, baina emakumeek ezin dute edozein lekutan abortatu». Era berean, jurisprudentziara jo du hertsatzearen kontzeptua argitzeko: «Espainiako Auzitegi Gorenak esana du hertsatzeko ez dela zertan indarkeria fisikoa edo hitzezkoa erabili; begiraden bidez ere hertsa daiteke, baita isiltasunaren bidez ere. Pertsona hauek gauza asko egiten zituzten giro hori sortzeko».

Talde antolatuak

Gasteizkoa ez da kasu bakana. Izatez, 2022an Askabidek Donostian duen zentroaren aurrean ere egin zituzten hainbat elkarretaratze antiabortistek, eta prozesio bat egiteko asmoa ere izan zuten, nahiz eta azkenean bertan behera geratu zen, besteak beste, mugimendu feminista haien aurka antolatu zelako.

40 Dias por la Vida (40 egun bizitzaren alde) talde ultrakatolikoan antolatuta zeuden bai Donostiakoak, bai Gasteizkoak; izatez, Ameriketako Estatu Batuetan sortutako erakunde bat da: abortatzeko eskubidea deuseztatzea eta klinikak itxiaraztea du helburu. 2022ko protesta haien ondoren eta lege aldaketa oinarri hartuta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ehun metroko distantziara elkartzera behartu zituen.

Eskubide baten defentsan

Hain zuzen, horrelako jazarpen jarduerak hainbat tokitan ohikoak izan direla salatu du ACAIk, haurdunaldiak eteten dituzten kliniken Espainiako elkarteak, Askabiderekin batera plazaratutako adierazpen batean: «Emakumeak interpelatzen dituzte, euren erabakia alda dezaten, informazio faltsua edo distortsionatua zabalduz». Beraz, zera eskatu diote epaitegiari: batetik, onartzeko 40 Dias por la Vida taldeko kideen helburua abortatzeko eskubidea gauzatzea oztopatzea zela, eta, bestetik, jazarpen eta hertsatze delituen egiletzat jotzea taldekideak. Izan ere, gogoratu dute haurdunaldia borondatez etetea «legez aitortutako eskubide bat eta osasun praktika bat» dela, eta hori defendatzera deitu dituzte alderdi politikoak, administrazioak eta auzitegiak.

«Zerbitzu publiko bat ematen diegu emakumeei, eta aske eta seguru sentitu behar dute, haien pribatutasuna bermatuta izan behar dute; eta langileok ere merezi dugu diskriminaziorik ez pairatzea»

ASKABIDEKO LANGILEAK

«Zerbitzu publiko bat ematen diegu emakumeei, eta aske eta seguru sentitu behar dute, haien pribatutasuna bermatuta izan behar dute; eta langileok ere merezi dugu diskriminaziorik ez pairatzea», laburbildu dute Askabideko langileek gutun ireki batean. Xehatu dutenez, klinikara joandako andre askok adierazi dute «epaituak» eta «jazarriak» izan direla, eta «haserre, frustratuta edo triste» sentitu direla antiabortisten elkarretaratzeen ondorioz, eta antsietate kasuak ere izan dituztela. «Langileentzat ere ez da erraza irainak, mespretxuak eta harrokeria jasatea. Bakean lan egin nahi dugu, eta horixe da emakumeek ere behar dutena».

Donostian izandako protestetan parte hartu zituztenak banaka epaitzen ari direla jakinarazi dute Askabidekoek, baina astelehenetik aurrerako epaiketak beste dimentsio bat izango duela uste dute: «Europan horrelako epaiketa bat egiten den lehen aldia da. Ez da soilik epaituko klinika aurrean jazarpena egitea, baizik eta emakumeen eskubide bat errespetatuko den ala ez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.