24. KORRIKA ZUZENEAN

ZUZENEAN: Nafarroa hego-mendebalderantz doa 24. Korrika

24. Korrika Euskal Herri osoan zehar, zuzenean.

24. Korrika zuzenean. AEK
Julen Urrestarazu
2026ko martxoaren 22a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eguna argazkitan

21:45. Lizarra

Beste mundu bat bildu du Korrikak Lizarrako kaleetara iritsi orduko, igandez eta gauez arribatu arren. Aurtengo 850. kilometroa egin du Korrikak bertan, eta bizkarrez ere egin dute lasterka tarteka, Lizarrako Udalak euskarari «bizkarra ematen» diola salatzeko.

20:00. Lizarraldean

Iruñerria eta Etxauri atzean utzi, eta eguneko azken argi izpiak Lizarrarako errepidean gora egin ditu Korrikak. Ilunduta, Jaitzetik Muetzerako bidean da euskararen aldeko lasterketa, beti dozenaka lagunek bultzatua.

18:50. Txibiteren mezua

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak Korrikari eskatu dio neurriak hartzeko, «terroristen irudiak» lasterketatik desager daitezen. Adierazi du Korrika sustatu beharrezko ekintza kultural bat dela, «erabilera politiko orotatik» aparte egon beharko lukeena. «ETAren biktimak birbiktimizatu egiten dira haien hiltzaileen irudiak horrela erabiltzen direnean», Txibiteren esanetan, eta halakoak gaitzetsi, eta Korrikari neurriak hartzeko eskatu dio.

UPNk eta PPNk ere salatu dute halako irudiak lasterketan agertzea. Cristina Ibarrola UPNko buruak Korrikaren antolakuntzan aritzen direnei esan die barkamena eskatzeko, Iruñean ETAko kide ohi batzuen argazkiak eraman bide dituztelako lasterkari batzuek: «Tomas Caballero UPNko zinegotziaren eta Francisco Casanova Lurreko Armadako tenienteordearen hiltzaileen argazkiak erakutsi dituzte. ETAren terrorismoaren biktimei eta Nafarroako gizarteari errespetua zor zaie». Javier Garcia PPNko presidenteak, berriz, eskatu du Korrikarentzako diru laguntzak eteteko, «umeek eta helduek terroristen eta ETAko presoen aldeko irudiak» eraman dituztelako.

17:25. Arazuri

24. Korrika irten da Iruñetik, eta Arazurira iritsi da. 800. kilometroa egin du tarte horretan. Arazuriko herritarrek pozez hartu dute lasterketa, eta herritarrek eurek eraman dute lekukoa. Aurretik, «Nafarroako kilometro trabestia» egin dute, eta Larratz dantza taldekoekin batera eraman dute lekukoa.

Arazuri igaro ondoren, Nafarroako hego-mendebalderantz joango da Korrika. Besteak beste, Etxauri, Jaitz, Riezu, Lizarra, Aiegi eta Urantzia zeharkatuko ditu eguna bukatu aurretik. 35 minutu inguru atzeratuta doa, aurreikusitako ordutegiekin alderatuta.

16:35. Sanduzelai, Iruñea

Arga ibaiko zubia gurutzatu eta Sanduzelaira sartu da Korrika. Azken kilometroak egingo ditu Nafarroako hiriburuan, eta gogoz hartu dute auzotarrek lasterketa. Zaldikoak ere animatu dira Korrikan parte hartzera. Sanduzelai zeharkatzerakoan, Arazurira joango da.

Auzoko Korrika batzordea osatzen dutenek eraman dute lekukoa: Sanduzelai ikastetxeko ikasleek, auzokideek... Aurreko Korriketako abestiak oroitu dituzte korrika ari zirela: Euskalakariak, Harro Herri, HitzEkin...

Volkswageneko langileek, Eusko Ikaskuntzako kideek eta Taupa Euskaltzaleen Topaguneko lagunek hartu dute lekukoa, beste askoren artean.

16:10. Donibane, Iruñea

Iruñe erdia baino gehiago igaro du 24. Korrikak, baina korri egiteko gogoa ez da ahitu. Ehunka euskaltzalek jarraitzen dute korrika euskararen alde. Euskal gehiengo sindikalak eraman du lekukoa Korrika Donibane auzoan sartu denean. Furgonetako kideek, Nafarroako justizia auzitegiaren aurretik pasatu direnean, hala egin dute aldarri: «Epaileak ere euskararen alde behar ditugu». Lekukoa hartu duten hurrengoak Sortuko ordezkariak izan dira.

Auzoko peñen txanda izan da orain; Donibane eta Anaitasuna peñetako kideek hartu baitute lekukoa. Ondoren, San Juan Xar auzo lokaleko kideena eta Irrintzi AEK-ko ikasleena. Hurrengoak Iruñerriko Mugimendu Feministako kideak izan dira, eta dozenaka bandera more eta LGTBI mugimenduaren bandera erakutsi dituzte. «Gora borroka feminista!», aldarrikatu dute.

15:45. Arrotxapea, Iruñea

Alde Zaharrean baino jende gutxiago bildu den itxura eman du, kaleak zabalagoak direlako seguru asko. Hala ere, Arrotxapea auzoko bizilagunek gustura egin diote ongietorria Korrikari. Geroa Baiko kideek eraman dute lekukoa, eta ondoren EHE Euskal Herrian Euskaraz-eko bi kide joan dira aurrean.

Lekukoa eskuz esku pasatuz joan dira hurrengo kilometroetan. Elkarteak, peñak, aldizkariak, ikastetxeak... Denek eraman nahi dute Atharratzetik abiatutako mezua Bilbora. Korrika auzoaren bihotzera sartu da, eta orain badirudi jende gehiago dabilela.

Pankarta bat eraman nahi dutenentzat, adi: lehenengo, AEKren pankarta; besteak, atzera.

15:30. Zabalgunea, Iruñea

Iruñeko Zabalgunera iritsi da 24. Korrika, eta han Zabalguneko bizilagunek hartu dute lekukoa. EH Bilduko ordezkariei eman diete gero. Ikurrinez eta Nafarroako banderez gain, Palestinako, Irango eta Sobietar Batasuneko banderak ere eraman dituzte lasterkariek. Euskarabideko kideek hartu dute lekukoa ondoren.

14:50. Alde Zaharra, Iruñea

24. Korrika Iruñeko Alde Zaharreko kale estuetara sartu da. Badirudi korrikalariak ez direla nekatzen, Korrika Atarrabiara heldu denetik ez baita ikusten atzeko furgoneta. 

Peñaz peña doa lekukoa Alde Zaharrean sartu denetik. Lehenik eta behin, La Unica peñako kideek hartu dute; haien ostean, Aldapa peñakoek; eta haien atzetik, Iruñeko Peñen Federaziokoek gidatu dute lekukoa Alde Zaharrean barrena.

Peñen ondoren, Joseba Asiron Iruñeko alkateak eta Iruñeko Udaleko beste ordezkariek hartu dute lekuko preziatua. Alde Zaharreko Herri Mugimenduko eta Iruñeko Arrano elkarteko kideek gozatu dituzte hurrengo kilometroak, Arranoko kide bat lurrera erori den arren. Alde Zaharreko Komertzianteek eraman dute lekukoa Estafeta kalera sartzerakoan, eta Gure Esku-ko eragileei eman diete lekukoa. «Ofizialtasuna» dioen pankarta erraldoia eraman dute.

Ondoren, Nafarroako parlamentariek hartu dute lekukoa; besteak beste, Unai Hualde presidenteak. Atzean beste pankarta bat altxatu dute: «Nafarroa bat, ez hiru».

14:30. Iturrama, Iruñea

Iruñea auzoz auzo zeharkatzen ari da 24. Korrika, eta Iturramara iritsi da orain. «Euskara ofiziala Nafarroa osoan», aldarrikatu dute korrika doazen milaka euskaltzalek. «Zonifikazioa amaitu» leloa duen kartel bat ere eraman dute korrikalariek.

Ikastetxeena da orain lekukoa eramateko txanda. Lehenengo, San Fermin ikastolako irakasle eta ikasleek eraman dute harro lekukoa; ondoren, Iturrama BHIko ikasle eta irakasleek hartu dute, eta gero Amaiur ikastolakoek altxatu dute lekukoa, korrikalari guztiek ikus zezaten. Ikastolen txanda bukatu, eta La Pamplonesa musika bandakoek eta Iruñeko Txistulari Taldekoek hartu dute lekukoa, eta haiek Izarkom eta Goiener kooperatibetako langileei eman diete.

14:15. Arrosadia, Iruñea

Nafarrroako Unibertsitate Publikoko langile euskaltzaleek hartu dute lekukoa Arrosadiara iristean. Lekukoa eramaten hurrengoak Hegoalde ikastolako ikasle, langile eta gurasoak izan dira; eta haiek Arrosadiako Korrika batzordekoei eman diete. Giro ederra dago Iruñean.

14:05. Sadar, Iruñea

EITBko kazetariek hartu dute lekukoa Sadar estadiora iritsi baino lehen, eta, Sadarrera iristean, Osasuna futbol taldeko ordezkariei eman diete lekukoa, besteak beste Patxi Puñal kapitain ohiari. «Izena eta izana euskaraz duen futbol taldea da Osasuna!», esan du mikrofonotik.

13:50. Lezkairu, Iruñea

«Auzo berrietan ere euskara sartu da!», aldarrikatu dute AEKren furgonetatik. Gaurkoan laugarren aldiz sartu da 24. Korrika Iruñean, baina oraingoan Nafarroako hiriburuan jarraituko du arratsaldera arte. Eskuz esku doa lekukoa: Mankomunitateko langileak, Lezkairuko Korrika batzordea, Laboral Kutxako langileak, Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialeko langileak...

13:40. Mutiloa, Aranguren

Mutiloara heldu da Korrika, eta Iruñerriko herri eta hiri guztietan bezala, giro izugarria sortu da. Etengabe batzen da jendea lasterketara, eta gogotsu abesten dituzte furgonetatik egindako oihuak: «Arangurenen ere euskararen alde!», «Tipi-tapa, tipi-tapa, korrika!». Irulegi guraso elkarteko kideek Aranguren ibarreko Udaleko ordezkariei pasatu diete lekukoa. Ia ordu erdi atzeratuta doa lasterketa.

13:00. Sarriguren, Eguesibar

Eguesibarko Sarriguren herri batzarrean egin ditu 750 kilometro 24. Korrikak, eta Geroa Baiko ordezkariek egin dute kilometro hori. Ondoren Iruñera sartuko da berriro, Erripagaina eta Mendillorri auzoetan, hain zuzen ere. Eguesibarko Udaleko talde politikoek elkarrekin eraman dute lekukoa, eta gazte asanbladetako kideak, ikastetxeetako ikasle eta irakasleak eta beste hainbat elkarte joan dira aurrean. Mendillorriko zati batean ezin izan da sartu furgoneta, eta AEK-ko langile batek korrika ari zela grabatu ditu euskaltzaleak.

12:35. Uharte

Burlatatik Uhartera igaro da 24. Korrika, eta sekulako jendetza ikusten da pankartaren atzean. Lekukoa daramaten dantzariek gogoz abestu dute Gozategiren Euskal Herria korrika abestia. Ondoren, Uharteko Udaleko ordezkariek eraman dute lekukoa. Sarrigurenera iritsiko dira minutu gutxi barru.

12:20. Burlata

Burlatara iritsi da 24. Korrika. Jendea ikusten da, banderak ikusten dira, baina ez da ikusten jendetzaren amaiera. Burlatako alkateak darama lekukoa, eta Larratz dantza taldekoei eman die. Dantzariz jantzita doaz, eta irribarretsu eraman dute lekukoa. Gero, dantzariek Sahararrak elkartekoei eman diete. Euskal Herria peña eta Miguel Rubio ere joan dira aurrean.

11:58. Txantrea, Iruñea

Txantreara itzuli da Korrika. Akelarre kultur elkartekoek eta Txantreako errepresaliatuek lekukoa hartu dutenean, lehengo erritmoa ezarri dute, eta korrika hasi dira. Jarraian, Maiatzak 1 gaztetxeko kideei eman diete lekukoa, eta gaztetxekoek Bernart Etxepare ikastolako ikasle, irakasle eta langileei. Gaztetxeen alde oihu egin dute korrikalariek: «Gaztetxeak aurrera!».

Beste bi ikastetxetako ikasle eta langileek hartu dute lekukoa: Izartegi haur eskolak eta Eunate ikastetxeak. «Eskerrik asko gure hezitzaileei hainbeste urtean euskaraz bizitzeagatik eta gure umeak euskaraz maitatzeagatik!», eskertu diete mikrofonotik Izartegiko irakasleei.

11:40. Antsoain

Iruñea utzi du Korrikak, baina laster itzuliko da Nafarroako hiriburura. Antsoainen dabil orain, eta Antsoaingo Korrika batzordeko kideak daude aurrean. Ondoren, Antsoaingo Udaleko eta Ezkaba ikastetxe publikoko langileei eman diete lekukoa. Hura hartu duten hurrengoak Sare eta Etxerat-eko ordezkariak izan dira, eta «denak etxera» itzultzea aldarrikatu dute. Oinez egin dute azken kilometroa, eta ia hamar minutu berandu iritsi dira berriro Iruñera.

Atarrabian sartu denetik jendea etengabe batuz joan da, eta herritarrak espaloian itxaroten daude lasterketara sartzeko. Milaka pertsona bildu dira Korrikara.

11:30. Txantrea, Iruñea

Lehenengo aldiz sartu da 24. Korrika Iruñean. Txantrea auzoan sartu dira, eta Euskal herriko Kontseilu Sozialistako, Txantreako Jai Batzordeko eta Txantrean Auzolan aldizkariko kideek eraman dute lekukoa. 

11:10. Atarrabia

Arreko kaleak igaro ostean, Atarrabiara iritsi da 24. Korrika. Joaldunek eman diote ongietorria Korrikari. Arren ez zen atzeko furgoneta ikusten, eta Atarrabian euskaltzale gehiago hasi dira korrika. Aurreko furgonetan ere ez dute ikusi jendetza non bukatzen den, eta eskuak gora altxatzeko eskatu die korrikalariei.

Ikastetxeak izan dira protagonista nagusi. Mendialdea II ikastetxeko langileek, Atargi eskola publikoko kideek eta San Frantzisko eskolako lagunek eraman dute lekukoa Ostiztik Atarrabiarako bidean, baita Ezkabarteko Korrika batzordeak ere. Atarrabiara iristean, Atarrabiako Udalak hartu du lekukoa. Milaka pertsona ari dira korrika, eta korrikalariei pankartaren atzean joateko eskatu diete furgonetatik.

Hainbat elkartek hartu dute lekukoa: Atarrabiako Korrika batzordeak, Karrikaluzek, Paz de Ziganda ikastolak, Mugimendu Sozialistak, Atarrabiako Gazte Asanbladak eta beste hainbat eragilek eta kultur elkartek. «Euskara borrokan bizi da» leloa idatzia zuen pankarta bat ere eraman dute.

10:05. Ostitz

Ostizko herritarrek harrera beroa egin diote Korrikari. Lehenengo, Ostizko Kontzejuak hartu du lekukoa, eta ondoren BDZ Nafarroa Palestinaren aldeko elkarteko kideei eman diete. «CAF, negoziorik ez genozidekin», leloa zuen pankartaren atzean joan dira.

Gauean erritmoa bizitu dute, eta puntual dabil 24. Korrika. Iruñerrira iritsi da Korrika gauean. Mendigorria, Gares, Eneritz, Noain, Eskirotz, Zizur Nagusia, Barañain, Berriozar eta Larraintzar zeharkatu ditu, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!