3.000 irakasle ordezkari laneratuko dituztela iragarri du Frantziako Hezkuntza ministroak

«Duela urte bat galdetutako programa bati esker» antolatuko dute irakasleen banaketa, atzo telebistan adierazi zuenez. Irakasle horiek «jadanik beren postuan ez izateaz» harritu da FSU irakaskuntza sindikatuko Ipar Euskal Herriko ordezkaritza.

Frantziako Hezkuntza ministroa, Parisen. YOAN VALAT / EFE
Frantziako Hezkuntza ministroa, Parisen. YOAN VALAT / EFE
Leire Casamajou Elkegarai
2026ko urriaren 9a
11:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Asteazkenean, Sebastien Lecornu Frantziako Lehen ministroak «urgentziazko plan» baten berri eman zuen lizeotarren kexak baretzeko: atzo gauean, Frantziako TF1 telebista katean, Edouard Geffray Hezkuntza ministroak 3.000 irakasle ordezkariren hedapena iragarri zuen «egoera zailenetan dauden lizeoetarako». Lizeotarren mugimenduak elkarrizketetan sartuak dira, baina ez du ematen neurria nahikoa izanen zaienik mobilizazioen gelditzeko. Dena den, «greba egun handira» deitu dute ikasleek eta sindikatuek heldu den astearterako, urriaren 13rako.

«Duela urte bat galdetutako programa bati esker» antolatuko dute irakasle ordezkarien banaketa, ministroak atzo zehaztu zuenez. «Lehen aldia da baliatuko dugula, eta, honi esker, biziki egoera problematikoan dauden ikastetxeak identifikatu ahal izan ditugu urte hasieran». Lortutako datuen arabera, erran du 114 lizeo egoera «gorrian» daudela Frantzian; egoera «laranjan», berriz, laurehun.

IAS ikasle antolakunde sozialistako Araitz Etxegarai Arakama ordezkariaren ustez, «ikasleak karrikara atera direlako bakarrik» egin dute iragarpena: «Egon baikara lehen lerroan, gure interes propioen defendatzen; argi ukan behar da». Hots, neurria iritsi bada, «ikasleak ikasi eta bizitzeko baldintza duinen alde borrokan ari direlako» iritsi dela. Halere, duda du zer heinetaraino plantan ezarriko duten hitzemandakoa, «biziki fite eta zehaztapenik gabe» eman baitute dispositiboaren berri.

Hain zuzen ere, iragarpena egin orduko, galdera bat nagusitu zen: nondik aterako dituzte 3.000 irakasle horiek? Barthelemy Mottay FSU irakaskuntza sindikatuko Ipar Euskal Herriko ordezkaria ere harritu da: «Non aurkituko dituzte irakasle horiek? Eta jadanik hor baldin badira, zergatik ez postuan? Erantzunak eman beharrean, galdera gehiago sortzen dituzte. Zer dira ikastetxeen 'larritasun egoera' zehazteko irizpideak? Zer baldintzatan banatuko dituzte irakasle horiek? Segur ere, denak ez dira larritasun egoeran dagoen ikastetxe batetik hurbil bizi».

Ministroaren bardako hitzaldia laburra izan zen, baina, esplikatu zuen 3.000 irakasleak postu batean oraino izendatuak izan ez diren irakasle ordezkari tituludunak direla datozen egunetan Frantziako ikastetxeetan banatuko dituztenak; ikasturte hasieran posturik gabe geratu zirenak, hain zuzen. Izan daiteke haien zona geografikoan beharrik ez zegoelako, edo irakasten duten ikasgairako postuak jadanik beteak zirelako. Orain, alta, ikasturte hasieratik hilabete eta erdira, postua aurkituko diete.

3.000 irakasleez gain, Geffray ministroak adierazi zuen «errektoreak orain arte onartu zaien baino irakasle gehiago hartzera baimenduko» dituztela, eta oren gehigarriak desblokeatuko dizkietela lizeoetako zuzendariei. Horrela, «epe laburreko ordezkapenak» egin ahal izanen dituzte dauden ikastetxeetan.

«Denbora irabazten»

Frantziako gobernuak erabilitako «iragarpen efektua» salatu du Mottayk. «Hori iragarri, eta aldi berean 2027ko 1.500 irakasle postuen kentzea mantendu...». Ez dio zentzurik atzematen, ez bada «denbora irabazteko ari direla», heldu den ostiraleko Omiasainduko oporrak arte. Izan ere, bakantzetan sartuko dira Frantziako eta Ipar Euskal Herriko ikasle guziak datorren ostiralean. Litekeena da mobilizazioek ordu arte irautea.

«Plataforma digital bat sortu dute, trukaketa momentuak antolatu dituzte; ez du funtzionatu». Erraterako, horretan aritu dira lizeoetan asteazkenetik, lehen ministroak kurtsoen etena iragarri ordutik. «Demokraziarako garaia» izan behar zuen, baina ikasleek «mobilizazioen deuseztatzeko ahalegina» salatu dute, lizeoetan kurtsorik ez bada blokeoaren funtsa bera ezeztatzen baita.

Hain zuzen ere, Etxegaraik erran du neurri horiek aipaturik ere «ez dela borroka gelditu behar». Kontrakoa iruditzen zaio, preseski: «Oraino argiago utzi du guhaurek segitu behar dugula gure interes propioen defenditzen». Eta borrokak luze iraun lezake: «ikasleek ez dute gogorik orain gelditzeko», baina, aldi berean, «Poliziaren presentziak eta indarkeriak itoak» dira, Etxegaraik salatu duenez. «Akidura sortzen ari da».

7.000

 

ZENBAT PERTSONA ATXILOTU DITUZTEN. Frantziako Barne Ministerioaren datuen arabera, 7.000 gazte inguru atxiki dituzte mobilizazioak abiatu direnetik, eta 215 ikasle zauritu dituzte gutienez: begia galdu du batek, eskua besteak, 14 urteko neska gazte bat zintzurretik harrapatu dute... Ipar Euskal Herrian, mobilizazioen hatsarretik 50 atxiloketa inguru izan dira.

Haatik, beste bi mobilizazio egun nagusi aurreikusiak dira heldu den asterako. Ikasleen eta langileen intersindikalek «greba egun handia» antolatu dute heldu den astearterako, hots, urriaren 13rako. Mobilizazio bateratua eginen dute orduan, asteartean egin duten bezala. Horrela, indarrak batzea espero dute, eta Frantziako zerbitzu publikoen gainbehera salatzea.

Erraterako, krisi ekonomiko nabarmenean da Frantzia: 2027rako, gobernuak 43.000 milioi euro aurreztea aurreikusten du; zerbitzu publikoei ere eraginen die ezinbestez. Aldi berean, bizi kostua gero eta jasangaitzagoa zaie frantsesei eta Ipar Euskal Herriko herritarrei. Egoeraren orokortasuna salatzeko, beraz, mobilizazio egun nazionala antolatua da urriaren 17rako, 2018ko jaka horien mugimenduaren ildotik.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA