24. KORRIKA ZUZENEAN

ZUZENEAN: Nafarroan barrena, Gipuzkoara bidean da 24. Korrika

24. Korrika Euskal Herri osoan zehar, zuzenean. Araban sartu-irten bat egin du Korrikak, eta Nafarroan da berriro. Iluntzean, Gipuzkoara helduko da. Mila kilometro egin ditu Sakanara sartzean, 'Guaixe' aldizkariaren eskutik.

2026ko martxoaren 23a
07:42
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iruñerrian izan da Korrika, eta jende oldeak bat egin du.

* Goizean Arabako lautadatik Sakanara sartuko da. Altsasun 13:39 alderako espero da. Arratsaldean, berriz, Irurtzun eta Lekunberrira helduko da, eta handik Betelura.

* Iluntzean Gipuzkoan sartuko da, Lizartzatik. Gauean, berriz, Oiartzun eta Irun zeharkatuko ditu.

* Euskalgintzaren Kontseiluak aldarrikatu du hizkuntza politiketan jauzia egin beharra dagoela.

21:03 Une berezia Betelun

Betelun gelditu egin da Korrika une batez: Juan Gorriti eskultoreak hartu du, hain justu, bere eskuekin landu izan duen lekukoa; ezustekoan laguntzeko, Pirritx, Porrotx eta Marimotots izan ditu alboan, dantzan, kantuan eta irrintzika. Oinez laguntzeko taka-taka batekin dabilenez, mantsotu egin da lasterketa, eta erabat gelditu Porrotxek hitza eman dionean: euskara hauspotzera dei egin du eskultoreak. Ondoren, jendetza batek hartu du Lizartzarako bidea.

19:55 Lekunberrira heldu da

Gauak hartu du 24. Korrika, baina ondo babestuta aritu da Larraun ibarrean: uneoro multzo handi bat izan du lekukoak atzean. 1.100 kilometroak gainditutakoan sartu da Lekunberrira, eta jendetza batek aldarrikatu du euskararen alde dagoela. Azken kilometroak egiten ari da lasterketa Nafarroan —nahiz eta bihar goizean iparraldera itzuliko den—, eta Gipuzkoarako bidean da; 20:30ak pasatuta da Tolosara iristekoa.

18:28 Larraunen gora

Sasoi ona demostratzen ari dira dozenaka lagun Korrikan oraintxe: Irurtzun atzean utzita, Larraun mendian gora doa lekukoa, Mandotzerako bidean.

17:49 Irurtzunen barrena

Irurtzunera sartu da Korrika, aurrez Satrustegi, Ekai eta Etxarren pasatuta. Jendetzak babestuta iritsi da, tarteka saltoka eta dantzan, are euskaltzale gehiago batu zaizkio sarreran, eta ehunka lagunek txaloka jaso dute erdigunean. Ikastetxeek hartu dute lekukoa, eta, beraz, haurrak eta pertsonaia mitologikoak gailendu dira lehen lerroan.

16:37 Uharte Arakil igarota

Ilara luzea osatzen ari da Korrika Sakanan: ehunka lagun doaz lasterka. Uharte Arakildik «behingoagatik egunez» igaro da, furgonetatik nabarmendu dutenez. Irañetarako bidean, Txalaparta argitaletxeak hartu du lekukoa, eta, tartean, aurreko Korrikaren mezuaren idazleak, Garazi Arrulak. 

Dublinen ere korrika

Dublinen ere badira euskaldunak, eta han ere antolatu dute Korrika. Argazkiak eta bideoak bidali dizkigute. 

Dublinen bizi diren euskaldunak Korrikan. DUBLINGO KORRIKA

15:31 Pello Reparazek hartu du lekukoa Sakanan

1.045. kilometroa Pello Reparazek egin du aurretik. Zetak taldeko abeslariak eta aurtengo abestiaren egileak Lizarragabengoan, Sakanan, hartu du lekukoa. 'Xiberutikan mendebaldera' abestia ondu dute Zetak taldeak, Maixux Zugarramurdirekin eta Erramun Martikorenarekin batera. 

15:04 Etxarrin, festa

Etxarri-Aranatzera arratsaldeko lehen orduan iritsi da Korrika, eta etxarriarrek ez dute hutsik egin. Altsasutik Etxarrirako bidean zenbait arazo egon dira zuzeneko irudiekin, baina Etxarrin ikusi da jendetza batek daramala lekukoa.

