24. Korrikaren soinu banda: ‘Xiberutikan mendebaldera’

Pello Reparazek ondu du kanta. Korrikan parte hartzen duten guztiak koruko parte sentitzea nahi luke sortzaileak, eta euskarara jende gehiago etortzea.

Erramun Martikorena, Ane Elordi, Pello Reparaz eta Maixux Zugarramurdi, kantaren aurkezpen ekitaldian. AEK
Erramun Martikorena, Ane Elordi, Pello Reparaz eta Maixux Zugarramurdi, kantaren aurkezpen ekitaldian. AEK
gurutze izagirre intxauspe
2026ko martxoaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

24. Korrikaren denbora lerroan uztartu da Mitoaroa: Pello Reparaz eta haren lantaldea euskal kulturaren transmisioari buruz egiten ari den proiektua. Eta, hain zuzen, Reparazek berak ondu du 24. Korrikaren kanta: Xiberutikan mendebaldera. Hitzez, doinuaz eta bideokliparen zuzendaritzaz ere arduratu da sortzailea. Erramun Martikorenak eta Maixux Zugarramurdik lagunduta kantatzen du Reparazek datorren Korrikako soinu banda.

Iazko abenduan aurkeztu zuten kanta, Agoizko kultur etxean, Nafarroan. Ane Elordi Korrikaren arduradunak eskerrak eman zizkion Reparazi, kantu «zoragarri» hori ontzeagatik eta «musikatik euskarari eta euskal kulturari egiten dion ekarpenarengatik». Lehen aldiz, AEKide guztien artean hautatu dute 24. edizioko kanta noren eskuetan utzi, eta Reparazen aukera gailendu zen AEKideen artean.

Reparazek hunkituta jaso zuen enkargua, aitortu zuenez: «Ibilbide artistikoko erantzukizun eta poz handienetako bat da». Enkargu bat baino askoz gehiago dela erantsi zuen: «Ez da enkargu hutsa: kantaren bidez, euskarak eta Korrikak niri eman didatenaren zati bat itzuli nahi nuke».

'Euskara gara'

24. Korrikaren leloaren «pisu handiaz» hitz egin zuen aurkezpenean: «Ez gara bakarrik hizkuntzaz ari; bizitzeko, elkar zaintzeko eta etorkizun duinago bat elkarrekin irudikatzeko modu bati buruz ari gara», adierazi zuen kantaren egileak.

Kantari mugimenduan dagoen komunitate baten soinua ematen ahalegindu da, «ez ereserki zurrun» batena. Entzuten duena koruaren parte sentitu dadin nahi izan duela aipatu zuen.

Abesti honek euskara ez dutenei euskarara hurbiltzeko gonbita ere egin nahi die. Izan ere, horixe bera aipatu zuen Reparazek: «AEKren euskaltegietan izena emateko lehen urratsa egiteko, ama bat animatzeko alabarekin duen elkarrizketa batean euskaraz egitera, edota Korrikan kilometro bat egitea —eta gure hizkuntzaren alde korrika egitea— sustatzeko balio badu, kantak bere funtsa beteko du».



Kantaren hitzak: 

Xiberutikan mendebaldera

Herensugeren itzala
Santa-Grazitikan
Zarrakaztelura.

Eta Errigoraren auzolan eredua
eskutik eskura
hori ere bagara.

Sorgin baten azken kanta
Itoizko kaleetan.

Zer gara euskara bera ez bagara
Maixux eta Erramunen herrian.

Maitasun eskutitz baten bide luzea
Xiberutikan mendebaldera
Junkeraren fandango berri bat bezala
bidaia berri baten bila.

Ko! rri! ka!
Arranoaren hegaldia lumadi berriaz
Ko! rri! ka!
Irrintzi zahar bat aho gaztetan
gailur berrietan.

Basurdearen aztarna gara
Elorretatikan
Agurainaldera
larruz eraikitako milaka etxola
Dajlatik Gazara
hor da gure gogoa.

Ezkerraldeko AEK
saretuz lurra.

Artzain gazte bat kontu zaharretan
Bariñako Bidane Baskaran.

Maitasun eskutitz baten bide luzea
Xiberutikan mendebaldera
Junkeraren fandango berri bat bezala
bidaia berri baten bila.

Ko! rri! ka!
Arranoaren hegaldia lumadi berriaz
Ko! rri! ka!
Irrintzi zahar bat aho gaztetan
gailur berrietan.

Lauburu bat gâteau batean baino
euskara gara.

Ilargirik gabe mareak gora
nola bestela?
nola bestela?

Maitasun eskutitz baten bide luzea
Xiberutikan mendebaldera
Junkeraren fandango berri bat bezala.

Bidaia berri baten bila
Ko! rri! ka!
Arranoaren hegaldia lumadi berriaz
Ko! rri! ka!
Irrintzi zahar bat aho gaztetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA