Hiru gizon atxilotu dituzte Bilboko hilketarekin zerikusia izatea leporatuta

Igande goizean gertatu zen hilketa, Bilboko Solokoetxe auzoan. Poliziak jakinarazi du ikerketa zabalik dagoela oraindik.

ESPAÑA SUCESOS BILBAO
Ertzainak froga bila, atzo, Bilbon. JAVIER ZORRILLA / EFE
Leire Casamajou Elkegarai - Olatz Silva Rodrigo
2025eko irailaren 23a
07:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Igandean goizean goiz gertatu zen, Bilbon, Solokoetxe auzoan: zazpiak baino lehentxeago, kaleko borroka baten ondotik, gizon bat sastakatu zuten; larrialdi zerbitzuek Gurutzetako ospitalera eraman zuten, baina han haren heriotza baieztatu besterik ezin izan zuten egin. Gertatutakoa argitzeko asmoz, ikerketa abiatu zuen Ertzaintzak.

Atzo arratsaldean jakinarazi zuten 31 urteko gizon bat atxilotu zutela, hilketarekin zerikusia duelakoan, baina azken orduetan beste bi gizonezko atxiki dituzte: 21 urteko bat, Getxon (Bizkaia), eta 28 urteko beste bat, Bilbon. Azken horrek bere burua entregatu du, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera. Adierazi dute ikerketa zabalik dagoela oraindik.

21 urte zituen igandean hil zen gizonak. Polizia lekura iristean, susmoa ukan zuten erasotzaileak ez ote ziren Zumarraga kaleko 7. zenbakian gorde, zauritua atzeman zuten lekutik ehun bat metrora. Orduan, 09:00ak aldera, eraikinean sartu ziren, baina nehor ez zuten atzeman, ezta ikerketarekin lotu zuten elementurik ere. Inguru guztiak miatu zituzten gero: kaleak, zakarrontziak... Baina ez zuten inor atxilotu.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 06:45 zirela jaso zuten abisua igandean, eskatuz Polizia bertaratu zedila Fika kalera, Santutxuren eta Alde Zaharraren artean. Borroka bat izan zela eta lagun bat zaurituta zegoela zioen abisuak. Lekukoek El Correo egunkariari kontatu diotenez, hildakoa ziplo erori zen, eta borrokan ari ziren gainontzekoek korrika egin zuten ihes.

Iristen lehenak osasun zerbitzuak izan ziren, eta segituan gizonari sokorri ematen saiatu ziren; ezer ez zuten egin ahal izan.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak atzo goizean hitz egin zuen jazotakoari buruz. Esan zuen igandekoa «oso gogorra» izan zela, eta gertatutakoa «albiste txarra» izan zela. «Baina lanean jarraitu behar dugu», erantsi zuen, eta jakinarazi «era koordinatuan» jarduten ari direla Ertzaintzarekin, hura ari baita ikerketa egiten. «Laguntza guztia» emango diotela ere esan zuen, hilketaren erantzuleak nortzuk diren argitzeko. Eta auzokideen laguntza ere eskatu zuen. Adierazi zuenez, lanean jarraituko dute hiriaren «segurtasuna hobetzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.