Etxarriko Udaleko ordezkariak, lekukoarekin. BERRIA
Etxarriko Udaleko ordezkariak, lekukoarekin. BERRIA

13:50 Altsasura iritsi da Korrika

Astelehenik ez du Korrikak. Altsasura iritsi da eta hor ere jendetza batu da euskararen aldeko lasterketara. Sakanatik Irurtzunera joango da arratsaldean, eta Lekunberritik eta Lizartzatik barrena, Tolosara iritsiko da gaur gauean. Gipuzkoako lehen kilometroak izango dira gaurkoak. Ibilbide osoa, hemen.

13:03 Milagarren kilometroa, Sakanan, 'Guaixe'-ren eskutik

Egin ditu Korrikak 1.000 kilometro. Arabako Lautadatik Sakanan sartzean egin du, Ziordira bidean, Guaixe aldizkariko ordezkarien eskutik. Gaur iluntzera arte ibiliko da lekukoa berriro Nafarroan, eta gauean Gipuzkoan sartuko da.

Korrikaren milagarren kilometroa, Ziordira bidean. BERRIA
Korrikaren milagarren kilometroa, Ziordira bidean. BERRIA

12:46 Lekukoa, gurpil gainean

Hauxe da Korrikak Araban utzi duen irudi ederrenetako bat. Zalduondon aulki gurpildun batean eraman dute lekukoa.

(ID_15924614) (Raul Bogajo/@FOKU) 2026-03-23, Dulantzi, Agurain. 24
Korrika, goizean, Zalduondon. RAUL BOGAJO / FOKU

12:41 Egino, Arabako azken herria

Araban ibili da azken orduetan Korrika, eta 13:00etan Nafarroan sartuko da, Ziorditik. Eginon sartu berri da orain; hori izango da Sakanan sartu aurretik zeharkatuko duen Arabako azken herria.

12:05, Irudi politak, Araian

Irudi ederrak utzi ditu Korrikak Araian eta Albeizen artean.

11:45, Araiarantz

Zalduondotik Araiarako bidea egiten ari da orain Korrika, Arabako Lautadan oraindik ere. 

11:17, Markitos eta Zeledonen herrira

Zalduondok eman dizkio bada pertsonaiak Euskal Herriko folkloreari: horien artean dira Markitos, inauterietako protagonista, eta Zeledon, Gasteizko jaietako iragarlea. Harako bidean da orain Korrika. Hartuko al dute parte euskararen aldeko lasterketan?

10:20, agur, Agurain

Bost minutu aurreratuta dabil Korrika. Oraintxe sartu da Agurainen, lekukoa Lautada ikastolako ikasleek daramatela.


10:12, Agurain hortzemugan

Korrika 10:25ean da sartzekoa Agurainen. Dagoeneko aguraindarrak ari dira lekukoa eramaten. 

09:35, Dallo

Dallo Arabako Barrundia udalerriko herrietako bat da, eta hantxe dabil Korrika orain. Irati Urdalleta BERRIAko kazetaria bertatik bertara jarraitzen ari da, beste egun batez


Korrika Txikia Australian


Australiako Victoria hiriko Euskal Etxeak argitaratu duen bideoan, atzo Melbournen eginiko Korrika Txikia ikusten da. Aborigenek hiriari Naarm esaten diotela gogoratu dute.

https://www.youtube.com/watch?v=MkeQyjpeiT0


08:50 Mila kilometro gaur

Dulantzira iritsi da Korrika. Gaur bosgarren eguna da, eta 962. kilometroa egin du Dulantzin. Milagarren kilometrora gaur iritsiko da. 2.175 kilometro egingo ditu guztira lekukoak aurten. Ibilbide osoa BERRIAren mapa eta bilatzailean dago ikusgai.

08:41 Eguraldi ona asteazkenera arte

Ostegunaz geroztik, eguzkia izan du lagun lekukoak, eta hala izango du gaur eta bihar ere. Euskalmeten arabera, eguna lainotsu argitu bada ere, ostarteak zabalduko dira arratsaldean berriro, eta bihar oskarbi izango da berriro. Asteazkenerako, berriz, euria iragarri dute arratsalderako. Prestatu zira!

07:35 Azazetarako bidean. Egun on!

Oraintxe Azazetarako bidean dabil Korrika (Araba). Gogoko Korrikan, aldaparik ez!

Ibilbidea | Martxoaren 23a
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!