23 jardunaldi izanen dira UEUren udako ikastaroetan

Ekainaren 11tik uztailaren 10era iraganen dira 54. Udako Ikastaroak. Euskarak unibertsitatean duen balio ofiziala azpimarratu nahi dute aurten.

Aitor Bengotxea, Irati Iziar eta Oihana Gale Baionan, gaur, Udako Ikastaroen aurkezpenean. PATXI BELTZAIZ
UEUko kideak, Baionan, Udako Ikastaroen aurkezpenean. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2026ko maiatzaren 19a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

UEU Udako Euskal Unibertsitateak 54. Udako Ikastaroak aurkeztu ditu, Baionan. Ekainaren 11tik uztailaren 10era, 23 jardunaldi antolatu dituzte hainbat eragilerekin elkarlanean, «hausnarketaren bidez gizartean eraldaketa bat egiteko asmoz». Besteak beste, Bilbon, Baionan, Gasteizen, Eibarren eta Iruñean izanen dira ikastaroak. «Arnasgune akademiko eta euskaldunen topagune» izanen direla esan dute. «Bi baldintza bakarrik daude parte hartzeko: euskara jakitea eta interesa izatea gaian», laburbildu du Aitor Bengoetxea UEUko zuzendariak.

Bilbon eginen dute aurten hasiera ekitaldia, ekainaren 11n, eta euskarak unibertsitatean duen balio ofiziala aztertuko dute Euskaltzaindiarekin elkarlanean. UEUrentzat estrategikoa den gai bat gizarteratzeko aukera izan ohi da hasierako jardunaldi hori. «Euskarazko produkzio zientifikoa gainbeheran doa, eta uste dugu horren arrazoi nagusia dela euskarak ez duela izan beharko lukeen balioa maila akademikoan», esplikatu du Bengoetxeak. Inguma plataformako datuak ditu horren frogatzat. «Alta, euskal komunitate zientifikoa inoiz baino indartsuagoa da, bai kualitatiboki eta bai kuantitatiboki; inoiz baino gazte prestatu gehiago ditugu». 

Egoera hori euskararentzat «iraingarria» dela uste du Bengoetxeak. Azterketa egiteaz gain, proposamenak lantzen ere saiatuko dira Euskaltzaindiarekin batera antolatu duten egitarauan. «Balio akademikoa ematen dutenak ebaluazio agentziak dira; hor landu beharko litzateke zer den euskarari ematen zaion balioa», iritzi dio. Nazioarteko COARA Ikerketa Ebaluazioa Garatzeko Koalizioa ere izan du hizpide. «Hizkuntza gutxituekiko badu kezka, eta gu sare horretako parte gara; badira beste hainbat hizkuntza gutxitu gure arazo berbera dutenak. Beraz, landuko dugu, ikasiko dugu beste batzuk zer egiten ari diren, eta saiatuko gara bultzatzen euskarak bere bidea egin dezan balio akademiko ofizial horretan».

Askotariko ikastaroak

Irati Iziar Udako Ikastaroen arduradunak esplikatu du berrogei bat proposamen jaso zituztela ikastaroak antolatzeko eragileei egindako deialdian; horietarik 23 atxiki dituzte, jardunaldiak eta aurrez aurreko formatuak lehenetsita. Gainerakoak urtean zehar proposatzea da asmoa. «Ikastaroak aurrez aurrekoak izatea ezinbestekoa da, jendeak hausnarketa egiteaz gain, elkar ezagutu eta komunitatea trinkotzea baita helburua». Jardunaldiak hainbat formatutakoak eta askotarikoak izanen direla erran du: ohiko hitzaldiez osatutakoak, tailerrak, mahai inguruak... «Ikertzaileen lanak gizarteratzeaz gain, aditu eta arituen hitzak jaso eta elkarrekin lantzeko aukerak eskainiko ditugu». UEUrekin lankidetzan arituko dira, besteak beste, Euskalgintzaren Kontseilua, Jakin, Oinherri eta Iratzar fundazioa.

Azken urteetan, UEUk apustua egin du Ipar Euskal Herrian zuen egitura indartzeko, eta hainbat lankidetza abiatu dituzte, hala nola Seaskarekin. «UEUk Ipar Euskal Herriko ikertzaile eta unibertsitate komunitatearentzat erreferentzia bilakatu eta sare indartsua sortu nahi du urte guztian zehar. Era berean, formazio eragile bihurtu nahi dugu bertako erakunde, elkarte eta profesionalentzat», esplikatu du Oihana Gale UEUren Ipar Euskal Herriko arduradunak. «Horrez gain, dibulgazio ekintzak egiteko asmoa dugu. Eta unibertsitateko, hezkuntzako, euskalgintzako zein kulturgintzako gainontzeko eragileekin ere elkarlanak sustatu nahi ditugu».

Gehienez ere hamabi euro balio dute matrikula guztiek. Informazio guztia eta ikastaroen egitaraua www.ueu.eus helbidean ikusgai dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA