24. KORRIKA ZUZENEAN

ZUZENEAN: BERRIAk bere kilometroa egin du 24. Korrikan, Tuteratik igaro ostean

24. Korrika Euskal Herri osoan zehar, zuzenean.

24. Korrika zuzenean. AEK
Julen Urrestarazu
2026ko martxoaren 21a
08:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako Erriberan sartu da 24. Korrika. Tafalla eta Erriberri pasatu ditu, eta Tuterara iritsiko da 8:57an. Erribera zeharkatu ostean Iruñerrirantz joango da goizaldean.

* Norberak du bere korrika

* Nondik eta noiz igaroko da 24. Korrika?

10:00, BERRIAren kilometroa

Iritsi da 423. kilometroa, BERRIAren kilometroa, Tutera eta Cintruenigo artean. BERRIAko kazetariek eta langileek eraman dute lekukoa. Furgonetatik eskertu egin dute euskarazko egunkari nazionalaren lana. 

9:00, Tutera

Iritsi da 24. Korrikara Tutera. Hirian sartu bezain pronto, Alde Zaharreko Paloteauako kideek dantza egin dute, lekukoa eskuan zutela. «Erriberan euskara gara!», aldarrikatu dute korrika doazen berrehun lagun inguruk.

Hirigunera sartu direnean beste ehunka lagun batu dira. Olatua egin dute korrikalariek, eta kameran ez da ikusi non amaitu den. Korrika pasa den kaleak jendez gainezka daude.

Argia ikastolako, Beterriko eta Tuteran Jai Gazte elkarteko kideek hartu dute lekukoa, besteak beste. Zuzeneko seinalea moztu egin da, bertan dagoen jendetzagatik. Union Tutera futbol talde euskalduneko jokalariak, Tuterako gaiteroak eta Erriberako AEK-ko ikasleak eta irakasleak ere joan dira aurrean, hiriko auzo gehienak zeharkatuz. Konfetiekin eman diote ongi etorria euskaltegiko ikasleek Korrikari.

Alde zaharra igaro ostean, Tuterako Muga kultur taldeko kideek hartu dute lekukoa. Dantzariz jantzita daude, eta dantza egin dute Pello Reparazen 'Xiberutikan Mendebaldera' abestia entzutean. Kale luzeetan ere ez da ikusten non amaitzen den jendetza. Bostehun lagun inguru daude orain. Erriberako ELA sindikatukoek, LAB sindikatukoek eta Erriberako A ereduko irakasleek ere eraman dute lekukoa.

07:30, Arguedas

Nafarroako Erriberarantz joan da 24. Korrika goizaldean. Besteak beste, Olleta, Puiu, Tafalla, Erriberri, Kaparrotsu, Valtierra eta Arguedas igaro ditu. 

Puiun lehenengo aldiz pasatu da Korrika, eta herritarrek gogotsu eta hunkituta egin dute korri. Puiun euskaraz bizitzeko aldarria egin dute. Kaparrotsun ere dozenaka lagunek parte hartu dute, eta D ereduan ikasten duten familiek hartu dute lekukoa.

Orain Tuterarantz doa Korrika. 9:00etan iristea espero da. Bidean inguruko herrietako kideek hartu dute lekukoa: Fustiñanako gaiteroek, Cabanillaseko AEK-ko ikasleek... 50 lagun inguru daude Korrika, eta autoak furgonetaren atzetik doaz.

Euskaltzale gehiago elkartzen doaz Korrikan, eta Haize Hegoa kultur elkarteko kideak doaz aurretik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!