Milaka euskaltzale Bilbon bilduta, amaitu da 24. Korrika

Bilbon goizean sartu da Korrika, auzo gehienak zeharkatu ditu, eta 12:45 aldera iritsi da lekukoa Bilboko udaletxearen aurreko plazara. Jendetza elkartu da.

MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Korrika Bilbon, gaur. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
arantxa iraola
2026ko martxoaren 29a
13:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ilunabarretan, egunsentietan eta gauaren ilunetan. Herrietan, hirietan eta auzoetan. Ederra izan da 24. Korrika, eta arrakastatsua: jendea erruz ibili da. Zeharkatu ditu muinoak, lautadak, gainak, eta, batez ere, parte hartu duten herritar gehienen buruak eta bihotzak. Izan ere, mugek eta banaketa administratiboek guztiz desitxuratzen eta lausotzen duten errealitate bat josi du berriz Korrikak. Martxoaren 9an hasi zen, Atharratzen (Zuberoa), eta gaur amaitu da, Bilbon. Goizean goizetik han da Korrika. Hiriko auzo gehienetan ibili da, eta azken pausoak hiriaren bihotzean egin ditu, 12:45 inguruan; bukaera, hain justu ere, udaletxearen aurreko plazan izan da. Jendetza elkartu da bertan.

Han argitu da lekukoa azken metroetan nork eraman duen, eta barruan zuen mezua nork idatzi duen: Euskal Herriko zazpi herrialdeetako zazpi gaztek.

Aurten ere mezua irakurtzeak biribildu egin ditu emozioz betetako 11 egun: 2.175 kilometro izan dira, eta 3.436 lekuko hartze. Azken eramaileek AEK-ko kideen eskutik jaso dute lekukoa, eta AEK-ko kideek mezuaren egilearekin batera egin dituzte 24. Korrikako azken urratsak. Emozioz betetako unea izan da. 

Duela bi urte, Garazi Arrula idazlea izan zen lekukoaren azken eramailea, Txalaparta argitaletxeko editore eta itzultzaile tafallarra. Baionako Askatasunaren plazako oholtzan irakurri zuen mezua, milaka euskaltzaleren aurrean. 

Festa

Amaierako ekitaldiaren ondoren, festa giroko ekintzaz beteko da Bilbo. Hainbat gune izango dira, askotariko eskaintza izateko. Besteak beste, kontzertuak izango dira: La Basu, Añube, Bele eta Mixerabliak ageri dira egitarauan. Bestelako hainbat ekintza ere antolatu dituzte: azoka, herri kirolak, herri bazkaria, erakusketak... 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA